AZTI zentro teknologikoko ikerketa-taldeak txitxarroaren eta berdelaren migrazio- eta biologia- aldaketak aztertu ditu 1992tik, eta ondorioztatu du, itsasoa berotzen den gradu bakoitzeko, berdelak 370 km iparralderantz eramaten duela errutea, eta txitxarroak, berriz, 12 egun inguru aurreratzen duela ugalketa. Alegia, egokitu egin dira ozeanoen berotzera.
Emaitzak baliagarriak izan daitezke arrantza kudeaketako estrategiak egokitzeko eta klima-aldaketaren testuinguruan habitaten etorkizuneko proiekzioak hobetzeko. Ikerlanak Europako finantzazioa izan du, eta LIFE IP Urban Klima 2050 (IHOBEk koordinatua) eta FutureMARES proiektuen esparruan garatu da.
Poloetara egin diren migrazio-aldaketak eta urtaro erritmoen aldaketak arrainen ozeanoen tenperaturaren igoerara egokitzeko ohiko estrategiak dira. Orokorrean, prozesu independente gisa aztertu izan dira, baina AZTIk egindako ikerketa berri batek bi faktore horiek konbinatzea proposatu du, sakon aztertzeko nola eragiten ari den uraren berotzea arrantza-baliabide nagusietan.
Zehazki, zentro teknologikoko adituek txitxarroak eta berdelak arrautzak erruten dituzten bitartean dituzten egokitzapen-estrategiak ikertu dituzte, momentu hori kritikoa delako beren bizi-zikloan. Horretarako, 1992tik ipar-ekialdeko Atlantikoko uretan espezie horien arrautzen kanpaina ozeanografikoetan bildutako datuak aztertu dituzte. Ikerketa Ecological Indicators aldizkarian argitaratu dute.
«Ikusi dugunaren arabera, itsasoaren tenperaturaren igoeraren aurreko neurri gisa, hau berotzen den gradu bakoitzeko, berdelak bere banaketa desplazatzen du 370 km iparralderantz desobearen unean. Txitxarroak, bestalde, 12 egun inguru aurreratzen du ugaltzeko garaia», azaldu du Guillem Chust AZTIko Klima Aldaketaren arloko koordinatzaileak.
Ikertzaileak jakitera eman duenez duenez, laginen analisiak dio arrainen aklimatazio biologikoak itsasoaren berotzera latitudeko momentua eta posizioa konbinatu edo bazter ditzakeela, espeziearen ezaugarri biologikoen arabera. Gainera, migrazio aldaketak arinak direnez, gaur egun ez dirudi aldaketa horiek berdelarekin eta txitxarroarekin lotutako arrantza-jarduera aldatzen dutenik Bizkaiko golkoko flotentzat. Hala ere, stocken adierazle horien aldizkako jarraipena egin behar da, klima aldaketaren aurreikuspenek ozeanoa orain arte ikusitakoa baino gehiago berotzea adierazten baitute.
«Ezagutza berri horiek baliagarriak dira arrantza kudeaketako estrategiak egokitzeko eta habitaten etorkizuneko proiekzioak hobetzeko, klima aldaketak itsas ekosisteman izan dezakeen eragina aztertzea ezinbestekoa den testuinguru batean», azpimarratu du Leire Ibaibarriagak, azterlanaren egileetako batek.
«Klima aldaketak gure ozeanoetan duen eragina ezagutzea funtsezkoa da itsas baliabideen kontserbazioa hobetzeko eta arrantza eta itsas espazioaren antolamendua modu jasangarrian kudeatzeko», ondorioztatu du AZTIko adituak.