Jon Ormazabal

Inspirazioak lanean harrapatuko du Joseba Ezkurdia

Erdi aldera finala ondo bideratuta zutela zirudien arren (15-11), pilatutako akatsek saririk gabe utzi dituzte Peña eta Mariezkurrena, ofizio gehiago erakutsi duten arbizuarraren eta torneoko pilotaririk onenaren saria eraman duen Zabaletaren aurka (22-17)

Joseba Ezkurdiak eta Jose Javier Zabaletak Bilbon irabazi dute udako euren lehen feria.
Joseba Ezkurdiak eta Jose Javier Zabaletak Bilbon irabazi dute udako euren lehen feria. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Pablo Picassok esana da, edo Malagako artista handiari egotzia da «inspirazioa existitzen da, baina lanean harrapatu behar zaitu» esaldia eta oraintxe ideiak argiegi ez dituen arren, halaxe harrapatuko du Joseba Ezkurdia, Jose Javier Zabaleta lagun, udako lehen torneoa irabazi duen pilotaria. Ezker gantxoa izaten da normalean, arbizuarraren sasoiaren termometrorik fidagarriena, funtzionatzen dionean da bereziki arriskutsua sakandarra eta Peña-Mariezkurrenaren aurka tanto bakarra egin du airez, baina bestelako dohainak ere badituela argi utzi du Bizkaia pilotalekuan. Egungo atzelaririk onenen arteko lehia gogorrean, bera izan da pilotakadarik gehien jo dituen pilotaria, lan zikin asko egin dio Zabaletari eta aurkariek izan ez duten ofizioak eman dien Bilboko garaipena (22-17).

Izan ere, olatu ona hartuta, partida ondo bideratua izan dute Peñak eta Mariezkurrenak erdi aldera, 11-15 aurreratuta, baina azkenerako bildutako akatsetan egon da partidaren giltza, Aspekoek bost huts baino egin ez dituzten bitartean, Baikokoek 15 ere pilatu dituzte. Ikuskizunaren aldetik, urdinek egin dituzte ziurrenik gauzarik ikusgarrienak, baina Aspekoek beste fidagarritasun bat erakutsi dute.

Akatsak erabakigarri

Partidak oso lehen erdi orekatua izan du. Pilota bizi xamarrak egon dira gaur Bizkaia pilotalekuan eta tarteka materialak pilotariei gain hartzen ziela zirudien arren, lau pilotariek abiadura handia ezarri diote partidari. Atzean, eskuinez Mariezkurrenak gehiago agindu du, Zabaletari jarraikortasun apur bat falta izan zaio pilotak gozatzerakoan, baina etxarrendarrak ikaragarri ondo eutsi dio partidari ezkerrez eta merezita eraman du etxera torneoko pilotaririk onenaren saria, bi egunetan lan ikaragarria egin du eta. Aurrean ere antzeko zerbait esan genezake, hasiera horretan Peña agian eraginkorrago aritu bada ere, txokoan min handia egin dio Ezkurdiari, arbizuarra ere oldarkor aritu da, jokoan sartzeko asmoz beti eta lanari inolako beldurrik gabe.

Gauzak horrela, markagailuan gora behera handiak izan dira eta alde batera edo bestera ez da bi tantoko baina abantaila handiagorik. Urdinak izan dira lan erdietara heltzen lehenak eta orduantxe hautsi da partida hasieratik izandako bolada hori, Peñak lortutako tanto eder bati esker hiru tantotako aldea lortuz (10-13). Pilota berri bati etekina ateraz, Baikoko bikotea partida euren aldera bideratzeko moduan zela zirudien (15-11), baina eurek sartu dituzte gorriak berriz ere lehian egindako opariekin. Bolada luzean eraginkortasun handiarekin aritu ostean, aurrelari tolosarra erabat okertu da eta pilatutako akatsek, horietako asko tantorik piloteatuenean, asko leundu die Aspekoei garaipenerako bidea.

FITXA TEKNIKOA

Ezkurdia-Zabaleta: 22

Peña II.a-Mariezkurrena: 17

Pilotakadak: 591. Iraupena: 67,27 minutu. Markagailua: 0-2, ,2-2, 2-3, 4-3, 4-5, 5-5, 5-6, 7-6, 7-9, 10-9, 10-13, 11-13, 11-15, 16-15, 16-16. 20-16, 20-17, 22-17. Sakeak: 1 Ezkurdiak eta 1 Peña II.ak. Egindakoak: 4 Ezkurdiak, 2 Zabaletak, 8 Peña II.ak eta 4 Mariezkurrenak. Galdutakoak: 2 Ezkurdiak,  2 Zabaletak, 8 Peña II.ak eta 7 Mariezkurrenak. Gorabeherak: Sarrera eskas xamarra, 764 ikusle Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Lehen sakea gorri.