NAIZ

Sanpedrotarrak KAE 1 ligako sailkapen nagusia erabat estutu du Castron gailenduta

«Libia» traineruak garaipen ederra erdietsi du LI. Castroko Hiria Banderan eta sailkapen nagusiko lider Lapurdirengandik bi puntura jarri da, bi estropaden faltan. Castrok, bestalde, maila galduko du eta Deusto edo Busturialdeak jokatuko du jaitsiera fasea.

San Pedroko arraunlariak garaipena ospatzen, Castron.
San Pedroko arraunlariak garaipena ospatzen, Castron. (@SANPEDROTARRAAE)

Bizi bizi dago KAE1 liga denboraldi erregularra bukatzeko bi estropaden faltan. Sanpedrotarrak jarri ditu gatza eta piperra sailkapenaren goialdean, azken bi banderak irabazita Lapurdi liderrarengandik bi puntura jarri baita. Castron lehiatu dira astearte honetan eta ehuneneko gutxi batzuengatik bada ere, Joseba Fernandezek entrenatutako traineruaren aurretik bukatu du ‘Libiak’, urrezko garaipena erdietsita.

Liga nork irabaziko azken unean erabakiko dela dirudien arren, gero eta argiago geratu zen biek ala biek jokatuko dutela goi-mailara igotzeko play-offa, Arkote, hirugarren sailkatua bost puntura baitago. Plentziako ontziak, hain zuzen ere, zoragarri hasi du Castroko estropada, ohorezko txandan azkarrena izanda, arerioei traineru bat baino gehiagoko distantzia aterata.

Bigarren luzerako, Lapurdik aldeak murriztu ditu –segundo bakarrarera jarri da– eta bigarren ziaboga hartu bezain laster, estropadaren buruan jarri ez ezik, tartea zabaltzen ere hasi da. Hala eta guztiz ere, Sanpedrotarrak indarrak ondo gordeta zituen azken luzerako eta emozio handiko lehia eskaini dute lapurditarrek zein pasaitarrek. Azkenean, “Libia” ontziarentzat izan da garaipen preziatua.

Jaitsierari dagokionez, Castro zuzenean jaitsiko da KAE2 ligara eta jaitsiera fase jokatu duen trainerua Busturialdea eta Deustoren artean erabakiko da.

San Pedroren bosgarren bandera

LI. Castroko Hiria Bandera astindu du Asier Carballedak entrenatutako eskifaiak, denboraldiko bosgarrena. Azken biak jarraian irabazi ditu eta Lapurdiren nagusitasuna –nahiz eta igo berria izan, sendo aritu da– zalantzan jartzen hasi da.

Denboraldi hasiera ere oso paretsua izan zen. ‘Libiak’, baina, Zumaian galdu zuen denbora eta puntuak eta Lapurdik olatua bete-betean harrapatu zuen. Ordutik, Joseba Fernandezenek hiru bandera astindu zituzten eta hutsak minimizatzen jakin badute ere –garaipenik lortu ez duenean, arerio zuzenekin parez pare aritu da–, San Pedrok, poliki-poliki, amore eman gabe tartea jan dio, ez guztiz, bi puntuko aldea baitauka Larrun Kosta Arraunketa Klubak.

Balizko berdinketa batean –San Pedro Lapurdiren aurretik geratuko balitz Zarautzen eta Bilbon–, “Libiak” bere alde dauka Lapurdik baino bandera bat gehiago eskuratu duela.

KAE 1 - LI. Castroko Hiria Bandera

1. Sanpedrotarra 21:18.96
2. Lapurdi 21:19.44
3. Arkote 21:33.80
4. Zumaiako 21:42.77
5. Camargo 21:47.18
6. Zarautz 21:48.06
7. Pedreña 21:48.62
8. San Juan 21:49.10
9. Busturialdea 21:55.35
10. Deusto 21:57.02
11. Hondarribia B 22:20.50
12. Castro 22:59.73

KAE 1 - Sailkapen nagusia

1. Lapurdi 129 puntu
2. Sanpedrotarra 127 puntu
3. Arkote 122 puntu
4. San Juan 109 puntu
5. Zumaiako 90 puntu
6. Camargo 83 puntu
7. Zarautz 81 puntu
8. Pedreña 61 puntu
9. Hondarribia 49 puntu
10. Deusto 38 puntu
11. Busturialdea 34 puntu
12. Castro 13 puntu