NAIZ

Lanean den euskal populazioaren ia laurdenak 55 urte baino gehiago ditu

55 urte baino gehiago duten pertsonek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako populazio aktiboaren %23,1a osatzen dute, eta Nafarroakoaren %20,4a. Lanean dauden edo lana bila dauden adin honetako pertsonen ehunekoa nabarmenki igo da azken bi hamarkadetan, Adecco Fundazioak burututako txostenaren arabera.

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako populazio aktiboaren ia laurdena 55 urte baino gehiagoko pertsonek osatzen dute.
Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako populazio aktiboaren ia laurdena 55 urte baino gehiagoko pertsonek osatzen dute. (Aritz Loiola | Foku)

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako populazio aktiboaren ia laurdena 55 urte baino gehiago duten pertsonek osatzen dute, aurreko hamarkadetan baino ehuneko «nabarmenki» altuagoa. Adecco Fundazioak argitaratutako txostenaren arabera, Bizkaiko populazio aktiboaren %23,7 osatzen dute «seniorrek», %22,6a Arabaren kasuan, %22,2a Gipuzkoan eta %20,4a Nafarroan.

Orotara 55 urte baino gehiago dituzten 309.100 pertsona lanean daude Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan. Bizkaia da adin tarte honetako populazio aktibo altuena duen lurralde historikoa, %23,7arekin.

Azken hamarkadan %60 inguru igo da 55 urte baino gehiagoko populazio aktiboa. Fundazioaren arabera, arrazoi nagusia izan da «baby boom» belaunaldiko pertsonek 55 urte baino gehiago dituztela gaur egun. Belaunaldi honetan inoiz baino ume gehiago jaio ziren, eta gaur egungo populazio aktiboaren ehunekoak «tendentzia horren adierazle» direla agerian utzi du txostenak.

Fundazioak azaldu du, datu hauek mahai gainean jarrita, jaiotzek behera egiten duten bitartean, bizi esperantza gora egin duela eta horrek populazioaren zahartzea ekarri duela. Joera honek eragin zuzena du lan esparruan, adin altuagoa duten pertsonek betetzen baitituzte lehen baino lanpostu gehiago.

Ildo beretik, Adeccok ohartarazi du «negu demografiko» bat ematen ari dela gizartean; hau da, momentuan ez daude hainbeste pertsona gazte gaur egun lan egiten duten pertsonen lanpostuak beteko dituztenak. «Eskura dagoen lan-indarra murrizten da, eta horrek, gainera, presio handiagoa eragiten dio Gizarte Segurantzaren sistemari», azaldu du Fundazioak.

«Premiazkoa da senior talentua lehiakortasunaren eragile gisa indartzea, lan-merkatutik 55 urtetik gorakoak baztertzen dituzten aurreiritzi negatiboak behin betiko baztertzeko», adierazi du Francisco Mesonerok, Adeccoko lehendakariak. Mesoneroren iritziz hori da belaunaldi-erreleborik ezari aurre egiteko bidea.