Gipuzkoako txirrindularitza denboraldiak aurrera jarraituko du. Hala baieztatu du Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak prentsa ohar baten bitartez. Pasa den astean ohartarazi zuen lasterketak antolatzeko zituzten «traba eta oztopoen» ondotik, sasoia bertan behera uztea erabaki zutela. Urte guztian eduki dituzte zailtasunak –udaberrian ere zenbait lasterketa bertan behera geratu ziren, ostean berrartu baziren ere– eta duela bi egun helarazitako oharrean «politikarien ezgaitasuna» salatu zuten Federaziotik.
Bada, «kirol arduradun eta politikariek egin beharreko lanak egin» ostean, «lortu da Gipuzkoako Ziklismoak eskatzen zuena», adierazi dute astelehen honetan. Eta hala, igandean Oiartzunen jokatu zen lasterketa ez da denboraldiko azkena izango. «Egutegia osatzeko gelditzen ziren lasterketetarako onespena jaso da», azaltzen dute oharrean eta beraz, «denboraldia normaltasunez bukatzeko egin beharrak egitera goaz». 14 lasterketa geratzen dira egutegia osatzeko.
— Elgoibarko Lagun Taldea (@elgoibarkolt) August 7, 2023
Egoera iraultzeko lana egin duten «guztiei» eskerrak helarazi nahi izan die Federaziotik, «bereziki norbere buruan pentsatu gabe, Gipuzkoako Txirrindularitzan pentsatu eta guztiona zen arazoari, denok bat eginda irtenbidea bilatzen saiatu zaretenoi». «Hain gizarte berekoia dugun honetan, txirrindularitzak batasuna erakutsi du, eredu ederra emanez», azpimarratu dute.
Aurtengo «egutegia» salbatu izanak, hala ere, ez du inola ere oinarrizko arazoa konpontzen, ez baita atzoko kontua Gipuzkoako Federakuntzaren kexua. Ikusi beharko da Gipuzkoako denboraldia salbatu ostean zein bide irekitzen diren etorkizun hurbilera begira.
Ekainaren amaiera aldera, Gasteizko Legebiltzarra adostasun batera iritsi zen oinarrizko txirrindularitza lasterketetan segurtasuna bermatzeko mahai bat osatzeko. EH Bilduren proposamen bati jarraituz iritsi da ekimena Legebiltzarrera eta EAJ eta PSErekin adostasun batera iritsi zen koalizio abertzalea.
Hala, datorren denboraldira begira, mahai bat eratzea adostu zuten Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko txirrindularitza federazioekin elkarlanean aritzeko eta adosteko zein diren klubek dituzten beharrak oinarrizko lasterketak antolatzeko orduan eta zein diren bermatu behar zaizkien baliabideak proba horiek segurtasunez egin ahal izateko.