NAIZ

Kutxabank finantza erakundeak beste bi urte luzatu du bere lankidetza hitzarmena Araskirekin

Andre Mari Zuriaren plazan sinatu dute 2020. urtean martxan jarri zen elkarlan hau berritzea eta  irailaren 23ko Liga partidara begira 500 sarrera bi eurotan jarriko dituela aurreratu du finantza entitateak. Horrez gain, talde gasteiztarrak 2023/24 denboraldiko uniformeak ere aurkeztu ditu.

Txell Alarcon eta Agostina Burani, Kutxabank Araskiren uniforme berriekin.
Txell Alarcon eta Agostina Burani, Kutxabank Araskiren uniforme berriekin. (@ARASKI)

2020tik, Araski eta Kutxabank eskutik doaz, eta finantza erakundeak lankidetza-hitzarmena berritu duelarik, klubaren babesle pribatu nagusia izaten jarraituko du hurrengo bi denboraldietan.

Akordioa ostegun honetan bertan sinatu dute bi aldeek, ekitaldi berezi batekin, Andre Maria Zuriaren plazan. Bertan izan dira Iratxe Rodriguez, Araskiko presidentea; Kutxabanken Araba Sareko zuzendaria Axier Urresti ere. Horrez gain, Araskiko jokalariak ere bertan izan dira, denboraldiko uniforme ofizialak ere erakutsi dituztelako.

Iratxe Rodriguez Araskiko presidenteak adierazi duenez, «pozgarria da Kutxabanken laguntza izaten jarraitzea. Eskerrak eman nahi dizkiot gure konpromisoagatik eta konfiantzagatik. Taldea hazten eta sendotzen laguntzen ari zaigu, Emakumeen Endesa Liga, gero eta zailagoa den lehiara egokitu gaitezen. Hiru urte hauek oso onak izan dira eta kontratu berritze hau nahitaez ontzat jo behar dugu, lasaitasuna dakarkigulako».

Axier Urresti Kutxabanken Arabako Sarearen zuzendariak, aldiz, «Kutxabank oso eroso dago proiektu hau babestuz eta gure izena lehen taldeari lotuz. Klubarekin esfortzua, konpromisoa, lana eta ilusioa bezalako balioak partekatzen ditugu. Guretzat garrantzitsua eta pozgarria da gure lurraldean emakumeen kirolari laguntzea. Gainera, gure bezeroei abantaila eta esperientzia esklusiboak eskaini ahal izatea», gaineratu du.

Liga hasierako festa

Hain zuzen ere, Araskiren babeslearen aldetik iragarri dutenez, Mendizorrotza «festa» bihurtu nahi dute Emakumeen Liga hasterako. Izan ere, irailaren 23ko neurketara begira Kutxabankek 500 sarrera jarriko ditu salgai pabiloiko leihatilan, bi eurotan, Kutxabank txartela duten horientzat –gehienez lau sarrera txartel bakoitzeko–.

Taldeari izena emateaz gain, Kutxabank hainbat publizitate-euskarritan egongo da. Gainera, bezero guztiek abantaila esklusiboak izango dituzte, hala nola klubeko jantzi ofizialak lortzeko zozketak edo Mendizorrotzara joateko gonbidapenak.