Galiziara joan eta Euskal Herrira itzuliko dira arraunlariak sailkapen nagusiko lehen bi sailkatuen arteko aldea berbera izanda: 6 puntukoa. Arraun Lagunakek salbatu egin du asteburua eta, pentsa, banderarik irabazi gabe, arraroa bada ere. Bai larunbatean Moañan eta baita gaur ere, liderrak bigarren izan dira. Atzo Orioren atzetik sailkatu ziren eta gaur, Donostiarra izan da azkarrena eta nagusitasuna erakutsi duena.
Donostiarrak hirugarren bandera lortu du Boiroko uretan. Eta nola gainera! Sailkapen nagusiko hirugarren sailkatuak berriro ere erakutsi du edozein momentutan irabazteko prest dagoela. Euskotren Liga irabaztea ia ezinezkoa badu ere, denboraldi honetan gertatutako ezustekoari aurre egin diote gipuzkoarrek –estropada bat jokatu gabe geratu ziren– eta oso maila ona ematen ari dira.
Gaur, Boiroko ur lasaietan, Nerea Perez patroiaren ontziak ez du aurkaririk izan. Ziabogan segundo bakarreko aldea zuen Arraun Lagunakekiko eta hiru Oriorekiko, eta bigarren luzean ez da ezustekorik izan. Donostiarra 0 kalera abiatu da, eta emozioa bigarren posturako lehian egon da. Arraun Lagunak eta Orio kale berean sartu dira, epaileek gertutik jarraitu dute maniobra eta, tentsio pixka bat nabarmendu bada ere, ez da legez kanpoko ezer gertatu eta Arraun Lagunakek asteburua bikain salbatu ahal izan du. Tolosaldeak, aldiz, laugarren postuari eutsi ahal izan dio.
Bi estropada bakarrik falta dira Euskotren Liga amaitzeko. Datorren asteburuan Zarautzek hartuko ditu azken bi probak eta azken bandera. Sei puntuko aldea defendatzen saiatuko dira donostiarrak.
1. txanda: Hibaikak itzuli egin dio kolpea Hondarribiari
Boiroko estropada Hibaikaren nagusitasunarekin hasi da. Errenteriako arraunlariak, Natalia Tubio patroiaren gidaritzapean, hasiera-hasieratik oso nagusi izan dira. Larunbatean, Moañan, Hondarribiak gauza bera egin zuen beraien aurretik, baina gaurkoan errenteriarrek kolpea itzuli diote.
Are gehiago, lehen ziabogan segundo batekoa zen bien arteko aldea, baina bigarren luzean aldeak handitu ditu Hibaikak, eta atzetik, Hondarribiak Caboren itzala sumatu du. Etxeko traineruak paper ona egin nahi zuen eta bikain aritu da "Ama Guadalupekoa" ontziari presioa eginda. Pentsa, berdeek hirugarren kalea hartu dute itzulerako luzean, Caboren kalea alegia, eta bere kalerantz itzuli behar izan du Miren Garmendia patroiaren traineruak galiziarrekin ez jotzeko. Hori bai, bigarren postuari eutsi ahal izan diote giouzkoarrek, Cabo hirugarren eta Tiran, oso atzean –ziabogan arraunak ia ihes egin dio eta kosta egin zaio biraketa egitea–, laugarren izanda.
Euskotren - IV Bandeira Rianxeira:
1. Donostiarra 10:24.08
2. Arraun Lagunak 10:27.32
3. Orio 10:31.16
4. Tolosaldea 10:36.94
5. Hibaika 10:51.64
6. Hondarribia 10:55.66
7. Cabo 10:58.36
8. Tiran 11:28.24
Sailkapen nagusia:
1. Arraun Lagunak 80 puntu
2. Orio 74
3. Donostiarra 65
4. Tolosaldea 60
5. Hondarribia 46
6. Hibaika 33
7. Cabo 23
8. Tiran 14