Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes
Interview
Julen del Rio
Puntista

«Nire joko oldarkorra aldatu egin dut eta gauzak ondo joan dira»

Gernikako Grand Slama irabazi du Julen del Riok (Gasteiz, 1996), Erkiagarekin bikotea osatuta. Haren esanetan, «udako Grand Slamik garrantzitsuena da», Gernikak duen sona handiarengatik. Uda mugitua izaten ari da beretzat, Mexikoko txapelketa irabazi ondotik ia astero lau partida jokatzen baitabil.

Julen del Rio, Gernikako Grand Slamean.
Julen del Rio, Gernikako Grand Slamean. (ERAMAN JAI ALAI)

Asteburu eta aste hasiera oparoa izan da Julen del Riorentzat. Larunbatean Gernikako Grand Slama irabazi eta astelehenean, Biarritzen, hil ala biziko partidan garaipena eskuratuta, hirugarren postura igo da Ipar Euskal Herriko txapelketako rankingean, Slama jokatzeko urrats handi bat emanda. NAIZekin solastatu da gasteiztarra, partidaz betetako uda honen balorazioa egin eta zesta-puntak Euskal Herrian bizi duen egoera aztertzeko.

Gernikako Grand Slama irabazi berri duzu, Erkiagarekin batera. Nolako zaporea dauka garaipen honek?

Poztasun handia. Udako Grand Slam garrantzitsuena da nire ustez, Hego Euskal Herriko frontoi nagusiena da Gernikako Jai Alai. Lehendabiziko partidan estreinakoz aritzen ginen bikote bezala Erkiaga eta biok, eta galdu egin genuen. Ez genuen izan komunikazio ona, ez genuen elkar ongi ulertu. Partida asko geneukan bizkarrean, eta ni neu energiaz baxu iritsi nintzen. Baina atzetik aurrera egin genuen. Partida zail bat irabazi genuen ondoren; Ipar Euskal Herrian ere bikote bezala aritu ginen eta uste dut finalerdi eta finala ia perfektu jokatu genituela. Nik nire rola banekien zein zen; artista bera da, bera da gaur egun aurrelari onena eta berak markatzen du erritmoa. Atzelari gisa, nire joko oldarkorra –eskumaz asko jokatzea– aldatu egin dut eta gauzak ondo joan dira. Defentsa gehiago, buruarekin jokatu eta finalerdia eta finala oso ondo joan ziren.

Nolakoa da Erkiaga bezalako artista batekin jokatzea?

Harmailatik ikusita, agian pertsona hotza dela dirudi, oso lasai jokatzen baitu. Baina nirekin oso ongi portatu da, asko ikasi dut berarekin jokatzen eta komunikazio ona izan dugu. Hasieran uste dut, baita ere, presio pixka bat banuela. Askotan gustatzen zait presiorik gabe jokatzea, faboritoa ez izatea.

Baina Erkiagarekin bikotea osatuta, zaila da faborito ez izatea...

Bai, hori da. Nire buruari jarri nion presio hori. Hasieran ez zen puntu ona izan. Gero jada lasaiago aritu nintzen, eta asko disfrutatu dut.

Zabalaren azken orduko lesioak apur bat baldintzatu al zuen finala?

Nik uste dut txarrerako. Lekerikak esperientzia gehiago dauka, pilotari seguruagoa da. Hemendik besarkada handi bat Zabalari; lagun ona da, pertsona oso ona da. Bere lesioaren berri jakin genuen finalaren aurreko gauean eta taktika aldatu genuen.

Oro har, nolakoa izaten ari da uda hau? Izan ere, partidaz oso beteta dago.

Hasiera batean nik ez nuen Ipar Euskal Herriko frontoietan jokatu behar. Azken unean Etchetok min hartu zuen. Udan lesio asko egon da... Mexikon eta Hegoaldeko frontoietan jokatzea zen nire aurreikuspena; beraz, udak lasaia izan behar zuen, kakotxen artean, baina azken unean Ipar Euskal Herriko zirkuituan sartu ninduten. Mexikon oso ongi joan zen dena, irabazi egin nuen; eta handik bueltan ia astero lau partida jokatzen nabil. Niretzat berria da hau dena. Hasieran zaila egin zitzaidan, partida guztiak bai mentalki eta bai fisikoki kudeatzea zaila izan zen, ez nuen esperientziarik. Uste dut horrek eragina izan zuela eta asko ikasi dudala aste hauetan. Bai, ikasi dut hobeto kudeatzen eta nire jokoa aldatzen.

Eta fisikoki eta mentalki nola zaude orain?

Oso gustura nago. Finala irabazita, askoz hobeto (barrezka). Partida gehienak oso estuak izan dira, eta maila horretan egoteak eta erritmo horretan egoteak asko pozten nau. Helburua da nire jokoa erakustea, eta pixkanaka etorriko dira garaipen gehiago.

Onenekin lehian ari zara. Mexikon debuta egin zenueneko elkarrizketa batean esaten zenuen helburuetako bat inoiz Imanol Lopezekin parez pare jokatzea zela. Hori lortutzat ematen duzu?

Ez, hori ezinezkoa da. Gaur egungo eta azken hamarkadetako atzelari onena da; oraindik urrats bat aurrerago dago, betiko erreferentea izan da. Parez pare aritzea ezinezkotzat ematen dut. Baina nire maila onena lortzea beti izango da helburua. Nik badakit gauza asko ditudala hobetzeko; hori gauza positiboa da: nire sabaia gero eta gorago kokatzea eta hobetzeko xedea beti buruan izatea.

«[Imanol Lopez] Gaur egungo eta azken hamarkadetako atzelari onena da. Oraindik urrats bat aurrerago dago, eta betiko erreferentea izan da. Parez pare aritzea ezinezkotzat ematen dut»

Azkenaldian zesta-punta indartsu dago Euskal Herrian. Aspaldiko udarik oparoena izaten ari da?

Une polit batean gaude. Lan hau duela sei bat urte hasi zuten Gernikan. Formatua aldatzen, zesta-punta familiarragoa, show puntu bat ere sartzen. Garrantzitsuena da hau ez izatea moda bat. Lan hau aprobetxatu eta mantendu edo hobetu behar da. Niri asko gustatzen zait jendea harmailetan ikustea, ikustea jendea pixkanaka-pixkanaka, ez bakarrik Gernikan, beste pilotalekuetara ere hurbiltzen ari dela.

Gainera, asko dira lehen aldiz bertatik bertara zesta-punta ikustera joaten direnak. Gustatuko zaizue hauen harridura ere ikustea, ezta?

Bai, bai. Igartzen da jende berria zein den eta zein ez den (barrezka). Markinako jendeak, esaterako, asko daki pilotaz, baina beste frontoi batzuetan jendea orain hasi da joatean eta pilotaren abiadurarekin harrituta geratzen da. Kirol hau aurrez aurre ikusita asko aldatzen da eta polita da.

Jai Alai League sortu da, bai eta Eraman Jai Alai enpresa ere, zazpi puntistei profesional izateko aukera emanda. Oinarri sendoak dira hauek?

Bai, hori da gakoa. Gu pilotari moduan profesional sentitzea. Eraman enpresa egiten ari dena da lan talde oso polita sortzea eta gero eta mugimendu gehiago eragitea. Beraien helburua da apurka-apurka hazten joatea eta gauzak hobeto egitea. Hori da gakoa, ez konformatzea honekin. Bestalde, Hegoaldeko eta Iparraldeko pilotalekuak bateratzea oso garrantzitsua da. Bakoitza bere aldetik ibili izan da, eta hori batzea eta ranking bat sortzea publikoarentzat zein pilotarientzat interesgarria da.

Mexikon egin zenuen debuta, 2017an. Ordutik nola aldatu da zesta-puntaren panorama Euskal Herrian?

Urte horietan hasi zen Gernikako mugimendua. Euskal Herrian lan egiten ari zen frontoi erreferentziala zen. Beste pilotalekuetan bazegoen jendea, baina ez hainbeste. Gernikatik egin den lanari esker, gorakada oso handia eman du. Haiek enpresa moduan lan handia egin dute, eta orain arrakasta ikusten ari gara.

Belaunaldi berrien maila nola ikusten duzu? Adibidez, Manzi, Aaron, Atain II.a... Oraindik profesionalak ez direnak baina zuekin partida batzuk jokatzen ari diren horiek.

Helburua izan behar du pilotari hauek handienekin jokatzea. Ni duela sei urte haien egoera berean nengoen. Aukerak daudenean aprobetxatu egin behar dira. Maila honetan aldatzen dena da beste erritmo bat duela. Aaron gasteiztarra da eta lagun mina daukat. Gaitasuna dute guztiek, baina kontua da handienekin jokatzea, eta hori da enpresa saiatzen ari den gauza bat. Ez da erraza, ez baitaude ekitaldi asko urtean zehar; eta uste dut oraindik ere frontoira doan jendeak beti ikusi nahi dituela Lopez, Goiko eta Aritz [Erkiaga]. Ekitaldi gehiago egiten badira, liga bat egiten bada, lagunarteko gehiago... Ez dakit zein izan litekeen formula, baina kontua da gure artean guztiok jokatzea; eta bost urte igarotzen direnean, hauek izan behar dute hurrengo pilotariak, baita neu ere.

Entrenatzailea ere bazara. Nola dago harrobia?

Oso pozik nago Gasteizen entrenatzaile modura. Ikasturte honetan zortzi pilotari berri etorriko dira. Daudenak oso gustura daude. Badaude 38 inguru. Futbola, saskibaloia eta beste hainbat kirol dauzkate aukeratzeko, eta Gasteizen zaila da zesta-punta moduko kirol batean murgiltzea. Baina gure lanak hori izan behar du, txikiek zesta-punta ikustea, ezagutzea. Eta gustura badaude, ba, gure maitasuna eta pasioa helaraztea.