NAIZ

Euskaltzale independentistak Villabonan batuko dira urriaren 7an eta 8an

Euskalgintza eta independentismoa uztartu eta elkarren indarrak batuz biderkatu asmoz, Euskal Herrian Euskarazek lehen aldiz euskaltzale independentisten topaketak antolatu ditu. Urriaren 7an eta 8an izango dira, Villabonan.

Villabonan aurkeztu dituzte euskaltzale independentisten topaketak.
Villabonan aurkeztu dituzte euskaltzale independentisten topaketak. (Gorka Rubio)

Euskara eta independentzia ardatz hartuta, hainbat gairen inguruko hausnarketak egingo dituzte urria hasieran Villabonan, Euskal Herrian Euskarazek estreinakoz antolatutako Topaketak izango baitira.

Ostegun goiz honetan aurkeztu dituzte urriaren 7 eta 8rako antolaturiko topaketak Villabonan bertan, eta hiru helburu nagusirekin antolatu dituztela azaldu dute: «Batetik, prozesu euskaltzaleak eta burujabetzaren aldekoak elkar nola elikatu dezaketen hausnartzea; bestetik, euskalgintzaren erronka berrien inguruan hausnartu eta Euskararen Errepublikaren norabidean kokatzea; eta azkenik, euskaltzale independentiston komunitatea saretzea eta indartzea». Hori lortze bidean, egitarau zabala antolatu dute asteburu horretarako. Online bidez eman beharko da izena.

Larunbatekoa izango da egun nagusia (urriak 7); 10.00etan abiatuko dute eguna «Euskararen errepublika eraikiz» mahai-inguruarekin. Bertan, Amets Arangurenek, Amets Arzallusek, Eneko Bidegainek, Estitxu Garaik eta Lorea Agirrek hartuko dute parte. Hizlari bakoitza bere esperientzia eremutik arituko da agerraldian aurkeztu dutenaren arabera, eta hiru galdera nagusiri erantzun beharko diotela aurreratu dute, «Euskararen errepublika zergatik, nola eta nolakoa». 12.45ean egingo da ekitaldi politikoa Ama Lurra plazan eta guztiek elkarrekin bazkalduko dute ondoren.

Arratsalderako gaurkotasunari lotutako sei tailer antolatu dituzte; hala nola, kulturgintza hezkuntzan, euskaldunen aurkako erasoak, intersekzionalitatea, Pantailak Euskaraz, gazteak euskararen borrokan edota tokiko borrokek hartuko dute leku. Iluntzean, berriz, jai giroa nagusituko da, elektrotxaranga eta kontzertuak egongo baitira: Yogurinha Borova, Gora etorri eta DJak.

Igandeko egitaraua xumeagoa izango da, 11.30ean EHEn murala margotuko dute, eta Erreboteko plazan pilota ikuskizuna izango da jarraian. Amaitzeko, Iratzar tabernan marianitada egingo dute eta Euskaltzale independentisten toka txapelketa.

«Euskararen Errepublika»

Topaketen jatorria pandemia garaian EHEren baitan egindako «Astindu» prozesuan dagoela azaldu dute. Barne-prozesu horren baitan, EHE-k bere oinarri ideologikoa, antolakuntza eredua eta etorkizuneko lan-ildoak berrikusi zituen; baita lehen aldiz, esplizituki, eragile independentista modura beren bura aitortu ere, «Txillardegik zioen bezala guk ere ergi ikusten baitugu: estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; gabe, ziur ezetz».

«Espainiar eta frantziar estatuen menpe ez dugu egun bizi dugun diglosia egoera hau
gaindituko eta beraz, Euskararen Errepublikaren aldeko apustu sendoa egiten dugu», adierazi dute eta Euskal Herria berreuskalduntzeko bidean, euskaltzaleen eta independentisten «indarrak bateratu eta norabide berean arraun egiteak» duen garrantzia azpimarratu.  «Atzera begira eta defentsiban nahi gaituzten honetan, euskaltzaleok aurrera begira eta herri eraikuntzarako perspektiban kokatzeko ekarpena egin nahi dugu».

Abesti propioa

Topaketetarako soinu banda propioa ere sortu dute. Abuztuaren 24an aurkeztu zuten abestia Bilbon, Aste Nagusiaren baitan Euskalgunean eta Hau Pittu Hau konpartsaren eskutik.

Xabier Amurizaren hitzekin Oskorrik musikatutako Euskal Herrian Euskaraz kantuaren bertsio bat da. Kantuaren sortzailea Kimetz Zenitagoia ‘Dummy’ da eta bertan parte hartu dute ‘Moro’ (Bad Sound System), ‘Xagu’ (Iheskide) eta Julene nahiz Magali (Gora Etorri) abeslariek.