Nerea Lauzirika
Bilbo
Interview
Aiora Renteria eta Izaskun Pinedo
Bilboko Aste Nagusiko pregoilaria eta txupinera

«Ondo dago nork bere desfasea egitea, baina albokoa errespetatuz»

Ordu gutxi falta dira Aiora Renteria pregoilariak eta Izaskun Pinedo txupinerak Arriagako balkoira irten eta, Marijaiarekin batera, Bilboko Aste Nagusiari hasiera eman diezaioten. Urduritasunak alde batera utzi ezinda, baina gogotsu daude jaiak has daitezen.

Izaskun Pinedo eta Aiora Renteria, Pinpilinpauxa Konpartsan.
Izaskun Pinedo eta Aiora Renteria, Pinpilinpauxa Konpartsan. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Bilboko Aste Nagusiko pregoilari izango da aurten Aiora Renteria Zea Mayseko abeslaria, eta Pinpilinpauxa Konpartsako Izaskun Pinedo izango du alboan, txupinera lanetan.

Biek ala biek bizitzan behin izaten den aukera horietariko bati helduko diote datozen orduetan.

Zertan desberdintzen dira gaur egungo Aste Nagusia eta duela 20-30 urtekoa?

Aiora Renteria: Giroak, musikak eta gustuak aldatzen dira. Baina, funtsean, berdin jarraitzen du. Boluntarioek Konpartsen bidez sortzen dute, eta hori mantentzen da.

Izaskun Pinedo: Konpartsetatik saiatzen gara garai berrietara moldatzen. Bestalde, Konpartsa batzuk desagertu eta berriak sortu dira, eta iraun dugunok egokitu egin gara. Hala nola, lehen, gaueko giroan gehiago zentratzen ginen; orain, egun osoan zehar ekintzak antolatzen ditugu.

Nola bizi duzue Aste Nagusia?

A.R: Gehienbat gauez bizi izan dut, ez naizelako inoiz konpartsakide izan. Jaiak oso gutxi ikusi izan ditut egunez, txosna batetik bestera kontzertuak ikusten ematen dut astea.

I.P:Konpartsa barrutik, eta saiatzen naiz antolatzen diren ekintzetan ere parte hartzen. Zaila da ekintza denetara heltzea, gauean txanda egin behar izan baduzu, goizean KO zaudelako. Gainera, ama naizenetik gauza gehiago egiten ditut egunean zehar, eta gutxiago gauean.

Aurtengoa desberdina izango da, nola imajinatzen duzue?

A.R: Ni flipatuta eta oso urduri nago. Badakit batetik bestera eramango gaituztela eta ondo egongo garela. Lehen egunak, bai, sekulako beldurra ematen dit. Pregoiak kezkatzen nau, ea jendea nola egongo den, ea ulertuko zaidan esan nahi dudana... Baina, esperientzia itzela izango dela uste dut Bilboko jaiak inoiz ez bezala bizitzea.

I.P: Badakit pregoia prestatzearekin alderatuta, txupinazoa botatzea ez dela horren zaila, baina, hala ere, urduri nago. Batez ere, txosnen irekieraren momentuak nauka kezkatuta, kanpotik ikusita daukadalako. Marijaia erreko den unea ere hunkigarria izango da.

Ardura sentitzen al duzue?

A.R: Ardura-ardura ere... Azken batean, «postu serioak» dira, jendeak errespetatzen dituenak, eta ondo egingo dugu. Pribilegio bezala ikusten dut.

I.P: Ardura partekatua da, udalak badauka berea, baita Konpartsek ere. Haiek dira lanean ari direnak, gu ikonoak gara.

Bilboko Aste Nagusiko zein ekintza duzue gogokoen?

A.R: Kontzertuak ez ditut galtzen. Azken urteetan ezin izan dut txupinazoan egon, eta hori ere gustatzen zait; hori bai, txupinazo garbia. Suak behin ikusten ditut, oso politak iruditzen zaizkit. Lehen urtero-urtero egiten nuena zen gaupasa eta gero Bilbon bukatu, baina aspaldiko kontuak dira horiek.

I.P: Kontzertuez eta txosnetan ibiltzeaz gain, asko gustatzen zaizkit erraldoiak. Buruhandiak ez, baina erraldoiak ikustera beti joaten naiz. Urteek aurrera egin ahala nire gustuak aldatzen joan dira, eta umearekin berarenetara ere egokitu behar izan dut, baina erraldoiena mantendu den zerbait da.

Orduak baino ez dira falta txupinazorako. Zein mezu helarazi nahi diezue Aste Nagusira etorriko direnei?

A.R: Jendea ondo pasatzera etor dadila, inor ez dadila etxean geratu beldurrez edo dena delakoagatik. Ondo dago bakoitzak bere desfasea egitea, baina albokoa errespetatuz. Jaiek denontzako izan behar dute, ez batzuek ondo pasatu eta beste batzuek sufritzeko.

I.P: Jende pila bat etorriko da, gainera turista pila bat daude. Nik ere, errespetua eskatuko nuke. Jaiak dira eta denontzako tokia egon behar da.