NAIZ

EH Kopako finala Lezaman jokatuko da, euriteek El Praoko zelaia kaskartu ondotik

Igande arratsaldean, Guardian jokatzekoa zen EH Kopako finala, Reala eta Athleticen artekoa, Lezaman jokatuko da. Asteburuko euri jasa handiek erabat gaiztotu dute El Praoko berdegunea. Antolatzaileek bertan behera utzi dute partida, lekualdaketa ziurtatu duten arte.

Reala eta Alavesen arteko norgehiagoka, EH Kopakoa, El Praon jokaturikoa.
Reala eta Alavesen arteko norgehiagoka, EH Kopakoa, El Praon jokaturikoa. (EH KIROLA)

EH Kopako finala, Reala eta Athleticek jokatu beharrekoa, Lezaman jokatuko da, igande honetan 16.00etan. Hasiera batean, Guardian zen jokatzekoa baina egunotako euri jasa handiek erabat txartu dute El Praoko berdegunea eta antolakuntzatik zelai berri baten bila aritu dira. Azkenean, Lezamak jasoko du final handia. 

Aurtengoa, 13. edizioa izan du EH Kopak, 2011n Bakion jokatu zen estreinako partidatik urtero hazkunde bat izan duen txapelketak, hain zuzen ere. Partida bateko finala izatetik, txapelketa formatua hartzen joan zen gutxika-gutxika eta aurten, gainera, hainbat berritasunekin lehiatu da.

Bada, A multzoko final handia lekualdatu behar izan da. Guardian zen jokatzekoa, igande honetan 16.00etatik aurrera, eta egun indartsuenak diren bi euskal taldeen arteko norgehiagoka; Reala eta Athleticen artekoa, alegia. Azkenean, bizkaitarren etxeak jasoko du finala. Gainera, jokalarien grebarik ezean, hurrengo asteburuan hasiko den Liga F txapelketarako, udarako azken prestaketa partida izango da eta beraz, erakargarria izango denaren zantzu guztiak ditu.

B multzoko finalari dagokionez, gaur, larunbata, Durangon jokatuko da, 18.30ean. Reala eta Athleticeko bigarren taldeek neurtuko dituzte indarrak.