NAIZ

«Bere sokako jendea ardura postuetan sartzeko» arauak alboratzea egotzi dio LABek Goiari

LABek salatu duenez, Donostiako Udalean indarrean diren arauak baztertzen ari da Eneko Goia alkatea, «bere sokako jendea ardura postuetan sartzeko». Zehatzago, bi karguetan funtzionarioa eta euskalduna izatearen baldintzak alboratu dituela dio.

Eneko Goia, Donostiako alkatea.
Eneko Goia, Donostiako alkatea. (Gorka Rubio | Foku)

Eneko Goia alkatearen «ostiko berritzat» jo du LABek bi zuzendari euskaldun eta funtzionario izan gabe izendatu nahi izatea. Hauketa horiek «behatzez» egitea leporatuko diote Donostiako Udaleko mandatariari.

Honela laburbildu du LABek gertatutakoa: «Joan den uztailaren 26ko data daraman Udal Batzari zuzendutako eskarian, hainbat Lege aipamenetan oinarrituz, zera aipatzen da: ‘Salbuespen gisa, Udaleko osoko bilkurak, alkatetzak proposatuta, erabaki arrazoitu baten bidez eta garatu behar diren funtzioak kontuan hartuta, zehaztu ahal izango du zein  jardun-arlo edo eremutan izenda daitezkeen enplegatu publiko ez diren pertsonak‘. ‘Udaleko zuzendaritza-organoetako lanpostuen egungo zerrendak Osasun eta Ingurumen zuzendari, eta Pertsonak Kudeatzeko zuzendari lanpostuak hartzen ditu, Donostiako Udaleko karrerako funtzionarioentzat gordeta’».

Agindutakoa hau bada ere, «Ekonomia, Tokiko Enplegu eta Ekologiarako zinegotzi ordezkariak, eta Pertsonen, Kudeaketa Ekonomikoaren eta Aurrekontuen zinegotzi ordezkariak, justifikazio-txostenak egin dituzte, Osasun eta Ingurumeneko, eta Pertsonen Kudeaketako zuzendaritza organoetan funtzionario izateko betebeharretatik kanpo uzteko beharrari buruz, hurrenez hurren, aipatutako lanpostuetan bete beharreko eginkizun espezifikoen arabera».

Zera erantsi du sindikatuak: «Hau nahikoa ez balitz, Udal Gobernuak ez du bermatzen ‘behatzez’ izendatuko dituen zuzendari ez funtzionari hauen euskararen ezagutza ere, Donostiako Udal Lanpostuen Zerrendan Donostiako Udaleko zuzendari lanpostu guztiek gutxienez hirugarren hizkuntza eskakizuna gainditua izan behar dutela dioen arren».

«Gaur arteko  Pertsonen Kudeaketarako zuzendariak baldintza hori betetzen zuen, ez aldiz, Osasun eta Ingurumen zuzendariak», zeheaztu du LABek.

Hau guztia dela eta, «LABen iritziz karrerako funtzionarioen eta euskaldunen aurkako Eneko Goiaren ostiko berria da Udal Gobernuak eginiko proposamena. Batetik, Udal  funtzionarien artean horrelako kargua eskuratzeko aukera murrizten delako, karrerarako aukera ukatuz. Eta, bestetik, azken hiru hamarkadan Udal langileen euskalduntzearen esparruan eginiko ahaleginak zapuzten dituelako zuzendari ez euskaldun batek euskaldundu diren langile guztiak espainolez lan egitera derrigortzen baititu. Eta hori guztia, bere sokako jendea ardura postuetan sartzeko», ziurtatu du.