Izaro Izu

Iraileko aldapa arindu du 47. urtez Elgoibarko Mauxitxa txarangaren dianak

Mauxitxa txaranga, jo ta fuego artxiboko irudi honetan.
Mauxitxa txaranga, jo ta fuego artxiboko irudi honetan. (NAIZ)

Iruñean uztailaren 7an garela ematen du, baina Elgoibarren gertatzen da, sarri irailaren 1ean. Egunsentiarekin batera Mauxitxa txaranga kalera ateratzen da eta herria dantzan jartzen du, edo udako lozorrotik aterararazi behintzat.

 

Aspaldi-aspaldiko ohitura da, ia Mauxitxa txaranga sortu zenetik abiatu zena. Urte gutxi batzuk zituela, txarangako kideei erronka bota zien orduko alkateak: herria alaituko ote zuten udako oporraldia pasata, goizeko diana baten bitartez, afari baten truke.

Txarangako kideek txantxetan diotenez, jada Udalak ez du hitzarmena betetzen, baina Mauxitxak ohiturari eusten dio, eta arrakastatsua izaten da ekimena, ostiral honetan berriro egiaztatu denez. Batzuetan irailaren 1ean egiten dute (aurtengoa kasu) eta beste batzuetan hilabete honen lehen lan egunarekin batera.

Jose Alberto Ansola «Mausitxa» ezizenez ezaguna denak sortu zuen txaranga beste sei elgoibartarrekin batera 1970. urtean. Honela azaldu zion bilakaera Joseba Salbadorri NAIZek 2021. urtean argitaratutako elkarrizketan: «1970eko jaietako Txiki Egunean egin genuen lehen aktuazioa San Bartolome jaietan eta harrezkero ez dugu hutsik egin. 2019ko jaietako Txiki Egunean suertea izan genuen 50. emanaldia egin ahal izan genuelako, eta egia esan, oso egun polita izan zen, txarangaren bizitzan parte hartu duten kide guztiak –80 baino gehiago– elkartu ginelako kalejira bat egiteko. Horren ondoren, 2019ko Gabonetan, egun horri buruzko dokumentala egin genuen, Youtuben ikusi daitekeena».

Pandemiak Mauxitxaren jardueran geldialdia ezarri zuen ezinbestean 2020ean baina indartsu itzuli da gero diana gozagarri hau.