Jon Ormazabal

Jon Ander Peñaren bolea batzuk protestak eragiten jarraitzen dute

Jaka-Mariezkurrena izango dira ostiraleko Donostia Hiria torneoko finalean Altuna-Rezustaren aurkariak tolosarrari eta Imazi 22-16 gailenduta.

Sahietsean kolpe bat jaso arren, Jaka izan da partidako onena.
Sahietsean kolpe bat jaso arren, Jaka izan da partidako onena. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Jaka-Mariezkurrena izango dira ostiraleko Donostia Hiria torneoko finalean Altuna-Rezustaren aurkariak Peña eta Imazi 22-16 gailendu ostean. Partida arraroa izan da ia hutsik zen Atano III.ean jokatutakoa, irabazleak ez baitira eroso sentitu kantxan –Jakak Imazi ihes egindako pilotakada bat jaso du saihets aldean 4-3koan eta Mariezkurrenak onartu du partidan sartu ezinda aritu dela– eta erabat aldrebestu da amaiera aldean, 20-15ekoan, pasatako pilota batean Peñaren bolea zikin batek aurkarien protestak altxa dituenean. Lau pilotariek haserre amaitu dute tantoa eta ixilik zen frontoi batean are ozenagoak eman dute elkarri egindako oihuek. Ez zen Mariezkurrena aurkariaren boleaz kexu zen lehen tantoa eta enpresek zerbait pentsatu beharko dute gaiaren gainean, egoera oso deserosoa bilakatzen ari baita, bereziki tolosarrarentzat.

Faboritoak jokoan eta markagailuan aurretik joan dira hasiera-hasieratik, baina Peña-Imazek ere lehen tantotik argi utzi dute hortzak erakustera joanak zirela pilotaleku historiko honetara. Espero zen bezala, Jon Mariezkurrena atzean nagusitu da baina, hasierako tantoetan Imazi pilota eskuinez gozatzea kostatu zaion arren, oiartzuarrak gora egin du partidak aurrera egin ahala eta 12-8koan errebotean jarri du pilota bat eta beste tantoren bat ere egin du atzean.

Partida hautsi ezinda

Mariezkurrenari partidan sartzea kosta zaion arren, Jakak oso eraginkor ekin dio partidari eta, aurkarien akats batzuk baliatuta, gerora ondo kudeatu duten alde bat eskuratu dute gorriek. Azkenaldian sasoi onean zen Jon Ander Peña, baina gaur lan txarrak izan ditu, gehienean defentsan aritzea tokatu zaio eta, alor honetan asko hobetu badu ere, zabaletik bereziki, kosta egin zaio pilota batzuk biltzea.

Baina gauza bat dela edo bestea dela, kosta egin zaie faboritoei partida hausten. Peña eta Imaz 14-12 ere gerturatu dira, baina ezinezkoa egin zaie hainbeste denboran zehar defentsan arituta partida aurrera ateratzea.

 

FITXA TEKNIKOA

Jaka-Mariezkurrena: 22

Peña-Imaz: 16

Pilotakadak: 594. Iraupena: 65,06 minutu. Markagailua: 1-0, 1-1, 3-1, 3-3, 5-3, 5-4, 6-4, 6-5, 10-5, 10-6, 11-6, 11-7, 12-7, 12-8, 14-8, 14-12, 16-12, 16-13, 19-13, 19-14, 20-14, 20-15, 21-15, 21-16, 22-16. Sakeak: 1 Jakak eta 1 Peña II.ak. Egindakoak: 10 Jakak, 4 Mariezkurrenak, 3 Peñak eta 3 Imazek. Galdutakoak: 3 Jakak, 5 Mariezkurrenak, 6 Peñak eta 1 Imazek. Gorabeharak: Sarrera eskas xamarra Donostiako Atano III.ean, dirua oso gorri hasieratik.