2018ko urtarrilean sortu zen pentsiodunen mugimendua, eta zenbaezinak dira ordutik antolatu dituzten ekintzak, bereziki 1.800 euroko gutxieneko pentsioa bermatzeko eskatuz. Ekintza esanguratsuetako bat urtero-urtero Bilboko Aste Nagusian egiten duten manifestazio handia da. Aurtengoa seigarrena izango da.
Abuztuaren 21ean da hitzordua, astelehenarekin. 12.00etan abiatuko da martxa Plaza Eliptikotik, eta udaletxean amaituko da.
Manifestazioaren bukaeran, txosnetan pintxo-pote bat prezio eskuragarrian eskainiko duten konpartsekin elkartzeko asmoa dute.
Jakinarazi dutenez, estatu espainiarreko pentsiodunak ere batuko dira mobilizaziora.
Kolorez eta musikaz beteta
Pentsiodunena Bizkaiko hiriburuko Aste Nagusiko herri mobilizazioaren barnean egingo den beste ekimen bat izango dela azaldu dute antolatzaileek aurkezpenean. Pentsiodunen mugimenduaren aldarrikapenak erakusteko baliatuko dute aukera, batez ere 1.080 euroko gutxieneko ordainsaria eskatzeko, «oso garrantzitsua baita miseriazko pentsioak dituzten emakume askorentzat».
Manifestariak 1.080 euroko aldarrikapena erakusten duen petoa jantzita joango dira, eta, iragarri dutenez, kolorez eta musikaz betetako ekitaldia osatuko dute denen artean.