NAIZ

Europako Justiziaren arabera, Frontex ez da migratzaileak Turkiara kanporatu izanaren erantzule

2016an Frontexen eta Greziako Gobernuaren arteko operazio batean hainbat migratzaile Turkiara kanporatu zituzten. Haietako batek Frontexi eragindako kalteak ordaintzeko eskatu zion, baina Europar Batasuneko Auzitegi Orokorraren arabera, agentzia europarra ez da gertatutakoaren erantzule.

Errefuxiatuak salbamendu-txalupa bat Lesbos uhartera heltzen, 2020an, Frontexen misioaren parte den HMC Valiant tropa britainiarren patrolarekin batera.
Errefuxiatuak salbamendu-txalupa bat Lesbos uhartera heltzen, 2020an, Frontexen misioaren parte den HMC Valiant tropa britainiarren patrolarekin batera. (EUROPA PRESS)

Europar Batasuneko Auzitegi Orokorraren arabera, Frontex Mugak Babesteko Europako Agentzia ezin da migratzaileen itzulketekin lotutako balizko kalteen erantzuletzat jo, itzulera-erabakien eta nazioarteko babes-eskaeren oinarriak ebaluatzeko eskumenik ez duelako. Beraz, ez du uste migratzaileei kalte-ordainik eman behar dienik.

Europar Batasuneko Auzitegi Orokorrak asteazken honetan eman du gaiaren inguruko ebazpena, Siriako hainbat errefuxiatuk Frontexi jarritako kalte-ordain demanda bat aztertu ostean. Errefuxiatuek agentzia europarra salatu zuten Greziatik Turkiara kanporatu zituelako.

Frontexek ez duenez eskumenik migratzaileen kanporatzearen inguruko erabakien oinarriak eta nazioarteko babes-eskaerak ebaluatzeko, Europar Batasuneko agentzia ezin da jo Turkiari itzultze horrekin lotutako balizko kalte-galeren erantzuletzat, auzitegiak ebatzi duenez. Ebazpenari, hala ere, helegitea jar dakioke.

Kasua 2016an hasi zen, Siriako errefuxiatu batzuk Greziara iritsi eta nazioarteko babes-eskaera bat aurkezteko nahia adierazi zutenean. Hala ere, Frontexek eta Greziak kanporatze operazioa jarri zuten abian. Turkiara eraman zituzten, handik Irakera joan ziren eta bertan bizi dira ordutik.

Frontexi jarritako erreklamazioek aurrera egin ez zutenez, errefuxiatuek 96.000 euro baino gehiagoko kalte-ordaina eskatu zuten EBko Auzitegi Orokorrean, kalte materialengatik, eta 40.000 euro gehiago kalte moralengatik, Europako agentzia horrek itzulera-operazioaren aurretik, bitartean eta ondoren izandako ustezko legez kanpoko jokabideagatik.

Haien ustez, itzulera-operazioaren testuinguruan Frontexek oinarrizko eskubideak babestu izan balitu, ez ziren legez kanpo itzuliko Turkiara, eta nazioarteko babesa lortuko zuketen, bazutelako horretarako eskubidea, haien nazionalitatea eta Siriaren egoera kontuan hartuta.

Diotenez, Frontexek ez-itzultzearen printzipioa , asilo-eskubidea, kanporatze kolektiboen debekua, adingabearen eskubideak, tratu iraingarrien debekua eta administrazio on baterako eskubidea eta benetako babes judizialerako eskubidea urratu zituen.

Gaurko epaian, Auzitegiak ez du demanda onartu, bere irakurketaren arabera, Frontexi egozten zaion jokabideak ezin dituelako zuzenean eragin ustez jasandako kalteak, zehazki, errefuxiatu siriar horiek Turkian eta Iraken izandako gastuak, ezta Turkiara itzultzeko hegaldiarekin lotutako larritasun sentimendua ere.

Frontexen eginkizuna estatu kideei laguntza teknikoa eta operatiboa ematea da, horiek baitira itzulera-erabakien oinarria ebaluatzeko eta nazioarteko babes-eskaerak aztertzeko eskumena duten bakarrak, Luxenburgon egoitza duen auzitegiak gogorarazi zuenez. Beraz, iritzi du errefuxiatuak oker zeudela Frontexen jokabidea bestelakoa izan balitz Turkiara itzuliko ez liratekeela pentsatzean.

Auzitegi Orokorrak ondorioztatu zuen, beraz, errefuxiatuek ez dutela aurkeztu alegatutako kalteen eta Frontexi egozten zaion jokabidearen arteko kausazko lotura nahikoa zuzenaren frogarik.