Badira hiri guztietan berebiziko garrantzia duten toki urbanoak. Batzuk sinbolikotik jaioak, eta beste asko historiaren kasualitatez ia, hainbat erabakiren bidez zorionez salbatuak. Donostian dugun nabarmenetakoa Sagueseko ‘muroa’ esaten dioguna da. Udan hartzen du ziurrenik protagonismo handiena, orain dela gutxi izan ditugu San Joan suak, eta bertan egin ohi dira Aste Nagusiko kontzertuak, adibidez, baina urtean zehar ere oso espazio erabilia da. Gros auzoan bizi edo lan egiten duten pertsona askorentzat, eguraldi ona egiten duenetan hiriaren eta itsasoaren arteko erlazioaz gozatzeko puntua da.
Sagues auzoak Eusebio Saguesengandik hartu zuen izena; aurreko mendeko 20ko hamarkadaren hasieran eraiki ziren etxebizitza gehienen sustatzailea izan zen bera, eta horiek emango zioten auzoari bere oinarri soziala. Horren aurretik, hiltegiaren ingurua edo Zemoria edo Cemoriya izenez ezagutzen zen, bertan zegoen baserriagatik. Orduko kosta-lerroari eta San Blas eta Zemoria kaleei jarraituz, garairako altuera handiko zenbait bloke eraiki ziren, orduko udal-ordenantzetan lehen mailakotzat jotzen zen profiletik hurbil, eta aurrealde horrek gaur egun Sagues izenez ezagutzen duguna osatuko zuen. 1922-1925 urteen artean zona nahiko degradatua zen, hiriak mespretxagarritzat dituen gizarte maila guztiak eta marjinetan sortzen diren aktibitateak, orokorrean, bazterretan azaldu ohi dira eta. Auzoa eraisteko asmo oso biziak izan ziren 1930eko hamarkadaz geroztik. Juan Machimbarrena, udal lanetako ingeniaria eta Gros-Kursaal-Ategorrieta zabalgunearen egilea, figura nagusi bat izan zen auzoa jaio zenetik «udal administrazioaren izen onerako lotsa arrazoi konstantetzat» jotzen zena eraisteko egon zen borondatea ulertzeko.
Auzoa ‘asimilatzeko’ hurrengo faseetan, eta jada XXI. mendean sartuta, proposatutako proiektuetan antzeman daiteke espazio publikoa konkistatzeko modu sotilagoak bilatu zirela. Sagueseko zabaldegia eraldatu edo konkistatzea proposatzen zuten proiektu eta intentzio ugari egon dira. Gaur egungo Plan Orokorrak berak ere agerian uzten du espazio publiko hori ezabatu eta hirugarren sektoreari (hotel edo antzekoren bat) zuzendutako leku bihurtzeko asmoak orain dela gutxi arte behintzat oso bizirik egon direla.
Zabaldegia konkistatzeaz aparte, espazioak ere izan ditu Monpas lurmuturreraino jarraitzeko saiakerak. 2005ean, Monpaseko pasabidearen proposamenean egitura oso arin bat eraikitzea proposatzen zen, itsasorantz altxatuz eta kostaldearen aurrealdeko pasealekuari jarraipena emanez. Arriskurik gabeko bide bat sortu nahi zuen, edonor sartzeko modukoa, natura distantzia batetik miresteko. Joan-etorriko ibilbidea zen eta, beraz, ez zuen lurralde eskalarik, pasealeku hutsean geratzen zen. Ziur asko, gainera, ez da zaila imajinatzea exekuzioan kontraesan larriak egon litezkeela. Beharbada, irismen kontu bat besterik ez zen kasu honetan, hiria, espazio urbanoa, Monpas puntaraino eramateko nahiak bultzatua. Arazoa, ordea, detektatzen zuen, bai; izan ere, argi dago zabalgunearen eta Monpaserako itsas lerroaren arteko gaur egungo erlazioa birpentsatzeko dagoela. Zentzuzkoena dirudi espazio urbanoa Saguesen bukatzen dela ulertzea, eta Monpas bideko itsas lerroko esku-hartzearen irismena aztarna txikiagoko zerbait izatea, sotilagoa, paisaian barneratuagoa… gaur egun dagoen hesia saltatuta ematen zaizkion erabilerak ulertu eta horiei erantzuna ematea lortuko duena.
ESPAZIO POLIBALENTEA
Sagues espazio publiko berezi bat bilakatu da Donostian. Erdigunetik urrun dago baina izaera oso hiritarra du; Gros auzotik gertu, eta hondartzaren puntetako batean dago, mendebaldera begira. Hori dela eta, ilunabarrean ikuskizun ederra eskaintzen duen leku pribilegiatua da. Zabaldegia funtsezko elementuetako bat da, donostiarrek libreki erabiltzen dutena, eta ohikoa da, jarduera ugariez gain (bizikleta, patinak, etab.), mota guztietako ekitaldiak hartzeko espazio gisa erabiltzea: hasieran aipatutako San Joan suak edo Sagueseko Kontzertuak Aste Nagusian, baita erakusketak eta aldi baterako jatetxeak muntatzea ere, garagardo azoka, esaterako; kirol- edo aisialdi-ekitaldiak eta haurrentzako ekitaldiak. Azken batean, hiriko biztanleei gizarte- eta kultura-adierazpenen ikuspegia ematen dien hiri-enklabe bat da.
‘Muroa’ da ohituraz askotan bertan geratzerakoan espazioari ematen zaion izena. Itsas aurreko zabalgunea definitzen duen harrizko horma eguraldi ona egiten duen egunetan eseri eta paisaiaz disfrutatzeko leku aproposa bihurtzen da. Bereziki udan, ehunka pertsona biltzen dira han, ogitarteko eta latekin, “muroa” hiri-elementu indartsu bihurtuz. Petrila atalase gisa uler daiteke, hiriaren eta itsasoaren arteko mugako espazio gisa alegia, hiriaren eta paisaiaren arteko jostura egiten baitu. Tarteko espazio horiek izan ohi dira aukera interesgarrienak eskaintzen dizkigutenak.
Argi dago Saguesek merezi duela urteetan zehar jasan duen arreta ezari erantzuna ematen dion esku-hartze bat. ‘Esku-hartze’ edo ‘proiektu’ hitzak aipatzen direnean, badirudi beti eraldaketa operazio handiak dakartzatela. Hori ekidin behar du, hain zuzen ere, zorionez hiriak mantendu duen espazio libre honek. Funtsezkoa da, horretarako, espazioak dituen bertuteak irakurtzea, horiek artikulatu eta indartzeko, mimo eta arreta handiz, Saguesek duen hiri-espazio ireki eta mugagabe izaera ukatzen duten logika gogor edo inposatzaileetatik aldenduz.