Andra Mari Zuriaren jaietan emandako eraso matxistak eta LGTBI+fobo salatu dituzte Gasteizko Mugimendu Feministak, Blusa eta Nesken Komisioak eta Udalak, bakoitza bere aldetik, ostegun honetan, jaiak bukatu berri direlarik. Mugimendu Feministak jakinarazi du 11 eraso eman direla aurtengo jaietan; hain zuzen ere «1 erasotuaren etxean, 2 Alde Zaharrean, 6 txosnagunean, eta 2 atxiloketa gehiago».
«Beste behin ere jaien puntu beltza erasoak izan dira», adierazi du Maider Etxebarria alkateak, Udaletxean eginiko balantzean. Lehenengo erasoaren salaketa abuztuak 4ean izan zen, eta horren aurrean, «erantzun publikoaren protokoloa» martxan jarri zutela jakinarazi du.
Beren aldetik, Blusen eta Nesken Komisioak ere erasoak salatu ditu eta «autokritika egiteko beharra» azpimarratu nahi izan du.
Asteartean Gasteizko Mugimendu Feministak egun horretara arte izandako erasoak salatzeko elkarretaratzea deitu zuen Andra Mari Zuriaren plazan. Behin jaiak amaituta, sare sozialen bidez «irmoki» salatu dituzte jaietan emakume eta «sexu genero disidenteon» aurka eman diren erasoak.
Horretaz gain jaiegunetan ezarritako erasoen aurkako protokoloaren beharra azpimarratu du Mugimendu Feministak. «Antolakuntzak eta autodefentsa feministak babesten gaitu», aldarrikatu dute feministek.
«Eraso oro behin eta berriro salatuko dugu, emakumeen eskubideen urraketa bat baita», adierazi du Etxebarriak. Udalak adierazi du 5 eraso izan direla guztira, Mugimendu Feministak baino datu baxuagoa, alegia.
Jai «jendetsuak»
Horretaz gain, orokorrean jaien antolakuntzan parte hartu duten eragileek balorazio «positiboa» egin dute eta 5 egunetan zehar hiriburura bertaratu den «jendetza» azpimarratu dute. «Antolatutako ekintza guztietan jende ugarik parte hartu du», adierazi du Sonia Diaz de Corcuera Hezkuntza eta Kultur arloko zinegotzi arduradunak.
Beste behin ere, Zeledonen jaitsiera pertsona gehien bildu dituen ikuskizuna izan dela azaldu du alkateak, 60.000 pertsona bildu ziren plazan eta inguruetan, hain zuzen ere. «Gorkaren azken urtean, beti bezala perfektu egin du eta argi daukagu hurrengoari ez diola erraz jarri», adierazi du Diaz de Corcuerak, Ortiz de Urbinaren agurrari buruz.
Horretaz gain, Foru plazan izandako kontzertuak ere «oso jendetsuak» izan direla jakinarazi du zinegotziak, orotara 5 egunetan 53.000 pertsona plazara hurbildu direla jakinarazi baitu. Gainera, lehengo bi egunetan jende gehiago egon, jai guztietan zehar jende kopurua «mantendu» dela adierazi du.
Gainera, herritarren iritzia kontuan hartzeak izan duen «arrakasta» azpimarratu du alkateak. Herritarrek proposatu zituzten artisten kontzertuak «harrera oso ona» izan baitute. Ostalariak ere «oso pozik» daudela jakinarazi dute, gehien bat asteburuan zehar izandako «mugimenduarekin». Denbora oro jendea tabernetan aritu dela jakinarazi dute, goiz, arratsalde zein gauez.
Blusen eta Nesken Komisioak azkeneko eguneko joateko kalejira bertan behera utzi behar izan arren, «jai oso onak» izan direla adierazi dute kideek. Hiritarrek ekintza ororen aurrean izandako «jarrera partehartzailea» nabarmendu dute.