Zesta-punta, edo Amerikako Estatu Batuetan Jai Alai bezala ezagutzen dena, modan dagoela ez dago dudarik. Gernikako Grand Slamak kirol honi gorakada nabarmena eman zion iaz Euskal Herrian. Hemendik kanpo ere asko jokatzen den kirola da eta Miami, besteak beste, da horren lekuko.
Hala, Jai Alai Mundu Liga (WJAL, ingelesezko siglekin) gorakada nabarmena izaten ari da. Orain arteko denboraldirik arrakastatsuena amaitu du duela gutxi; izan ere, marka hautsi du emankizun plataformen bidez ikusten zuten zaleen kopuruan.
Gainera, jende ospetsu ugari pasa dira Magic City Fronton deritzon pilotalekutik eta horietako pertsona ugarik harreman zuzena dute Jai Alairekin. Hala nola, Ray Lewis NFLko jojalari ohiak, Jorge Masvidal UFCko izar ohiak, Monica Puig 2016an urrezko domina olinpikoa lorturiko tenislariak edota Eugenie Bouchard 2014ko Wimbledoneko finalistak Jai Alain inbertitu dute azken urteetan.
Orain, azkena, duela gutxi erretiroa hartu duen Udonis Haslem NBAko jokalari ohia sartu da "negozioan". Munduko saskibaloi liga garrantzitsuenean 20 urtez lehiatu eta gero, zesta-puntako talde profesional bat erosi du eta Rebote Renegades-eko jabea bihurtu da.
New chapter means a new venture as a @JaiAlaiLeague team owner. Honored to be part of a sport with deep-rooted history here in my city and to me personally through memories of my dad. Excited to be doing it for Miami, for the players and for the fans around the world. #OG ⚓️ pic.twitter.com/45lbWij0Tq
— Udonis Haslem (@ThisIsUD) August 7, 2023
Haslem hiru aldiz izan zen NBAko txapeldun Miami Heat taldearekin eta errespetu handiko figura bihurtu zen Floridako hirian. «Emozionatuta nago Jai Alai Mundu Ligako bidai berri honekin», adierazi du Haslemek. «Jai Alaik oso sustrai sakonak ditu, bereziki hemen Miamin. Iraganean, aitak pilotalekuari buruzko istorioak kontatzen zizkidan, nola bertan zaleak biltzen ziren eta nolako partida sutsuak jokatzen ziren. Indar handia ikusten diot eta emozionaturik nago bertan parte hartzeagatik. Taldeko jabe bezala inbertitzerakoan, prest nago kirol hau garatzen laguntzeko, jokalariei laguntzeko eta mundu guztiko zaleei esperientzia ahaztezina eskaintzeko», gaineratu du Udonis Haslemek.
«Ohore bat da guretzat Udonisi Jai Alai Mundu Ligara ongietorria ematea», adierazi du Scott Savin WJAleko eragiketa zuzendariak. «Modu asko daude Miamin erretiroaz disfrutatzeko eta poz-pozik gaude Udonisek pilota kirol azkarrenean sartzeko aukeratu duelako. Bere lidertza maila handiak eta Miamiko kirol komunitatearekin duen harreman sendoak Ligan eta Jai Alai kirolean inpaktu positiboa izango dute», gaineratu du Savinek.
WJALen helburuetako bat da talde bakoitzak ongintzako erakundeei donazioa egitea, eta Rebote Renegadesena Udonis Haslem Fundaziorako izango da. Erakunde honek barruko hiriek jasaten dituzten arazo sozioekonomiko eta osasun mentalei heltzen die, ondoren bizitza hobetzeko balio dituzten zerbitzu eta aukerak handitu ahal izateko.
Taldeetako jabeek VIP sarrerak lortzen dituzte Magic City Fronton pilotalekuan partidak dauden egunetan, euren taldeko jokalarien aukeraketan parte hartzen dute denboraldi hasieran eta zesta-puntako munduko jokalari onenak zuzenean kudeatzeko aukera dute 13 aste irauten dituen sasoian.