«Arraun Ondarru», arrauna odolean daraman herri baten taupada

«Arraun Ondarru, ogibidetik kirolera» izena du Ondarroako Arraun Elkarteak bere 50. urteurrena ospatzeko abian jarri duen proiektuak. Elkarteak bete duen mende erdiaz gain, herriak historikoki arraunarekin eta itsasoarekin izan duen lotura nabarmendu nahi dute.

Ondarroako zaletuak gizonezkoen trainerua txalotzen, iaz, etxeko estropadan.
Ondarroako zaletuak gizonezkoen trainerua txalotzen, iaz, etxeko estropadan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Ondarroako Arraun Elkarteak 50 urte bete ditu aurten, eta urteurren biribil hori behar bezala ospatzeko, “Arraun Ondarru, ogibidetik kirolera” proiektua ipini zuten martxan iazko udazkenean. Helburua arraunak Ondarroan izan duen garrantzia nabarmentzea eta ezagutaraztea da, eta horretarako, erakusketa eta dokumental bat prestatzen ari dira.

Ekimen horri buruz, eta orokorrean Ondarroan arraunak izan duen pisuaz, hitz egin dugu Koldo Azpiazu arraun elkarteko presidentearekin eta Agustin Etxeberria presidente ohiarekin. Beste hainbat arraunzalerekin batera, buru-belarri dabiltza proiektuari forma eman nahian.

«Guk ikusten genuen elkarteak 50 urte betetzen zituenez, zerbait egin beharra geneukala, baina ez genuen nahi 50 urte horietan soilik geratu. Apur bat atzera egin nahi genuen, edo apur bat baino gehiago. Izan ere, Ondarroan arraunaren historia ez da 1973an hasten. Ondarroan arraunaren historia 1854. urtean hasten da, idatzizko bertso batzuen arabera. Estropada bat egin zuten elkarren aurka Ondarroak eta Lekeitiok, eta urte berean beste bat Castrok eta Lekeitiok. Gero, 1865ean, Ondarroak jaso zuen estropada bateko irabazleari emandako lehen bandera. Hortik hasi nahi genuen, aitzakiatzat elkartearen 50. urteurrena hartuta. Arrauna ogibide izatetik kirol izatera eraman zuen trantsizio hori nahi genuen aztertu», ekin dio azalpenari Koldo Azpiazuk.

Eta lehen pausoa, Ondarroako biztanleen artean dokumentazio bilketa zabal bat egitea izan zen, elkarteak gordeta dituen elementu guztiekin batera prestatzen ari diren erakusketa eta dokumental horiek ahalik eta aberatsenak izateko.

«Dokumentazio bilketa potente bat egin nahi izan dugu gure ondare historiko eta kulturala jasotzeko. Jada borobilduta daukagu lan hori, baina oraindik eskuak zabalik ditugu ekarpen berriak jasotzeko. Erakusketa potente bat egin nahi dugu argazkiekin eta itsas munduarekin harremana duten tresna zaharrekin», laburbildu du Agustin Etxeberriak orain arteko bilketa lanari dagokionez.

«Guk elkartean bageneuzkan 7.000 argazki inguru. Dokumentazio ugari, hiruzpalau liburu ere badaude idatzita... Baina ikusten genuen urte askotako dokumentazioa falta zitzaigula, eta deia luzatu genuen bilketa hori egiteko. Batez ere arraunlari izandako jendeari zuzendu gintzaizkion, bakoitzak bere garaiko dokumenturik ba ote zuen jakiteko: egunkarietako albisteak, argazkiak... Jendea asko inplikatu da eta asko izan dira gerturatu zaizkigunak esanez bazituztela aititaren edo izebaren edo dena delako senidearen argazkiak. Azkenean, dokumentazio ugari bildu dugu», gehitu du Azpiazuk, herritarren inplikazioa eskertuz.

Itsasoari lotutako herria

Ondarroak barru-barrutik bizi du arrauna, segur aski herriak itsasoarekin betidanik izan duen loturagatik. «Ondarroa arrantzari lotuta bizi izan da betidanik. Historikoki herri pobrea izan da, arrantzale xumeek sortutako herri bat, eta garai hartan arrauna ogibidea zen. Arrantzaleak arraunean joaten ziren itsasora, eta halaxe itzultzen ziren. Horregatik, hemen sortu ziren lehen arraun lehiaketetan arrantzaleek hartzen zuten parte. Ez zegoen arraun talderik. Kofradiak sortu ziren pixkanaka, eta haien bitartez taldeak osatzen ziren, arrantzale kuadrilla bakoitzetik arraunlari onenak zirenak-edo elkartuz. Horrela jokatu ziren lehen lehiaketak, desafio edo apustu moduan», gogoratu du Etxeberriak, gaur egun eliteko kirol bilakatu den arraunaren jatorria arrantza munduan sustraituz.

Koldo Azpiazu eta Agustin Etxeberria, elkarteko presidentea eta presidente ohia (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Eta testuinguru hartan, Ondarroa bazen nor arraun munduan, Etxeberriaren azalpenak entzunda argi geratzen denez. «Nabarmentzekoa da historian banatu zen lehen bandera Ondarroan dagoela, arrantzale kofradiari eman zitzaion, eta hantxe dago gordeta. Beste mugarri bat 1898ko Kontxako Bandera izan daiteke, Kontxa irabazten zuen lehen ontzi bizkaitarra bilakatuz. Eta handik 28 urtera, Kontxako bigarren bandera irabazi zuen Ondarroak. Horrek guztiak urte haietan arraunarekiko grina handia sortu zuen herrian. Herritarrek apustu handiak egiten zituzten arraunaren inguruan; dirutza handiak eta jabetza asko galdu ziren».

Agustin Etxeberriak aipatzen duen ondasun galera 1890ean ondarroarrek donostiarren aurka galdu zuten desafio famatuaren ondorioz iritsi zen, Lekeitiotik Getariara ea nor iritsi lehenago. Antza denez, Ondarroako trainerua faborito ikusten zuten, Bilboko estropada irabazi ostean “gaindiezin” etiketa ere jarria ziotelako, eta horregatik, porrotak hautsak harrotu zituen.

1865ean Bilbon irabazitako bandera (ONDARROA AE)

Ondarroarrak, Bilboko bandera irabazi ostean, 1887an Maria Cristina erreginaren falua eramaten (ONDARROA AE)

«Patroiaren inguruko istorio hura zabaldu zen, saldu egin ote zen, nahita maniobratu ote zuen galtzeko...», oroitu du Koldo Azpiazuk, ondarroarrek izandako garaipen ugariak ere gogora ekarriz. «Arraun elkarteak 124 bandera ditu, eta kofradian beste zazpi daude, arrantzaleek irabazitakoak. Aurrenekoa 1865ekoa da, bigarrena 1887koa... eta 1888an San Pedroren aurkako desafioa irabazi genuen, Getariatik Donostiara egin zena».

Etena eta berpizkundea

Ondarroak itsasoarekin duen lotura ez da inoiz desagertu, baina eraldatu bai: portuko lanak industrializatzen joan ziren, arraunak pisua galdu zuen garraio moduan... Eta eraldaketa horren ondorioz, arraunak eten luze bat izan zuen Artibai ibaia itsasoratzen den Bizkaiko mendiarte eder horretan.

«Eten oso luze bat egon zen, arrantzaleen artean zatiketa bat egon zelako, arrantza mota ere aldatzen joan zen eta kultura aldaketa bat egon zen. Epe horretan, 57 urte luzez, arraunik ez zen egin Ondarroan. Eta gero, orain dela 50 urte, hain zuzen ere, jendea gaiari bueltaka hasi zen, beste askotan bezala mahaiaren bueltan, bazkaloste eta afalosteetan, asmo horri forma emanez. “Berreskuratu beharko genuke”, ˝gure aitonak eta amonak ibili ziren˝... Horrela sortu zen Ondarroako Arraun Elkartea, eta horrela iritsi gara gaur egungo egoerara arte», dio elkartearen bilakaera oso ongi ezagutzen duen Agustin Etxeberriak.

Azpiazuk, bere aldetik, emakumezkoen arraunak azken epe historiko honetan izan duen garapena jarri du mahai gainean. «Emakumeak Ondarroan lehen aldiz 1981ean lehiatu ziren. Ez zegoen Ligarik, ez zegoen ezer, baina arraunean hasi ziren. Eta lehenengo bandera 2001ean, Euskadiko Batel Txapelketa batean, infantil mailan izan zela uste dut. Traineruari dagokionez, aurreneko bandera 2020an irabazi zuen Ondarroak Bizkaiko Txapelketa. 2019an atera zen lehen aldiz trainerua, eta bigarren urtean bandera lortu zuten. Urte hartan ETE Ligako bandera bat ere irabazi zuten neskek, Castron. Iaz bigarren aldiz irabazi zuten Bizkaiko Txapelketa».

Emakumezkoen traineruak irabazi zuen lehen bandera, 2020ko Bizkaiko Txapelketan (ONDARROA AE)

Gaur egun, sasoi onean omen dago elkartea: «115 haur eta gaztetxo dauzkagu, eta beste 30 bat senior. Guztira 145 arraunlari. Eta horietatik erdiak baino gehiago emakumeak dira. Eta gero laguntzaileak, oso beharrezkoak diren boluntarioak: hemen ia eguneroko lanean dabiltzanak, 20 pertsona inguru, eta beharrezkoa den egun jakinetan (gaurko estropadan adibidez), beste 20 bat bai, agian», zenbatu du harro Azpiazu presidenteak.

«Guk osasuna diogunean ez gara ari traineru nagusiei buruz. Ez diogu zentzurik ikusten gazte barik, emakume barik, traineru bat goi mailan atera eta goian ibiltzeari. Ez da gure filosofia», gaineratu du Etxeberriak.

Gazteengana iritsi nahi

Prestatzen ari diren dokumentalean, adibidez, emakumeek itsasoko lanetan izan duten garrantzia nabarmendu nahi dute. «Garai bateko arrantzale zaharrak aipatu nahi genituzke, honi guztiari hasiera eman ziotenak, baita emakumeak ere, arrantza munduan lehorrean presentzia garrantzitsua eduki izan dutelako, beste sektore askotan bezala, arrantzan ere lan ezkutua eta isila egin izan dutelako, eta hori azaleratu nahi dugu. Eta azken urteotan sartuta, lehiaketa nola garatu izan den eta elkarteak zer garapen izan duen, sortu zenetik gaur egunera arte».

Hain zuzen ere, adineko jendeak eta gazteek arrauna bizitzeko duten modu desberdina azpimarratu du Etxeberriak, eta proiektu hau interesgarria izan daitekeela egungo gazteek garai bateko ondarroarrek arraunarekin zuten lotura berezia hobeto ulertzeko.

«Jende nagusiak arrauna ikuspegi historiko-kultural batetik bizi du, beste era batera. Jende gazteak kirol soil baten moduan ikusten du. Eta transmisio hori guztia ere berreskuratu nahiko genuke. Gazteek ez dute inoiz nagusiek bizi duten moduan biziko, baina behintzat jakin dezaten nola bizi izan den, nondik datorren, nola sortu zen... Gustatuko litzaiguke erakusketa eta dokumental hauek ikastetxeetan ere zabaltzea. Beraiei etortzeko gonbita eginez edo gure lana beraiengana gerturatuz, erakusketa ibiltari baten moduan, edo batek daki nola. Batez ere jendearen inplikazioa lortu eta jendea jakintza honekin busti nahi da».

2016an TKE Ligarako igoera ospatzen (ONDARROA AE)

Gazteengana heltzeko euskarri bereziki garrantzitsua izan daiteke ikus-entzunezkoa, eta dokumentalaren egileek erakutsi duten inplikazioa eskertu du Etxeberriak. «Bi gazte dabiltza konkretuki dokumentalarekin: Asier Riberta eta Jon Iriondo. Asier arraunlaria izan zen jubenil mailara arte. Kluba gaztetatik ezagutzen dute eta oso inplikatuta daude biak. Ilusio handiarekin. Lantzean behin topatzen ditugu entrenamendu bat grabatzen, estropada bat grabatzen, udalak kultur etxean utzi digun txokoan elkarrizketak egiten...».

Oraindik ez dago erabat zehaztuta noiz estreinatuko den filma, ezta erakusketa ikusgai noiz egongo den ere, baina urtea amaitu aurretik erakutsi nahi lukete egindako lan guztiaren fruitua.

«Bilketa bat egin dugu, baina denbora gehiago behar dugu material hori guztia prozesatzeko eta forma emateko, erabilgarri bilakatzeko», dio, adibidez, Etxeberriak, erakusketari buruz. «Asmoa litzateke urria eta azaroa bitartean erakusketa plazaratzea eta dokumentala ere Gabonetarako amaitzea. Bitartean, beste ekimenen bat ere badaukagu buruan, nolabait herrira hurbildu eta herrian giro apur bat jartzeko ekintzaren bat, baina itxita eduki arte ezin dugu gehiago zehaztu».