SPONSORED CONTENT

Donostiako Aste Nagusia, hiritar guztiei zuzendutako jaia

Abuztuaren 12tik 19ra ospatuko dituzte jaiak Gipuzkoako hiriburuan; 312 doako jarduera izango dira, horietatik 102 elbarritasunen bat dutenek gozatzeko modukoak. Emakumeen kirolari ere bultzada berezia eman nahi izan diote. Gainera, Donostiako Piratek jai herrikoiak antolatzen jarraitzen dute.

Kanoikadaren ondoren, gazteentzako Holi Festa izango da bulebarrean, aurten hirugarren aldiz.
Kanoikadaren ondoren, gazteentzako Holi Festa izango da bulebarrean, aurten hirugarren aldiz. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Bi elkartek abestuko dute aurten Donostiako Aste Nagusiari hasiera ofiziala emango dion "Artillero dale fuego" abestia: Aspacek (Burmuin paralisia duten pertsonen Gipuzkoako elkartea) eta Gipuzkoako Argazkilari Elkarteak. Abuztuaren 12an izango da kanoikada, 19:00etan, udaletxearen Alderdi Ederreko terrazan, eta han izango dira bi elkarteetako kideak, jendez lepo espero den gunearen aurrean.

Inoizko Aste Nagusi inklusiboena izatea espero dute udal arduradunek. Izan ere, antolatutako doako 312 jardueretatik 102 elbarritasun edo urritasunen bat duten pertsonek gozatzeko modukoak izango dira. Gainera, barraketan, musika kenduko dute abuztuaren 11, 16, 18 eta 21ean, 16:30etik 18:30era, autismoa dutenek ere lekuaz gozatu dezaten, zarataren beldurrik izan gabe. Jaiak hastearekin batera, musika elektroniko saioa izango da Urgull mendiko Santiago baterian, Dantzen eskutik.

Emakumeei protagonismoa emateko ahalegina egiten ere jarraituko du Donostia Festakek. Horrela, aurrez gizonenak ziren jarduera zenbaitetan, emakumeak ere lehiatuko dira: Uliako Harria, esku pilotako Master Cup txapelketa, Urumeako traineru estropadak...

Horretaz gain, euskal taldeek protagonismo berezia izaten jarraituko dute musika eszenatokietan; Saguesen, esaterako, En Tol Sarmiento (ETS), Huntza, Gari & Maldanbera, El Drogas edo Bulego taldeen zuzenekoez gozatzeko aukera izango da.

Jaietako jarduera klasikoak ez du hutsik egingo, noski, eta su artifizialak gauero izango dira, 22:45ean. Gaztetxoenentzat izango dira gustuko duten Holi Festa, kanoikadaren ostean; eta iaz lehen aldiz jarri eta arrakasta izandako uretako txirrista, Kursaal ondoan.

Bost gastronomia lehiaketa egongo dira. Horiek ere arrakastatsuak, izen emate epea ireki eta berehala ia bete baitziren lekuak. Gainera, Gipuzkoa plaza gastronomia gune berria izango da, sagardo postuarekin, Basatxerri produktuen konpainian, baita Euskal Herriko produktuen azoka ere.

Arratsaldero izango dira erraldoi eta buruhandiak eta abuztuaren 19an "Agur erraldoia" izango da, 20:00etan, Zuloaga plazan.

Konstituzio plazan, aldiz, Agur Asteari egingo du Union Artesanak, 20:00etatik 21:00etara.

Su artifizialak agurtzeko, azkenik, ohiko bihurtu den ikuskizun piromusikala izango da azken egunean, 22:45ean.

Donostiako piratak, portuan barrena, txupinazorako bidean. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Abordatzea baino gehiago

Jai herrikoi eta parte-hartzaileak antolatzen jarraitzen dute Donostiako Piratek, eta Zaporeak elkartea goraipatuko dute aurten, Grezian egindako lanagatik, eta, ondorioz, Matti pertsonaia ordezkatuko du: «Europara iristen diren errefuxiatuei janari duina eskaintzen dien irabazi asmorik gabeko elkartea; egun, Grezian dauden errefuxiatu esparruetan janaria prestatzen dute, harrapatuta dauden pertsona zaurgarrienen bizi baldintzak hobetzeko helburuarekin. Haientzat gure begirunea eta aitortza», azaldu zuten piratek aurkezpen prentsaurrekoan.

Egitarauri dagokionez, egunean zehar askotariko ekintzak izango dituzte Flamenka gunean (Portaleta ingurua) zein Donostiako beste zenbait txokotan: bertso saioak, kalejirak, kuadrillen arteko jolasak, playback lehiaketa, bizifesta, azoka, herri bazkariak… Haurrek ere hainbat egunetan haiei bereziki eskainitako ekintzak izango baitituzte: ur-jolasak, jockey tailerra eta abordatze txikia...

Ez da faltako, noski, mugimenduaren ikur bilakatu den Abordatzea, abuztuaren 14an. «Baltsak uretara bota eta edozer dugula posible aldarrikatuko dugu». Zalantzarik gabe, piraten jarduera jendetsu eta parte hartzaileena da, eta aurten ere arrakastatsua izatea aurreikusten dute.

Musika gune nagusia Flamenkako kontzertuak izango dira: «Urtero egin ohi dugun bezala, tokiko musikariei lehentasuna emanaz, programazio anitza, euskalduna eta feminista osatu dugu: Flamenka osoa dantzan ipiniko duen Iratzar erromeria; Mugan, Ibil Bedi, Olaia Intziarte, Nøgen, Herenegun, Sua edo Janus Lester musikarien ahots gazteak; Esne Beltza, Delirium Tremens edota Niña Coyote eta Chico Tornado talde beteranoen ikuskizunak; Kilimaren runba goxoa; edota Ezpalak, La Excavadora edota XSakararen doinu gogorragoak». Trinitate Plazan, berriz, iluntzeetan kultur proposamenak izango dituzte: besteak beste, Ginger, Rukula, Indabe, Bi Zaldi, Muare, Erroka, La Jodedera edo Alarma Morea.

Piraten Lantalde Feminista ere martxan dago: «Piratok garbi daukagu erasorik gabeko festa eta hiria nahi ditugula jaietan ere, eta horien aurrean erantzuteko prest gaude. Bide horretan, kai gunean erasoak salatzeko puntu morea jarriko dugu eta, bertan salaketa egiteaz gain, behar duenari Bulebarreko artatze gunera lagunduko diogu». Gainera, aurten, Udalarekin egindako elkarlanaren ondorioz, gune horren ordutegia zabalagoa izatea lortu dutela jakinarazi dute. Egunean 21 orduz egongo da zabalik, eguerdiko 13:00etatik goizeko 10:00ak arte. Hala ere, hirian zehar puntu gehiago jartzea nahi dute piratek. Gainera, abuztuaren 19an, 19:00etan, matxismoaren aurkako salaketa ekimena egingo dute, «erasoek jarraitzen duten bitartean, aurrean egongo garelako, eta hauei aurre egitea denon ardura delako».

Donostiako establezimendu laguntzaileak: Donostiako Udala, Antiguo autoeskola, Apal estudioa, Bikabi artekaritzaCasa Urola, Danena talleres mécanicos, Enbata jantzi&dekorazioa, Ganbara jatetxea, Sarasti edariak, Oiartzun gozotegia, Trikuharri jatetxea.

Deban umeen eguna ospatuko dute asteartean, hilak 15. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Deba ere jaietan

Gipuzkoako kostaldeko beste udalerri batean ere, Donostiatik kilometro batzutara, jaietan izango dira. Izan ere, Deban San Roke jaiak ospatuko dituzte, abuztuaren 14tik 18ra, aurreko urteetako eskema bera jarraituz, baina aldaketa batzuekin.

Kanpai errepika 18:00etan izango da, eta San Rokeri zapi gorria jarriz jaiei hasiera emango diete, behin txupinazoa botata. Jarraian, kalejira egingo dute, musika banda, txistulariak, Lizarrako gaiteroak, erraldoi eta buruhandiak lagun.

Haurren Egunean iritsiko da aldaketa nagusia. Izan ere, entzierroa gurditxo batzuekin egingo dute, kartoizko zezenekin, ohiko zezentxoak ordezkatuz. Edonola, egun handia, urtero legez, abuztuaren 16a izango da, orduan ospatzen baitute San Roke eguna. Danborrada, entzierro eta zezenketan, San Roke eta Jorrai dantza, berbenak eta jai giroa izango dira nagusi.

Hurrengo eguna ere, abuztuak 17, egun berezia da herrian, Marinel Eguna baita, eta hori ere kantuan, jolasean eta dantzan ospatuko dute. Azken egunean, jaiak bukatu direla adierazteko, berriro ere zapia kenduko diote San Rokeri.

Musika emanaldiak Plaza Zaharrean izango dira arratsaldeetan eta Zumardiko karpan, gauetan, honako taldeekin: Mugi Panderoa (astelehena 14), Beranduegi, Tatta eta Malakias DJak (asteartea 15), The Pushermen eta Mariachi Platino de México (asteazkena 16), eta Trikizio, Kristonak eta Biznaga (osteguna 17).

Debako establezimendu laguntzaileak: Aittola harategia eta Hotel Arbe.