Ikastaro bat surfa probatzeko; ahal dela, zentzuz eta errespetuarekin

Uda izaten da jende gehienak surf ikastaro bat egiteko aukeratzen duen sasoia. Euskal kostaldean aukera asko ditugu horretarako. Hemen doaz aholku batzuk esperientzia hori ahalik eta aberasgarriena izan dadin.

Familia bat surf taulak aukeratzen.
Familia bat surf taulak aukeratzen. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Berez surferako garai onena izan ez arren olatu aldetik, uda partea izaten da jende gehienak surfa probatzeko aukeratzen duen urte sasoia. Eguraldi onak eta uraren tenperatura gozoak bultzatuta, itsas kirolen praktika asko handitzen da hilabete hauetan, eta surf eskolentzat ere lan gehien pilatzen den unea izaten da. Horregatik, interesgarria da surf ikastaro bat egitera animatzen den pertsona orok zenbait gako kontuan izatea.

Ordu eta erdiko oinarrizko hastapen ikastaro solte batek 40 euro inguruko prezioa izan dezake, gutxi gorabehera, baina galdera berehala sortzen da: posible al da ordu eta erdian edo bi ordutan surf egiten ikastea? Kezka horixe luzatu diogu Axi Muniain surflariari Zarautzen, eta duela 13 urte martxan ipini zuen surf eskolan izandako esperientziatik onartu digu motz gera daitekeela saio bakarra.

«Gertatzen dena da bat-batean ikasi nahi dugula, eta jendea ez da oso prest egoten ezinbestekoak diren lehorreko azalpen teorikoak jasotzeko. Garrantzitsua da oinarrizko ezagutza teoriko horiek izatea gero praktikara eramateko. Saio bakarrean ezin izaten dugu daukagun ezagutza hori transmititu. Esango nuke astebeteko bost saioko ikastaro batean asko ikas daitekeela: korronteei buruzko oinarrizko ezagutza bat izateko, norberaren zutitze propioa bilatzeko... Azkenean, surfarekin loturarik izan ez arren, bakoitzak bere abilidade eta bere moduak garatzen ditu, eta monitorearen lana da ikustea zer teknikarekin lor dezakeen pertsona horrek eraginkortasun handiena, hastapen eta garapen hori bizkorragoa izan dadin», nabarmendu du zarauztarrak, lehen urrats horiei buruz.

Mugimendu handia surf eskolaren inguruan (Andoni CANELLADA / FOKU)

«Konbertsazio horiek uretan izan ditzakegu, baina azalpenak emateko lehorrean beste baliabide batzuk ditugu: irudi grafikoak erabil ditzakegu, ariketak simulatu daitezke lur gainean, arbela batean marrazkiak egin daitezke... Lehorrean beste baliabide batzuk erabil daitezke, eta beharrezkoa da bi arloak jorratzea benetan ahalik eta emaitza onenak lortzeko», gaineratu du Muniainek, benetako ikastaro osatu baten garrantzia azpimarratuz. Alde horretatik, ordu eta erdi inguruko bost saio biltzen dituen astebeteko ikastaroa aukera ona izan liteke benetan surf egiten ikasi nahi duenarentzat. Prezioa 200 euroren bueltan ibili ohi da, biltzen den ikasle taldearen arabera.

Axi Muniainen kasuan, puntako surflari bezala izandako ibilbide luzean landutako hainbat asmo eta ideia txertatu nahi izan ditu bere surf eskolan. Alde batetik, alor teknikoa dago. «Nire ibilbide profesionalak eman dizkidan ezagutza horiek denak aplikatu ahal izan ditut. Nire eredu edo egitura sortu ahal izan dut surf munduan ditudan printzipio edo ideal horiei jarraituz; gauzak nola egin erakusteko, eta batez ere, gomendio edo aholku bakoitzaren zergatia azaltzeko. Nire metodologia propio horrek jendeari maniobra bakoitza egiten ikasteko prozesua asko sinplifikatzen dio». Ez da kasu bakarra, goi-mailan aritutako beste surflari batzuk ere badituzte surf eskolak Euskal Herriko kostaldean.

«Konpromisoa» ere garrantzitsua da

Baina arlo teknikotik haratago, zarauztarrak «konpromisoa» ere aipatzen du, bere lana aurrera eramaterako garaian. «Surf eskolek ardura handia daukagu urautsian dagoen masifikazio puntu horretan, erantzukizun zuzena daukagu. Nire kasuan, bere garaian, surflari profesional moduan mundu hau saltzen nuelako, eta orain ere nire erronka desberdinetan surfa saltzen jarraitzen dudalako. Sentsazioa daukat uda partean surflari beteranoek jada etsi egiten dutela. Olatu urriak dauden egunetan, ia edonoren esku geratzen denean urautsira inguratzea, egia da bertako beteranoek gogoa edo indarra galtzen dugula uretaratzeko», onartu digu, atsekabe puntu batekin. «Baina udazkenean beti itzultzen gara», gehitu du azkar asko, berriz ere bere-berea duen irribarrea berreskuratuz.

Axi Muniain bere surf eskolan azalpen batzuk ematen (Andoni CANELLADA / FOKU)

Surf eskola gehienek, adibidez, material alokairu zerbitzua ere eskaintzen dute. Surf taula bat eta neoprenoa ordubete alokatzeak 20 euro inguruko prezioa izaten du gutxi gorabehera, eta kasu askotan, zenbat eta ordu gehiago alokatu, prezioa proportzionalki merkatzen da. Aukera dibertigarria da olatu handirik ez dagoen egunetarako, edo erabilgarria, taularik gabe bidaiatu behar izan duen surflari trebearentzat. Baina, era berean, egoera arriskutsuak sor ditzake, itsasoaren baldintzak kontuan hartzen ez badira.

«Jendeak normalean pentsatzen du: "listo, zutitzen naiz, autonomoa naiz". Bai, ados; baina agian ez dakizu itsasoa irakurtzen, ez zara ohartzen beste surflari edo bainulariei arriskuak sortzen ari zarela, ez duzu edozein surflarik ezagutu beharko lukeen kodea ezagutzen... Eta hor guk hartu behar dugu erantzukizun zuzena. Hemen gertatzen ari dena da edonori alokatzen zaiola surf taula bat edozein mareatan, eta guk batzuetan ezetz esaten dugu. Marea biziak direnean, ilargi ziklo horietan, marea altuenetan arriskua nabarmena denean eta olatua oso bortitz apurtzen denean ur ertzean, ez dugu gomendatzen taula alokatzea. Arrisku bat delako bai norberarentzat, bai materialarentzat, bai inguruko erabiltzaileentzat. Ez dauka zentzurik. Baldintza horietan ez da hastapena sustatu behar, hor egin behar dena da gure baliabideak erabiliz, bezeroari gomendatu ez uretaratzeko berari otu zaionean, baizik eta itsasoko baldintzek aukera hobea eskaintzen dutenean. Handik lau ordutara, asko jota, baldintzak askoz aproposagoak izango dira», aldarrikatu du konpromisoaren ideian sakonduz.

Izan ere, kontuan izan behar da surf eskolek, turismoarekin oso lotuta egonik, mota guztietako bezeroak izaten dituztela, udan batez ere. «Haurrak, helduak... denetik izaten da. Alemaniarrak, frantsesak asko, errusiar sateliteren bat azaltzen da tarteka, suitzarrak dezente, portugaldar edo ingeles solteren bat... Eta gutxiago, baina amerikarren bat ere hasi da inguratzen, Donostiatik kanpo ere leku interesgarriak badaudela ikusita», zerrendatu du Axi Muniainek, apurka-apurka beraien lana desestazionalizatzen doala gehituz. «Jendea konturatzen ari da lehen hastapen baterako uda ongi etor daitekeela, baina udazkenak beste baldintza batzuk, beste olatu jario bat, eskaintzen duela ikasitako horri jarraipena emateko; olatu aproposagoak, beste energia batekoak, jarritako helburuak lantzeko».

Hondartza mukuru beteta abuztuko egun eguzkitsu batean (Andoni CANELLADA / FOKU)

Eta etengabeko dibertsifikazio horretan, elkarte zerbitzua ere udazkenean martxan jartzeko asmoa du inguruko surflarientzat. «Egoitza xume eta txiki batetik gatoz, eta horrek ematen zituen aukerak murritzagoak ziren. Hemen, malekoiko lokal handiena eskaini zigutenean, beste urrats bat eman nahi izan genuen. Surf eskola eta denda zerbitzuaz gain, eta dagoen eskaria ikusita, elkarte zerbitzua ere eskaini nahi dugu. Udazken honetan ipiniko dugu martxan eta jendeak, komertzio ordutegitik harago, aukera izango du zerbitzu hau erabiltzeko, egunsentiko edo ilunabarreko surfaldietarako, adibidez. Zarauzko herri elkartean sekulako itxarote zerrenda dago, eta hor zain dauden pertsonei aukera hau eskaini nahi diegu, eta baita herrikoak ez direnei ere», aurreratu digu zerbitzu berriari buruz.

 

Jakin beharrekoak

- Zarautzen bezalaxe, Euskal Herriko kostaldeko hiri eta herri askotan aurki daitezke surf eskolak. Ordu eta erdiko oinarrizko hastapen ikastaro batek 40 euro inguruko prezioa izan dezake, eta hortik gora, aukera desberdinak daude ikastaroaren iraupenaren eta pertsonalizazio mailaren arabera.

- Surf eskola gehienek material alokairua ere eskaintzen dute. Surf taula bat eta neoprenoa ordubete alokatzeak 20 euro inguruko prezioa izaten du gutxi gorabehera, eta kasu askotan, zenbat eta ordu gehiago alokatu, prezioa proportzionalki merkatzen da.