Andre Maria Zuriaren plazan elkartu dira familia gasteiztarrak eguerdiko 12.00etan Edurne eta Zeledon txiki sokatik jaisten ikusteko. Aterki urdina eta gorria esku artean, plaza osoa saltoka jarri dute eguneko protagonistek, buruhandi eta erraldoiekin batera. «Bigarren jaitsiera» honekin egunean zehar haurrentzat izango diren ekintzei hasiera eman diete Edurne eta Zeledon txikik.
Gasteiztar guztiek buruan duten Zeledonen kantarekin eta erraldoien dantzaldiarekin gurutzatu dute plaza bi panpinek txalo eta oihu artean. Haurrak gurasoen sorbaldetan igota adi-adi zeuden, detailerik galdu gabe. Goizetik emozio handiko eguna da hiriko txikienentzat, abuztuaren 7. hau beren eguna baita eta, urte guztietan bezala, familiarekin batera alde batetik bestera ibiliko dira.
Iratxe Calvo eta Amets Busto dira aurtengo Edurne eta Zeledon txiki. Siberiarrak eta Nekazariak taldeetako kideak dira eta aurten «erantzukizun berezia» dute 11 eta 13 urteko gasteiztar hauek. Alaitasun handiz eta urduritasun puntu batekin plazara zuzendu dira txikienei gozatzeko deia egiteko.
«Gora Gasteiz! Gora Andra Mari Zuriaren jaiak! Gora Zeledon eta Edurne txiki!» oihuarekin eman diote hasiera haien hitzartzeari, plaza guztia animatuz. «Gure nagusiei blusek eta neskek etorkizun oparoa dutela erakusteko eguna da gaurkoa», adierazi du Bustok. Eguna «haiekin gozatzera» animatu dituzte txikienak.
Horrez gain, Edurne eta Zeledon txikik ez dituzte ahaztu nahi izan jaiez disfrutatu ezin duten haurrak. «Jai hauetan gurekin gozatu ezin dutenak, ezta urtean zehar ere, hurrengoan gurekin plaza honetan nahi ditugu», adierazi du Edurne txikik.
Salto, oihu eta kantu artean ere giro alaia sumatzen zen plazan. Asko buruhandien atzetik eta beste batzuk gora begira erraldoiak dantzan ikusteko. Familiek argazki bat ateratzeko unea hartu dute, egun berezi honen oroitzapena gordetzeko asmoz.
Blusa eta neska txikiek Edurne eta Zeledonen gonbidapena hartu eta saltoka dantzan hasi dira San Migueleko balkoian zeuden bi haurrekin. Emozio handiko eguna da gaurkoa haurrentzat, gurasoak eskutik hartu eta jantziekin eta abarkekin Gasteizko txoko guztietan zehar ibiltzeko eguna.
Txikienentzako egitaraua
Gaurko egunean, Gasteizko txoko ugarietan hauentzat bideratutako ekintza ugari antolatu dira egun osoan zehar. Goizean goiz, eguneko protagonistek, Zeledon eta Edurne txikik, lore eskaintza egin dute.
Arratsaldean erantzukizun berri bat dute biek; Blusa eta Nesken kalejira gidatzea, hain zuzen. Biek esperientzia luzea dute kalejiran, haien kuadrillekin txaranga artean jada Gasteizko erdigunea igaro baitute hainbat urtetan.
Egunean zehar gasteiztar gazteenek puzgarrietan, kirol jolasetan, Gargantuan, antzerkietan eta dantzaldietan aritzeko aukera izango dute. Gainerako egunetan ere jaiaz gozatzen jarraituko dute txikienek, egitarauan zehaztutako beste hamaika ekintzekin.