«Ez bada gelditzen, dena blokatu beharko dugu! Lurra, elikadura, etxebizitza dena lotua da!». Lelo honen inguruan aurrerapausoa eman dute astearte honetan Ostia sareak, ELB sindikatuak, Lurzaindiak eta Senpertarren Kolektiboak, espekulazioaren aurka daramaten kanpainan.
Donibane Lohitzuneko geltokiaren parean bidea itxi dute, traktoreak erabiliz, eta gauza bera egin dute Baionan Leroy Merlinen hipermerkatuaren aurrean, A63rako sarbide den biribilgunea blokeatuz.
Senpereko Olha etxaldearen salmenta espekulatiboa salatzeko, Lurzaindia, @syndicatELB eta @ostia_sarea-ko militanteak Donibane Lohizuneko geltoki pareko errepidea blokatzen ari dira https://t.co/cHC6TvFK1T
— kazeta.eus (@kazetaeus) August 29, 2023
Bideoa: @ostia_sarea pic.twitter.com/xKf3qxTTbY
«Senpere ez dago salgai» pankarta erakutsi dute ekintza hauetan. Izan ere, bertako Olha etxean piztu zen borroka hau ekainean, itxialdi baten bitartez.
Etxe hori saldua izan zen jakinarazi zen abuztuaren hasieran, 1,3 milioi eurotan, protesta berriak eraginez. Maison Adam gozotegiaren barrualdera eraman zuten duela aste batzuk, hau izan baita eroslea. Gozotegi honen jokabidea salatzen duen pankarta erakutsi dute gaurko honetan ere.
Bi ekimenokin aldarrikapena zabaldu nahi izan dute aipatutako lau taldeek.
Baionan, A63 autobidera ematen duen biribilgunea ere hartu dute ehun bat manifestarik, pasabidea blokatuz. Protestaren jomugan, Senpereko Olha etxaldea 1.300.000 euroko prezioan saldu izana https://t.co/cHC6TvFK1T @syndicatELB @ostia_sarea #Lurzaindia #StopAski #Espekulazioa pic.twitter.com/RHQa6st9io
— kazeta.eus (@kazetaeus) August 29, 2023
Ekimenotan parte hartu duten ekintzaileak Uztaritzetik abiatu dira, A63 autobiderako pasabidea blokatzeko xedearekin, eta bigarrenak, berriz, Azkainetik, Donibane Lohizune zentrorako ibilbidea oztopatzeko helburuz. Goizeko 10:00etan lortu dute protestariek haien blokeo nahia, orotara 40 traktoreren laguntzaz.
Bi guneetako mobilizazioak aurreikusirik, Prefeturak bezperan jada ohar bidez jakinarazi zien herritarrei A63 eta A64 autobideetarako sarbideak mugatuak izanen zirela hilaren 29ko goizean. Era berean, protestariak iritsi direnerako dispositibo poliziala hedatua zen bi puntuetan eta jendarmeriaren helikoptero bat ere izan da zonaldean blokeoan zehar. Fabrice Rosay Baionako suprefeta ere bertaratu da, ‘Kazetak’ nabarmendu duenez.
Okupazioa amaitutzat eman dute
Bertan, ELB, Lurzaindia, Senpertarren kolektiboa eta Ostia sareko militanteek Olha etxaldearen okupazioa amaitutzat ematen dutela iragarri dute. Bi hilabeteko okupazioaren ondotik salmenta egina dela ikusirik, Euskal Hirigune Elkargoko hautetsiekin biltzea eskatu dute; «Lekuko hautetsiek ardurak hartu behar dituzte», azaldu du Amestoyk Baionan.
Borrokan jarraitzeko asmoa azaldu dute okupatzaile zein manifestariek, «modu eta forma berrietan, irabazi arte».