NAIZ

Kaikuren mendeurrenarekin kointzidituko du Kontxako Banderaren 128. edizioak

Kontxako Bandera irailaren 3an eta 10ean lehiatuko da. Aurretik, bi sailkapen estropada jokatuko dira, gizonezkoetan abuztuaren 30ean eta gizonezkoena, 31n. Kaikuren mendeurrenarekin kointziditzen du aurtengo edizioak; sei aldiz astindu dute sestaotarrek Kontxako bandera.

Kontxako Banderaren aurkezpena; erdian, Nekane Arzallus, Donostiako Udaleko alkateordea
Kontxako Banderaren aurkezpena; erdian, Nekane Arzallus, Donostiako Udaleko alkateordea (DONOSTIAKO UDALA)

Kontxako Bandera da ezbairik gabe arraunlariak eta arraun zaleak grinaz espero duten ekitaldi garrantzitsuetako bat. Ligako denboraldiari garrantziarik kendu gabe, Donostiako badian lehiatzen den estropadak badauka xarma eta sona berezia. Iaz, Urdaibai eta Orio nagusitu ziren.

Bada, aurtengoa 128. edizioa izango da eta irailaren 3an eta 10ean lehiatuko da, bi igandez. Aurretik, bi zita horietan, Kaiarribaz gain, egongo diren 14 ontzien sailkapen estropadak jokatuko dira. Emakumezkoetan, zazpi azkarrenak nor izango erabakiko da abuztuaren 30ean, 18.00etatik aurrera. Gizonezkoen sailkapen estropada egun bat beranduago egingo da, hilaren 31n, ordu berean.

Emakumezkoen kasuan, aurten ere, 19 traineru lehiatuko dira hilaren 30ean, iraileko bi asteburuetan lehiatuko diren 7 postuetarako txartelak jokoan izango direla. Bi taldetan banatuko dira eta minuturo irtengo dira eta estropada eremuaren 1,5 milia nautikoak egin beharko dituzte erlojuaren kontra.

Gizonezkoetan, aurten iaz baino traineru bat gutxiagok neurtuko dituzte indarrak, azkenean Mutrikuko ontziak ez baitu lehiatuko sailkapen estropada. Hala, 23 talde ariko dira, bi taldetan banatuta eta minuturo aterako dira, estropada eremuaren 3 milia nautikoetan erlojupekoaren aurka lehiatzeko.

Berdintasunarekiko konpromisoari eutsiz, sarietara bideratutako zenbatekoa berdina izango da emakumezkoen eta gizonezkoen modalitateetan. Guztira 85.500 eurokoa izango da bi modalitateetan, eta 25.000 euroko sari ekonomikoa eta bandera emango zaie lehenengo postuan sailkatutako tripulazioei. Arraunlari irabazleek banderaren erreplika txiki bana jasoko dute beraien partehartze oroigarri bezala.

Azken urte hauetan egin duen bezala, EAEko Kirol Portuak Kontxako Bandera babestuko du bere bi modalitateetan, emakumezkoetan eta gizonezkoetan. Irabazle suertatzen den tripulazio bakoitzari garaikur bana emango dio 2023ko Bandera banatzen den bitartean.

Halaber, zortzigarren aldiz jarraian, ADEGIk Adegi Empresa Kultura Berria Saria emango du; 5.500€ (iaz baino %10 gehiago) eta trofeoa (traineru baten erreprodukzioa) emango dizkie azken bi estropadetan, emakumezkoen zein gizonezkoen modalitatean, denbora osoaren zenbaketarik onena lortzen duen traineru gipuzkoarrari.

Kaikuren mendeurrena

Kaiku Arraun Elkartea 1923 sortu zen, eta bere mendeurrenean ere Kontxako Banderan parte hartzeko izena eman du. Kaikuk 1932.urtean parte hartu zuen lehen aldiz Kontxako Banderan, eta bosgarren postua lortu zuen.

Bere historian zehar irailaren bi igandeetan arraun egiteko txartela 30 aldiz lortu du, eta 6 bandera irabazi ditu.

Sarrerak

Pasealeku Berritik, Urgulletik, Kaitik eta Alderdi Ederretik estropadak ikusteko sarrera ordaindu beharko da. Sarrera orokorrak 4,5 euroko balioa izango du eta 12 urtetik beherakoak doan sartu ahal izango dira. Langabetu, pentsiodun eta 30 urte azpikoentzako 2,20 euroko prezioa izango du sarrera orokorra.

Tribunan ikusi ahal izateko, 9 euroren truke egongo dira sarrera eta 6 urtetik beherakoentzat doan izango da.

Sarrerak estropaden egun berean hartu ahal izango dira sarrera puntuetan egongo diren leihatiletan 9:30etatik aurrera, eta aurretik, abuztuaren 25etik aurrera, www.donostiakultura.eus/sarrerak helbidean.

Abuztuaren 30ean eta 31n bakarrik sarrera erosi beharko dute estropada tribunatik ikusi nahi duten zaleek. Sarrerak aipatutako webgunean, Victoria Eugenia Antzokiaren leihatilan eta tribunaren ondoan jarriko den leihatilan salgai egongo dira.

Kartela

Aurtengo edizioko kartelaren egilea Leire Aramburu de la Cal artista da eta kartelaren izenburua ‘Itxas urdin, zeru argi’ da. Collage, argazki eta marrazketa digitalarekin estropaden energia eta edertasuna islatzen du.