Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Hayao Miyazakirentzat da hirugarren Donostia Saria eta Javier Bardemek 2024an jasoko du berea

Animeren egile handia den Hayao Miyazakik jasoko du aurten hirugarren Donostia Saria. Birtualki jasoko du. Javier Bardem ere ez da Donostian izango, datorren urteko Inaugurazio Galara atzeratu baita bere sariaren ekitaldia.

Ruth Perez de Anucita Zinemaldiaren komunikazio arduraduna eta Jose Luis Rebordinos zuzendaria, irribarretsu, jaialdiaren aurkezpen ofizialean.
Ruth Perez de Anucita Zinemaldiaren komunikazio arduraduna eta Jose Luis Rebordinos zuzendaria, irribarretsu, jaialdiaren aurkezpen ofizialean. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Ohikoa duten legez, hedabideetako eta enpresa babesleetako ordezkariekin bildu dira Zinemaldiko zuzendaritzako kideak aurkezpen ofizialean.

Donostia Sarien ingurutik etorri da berria: Hayao Miyazakirentzat da aurtengo hirugarren Donostia Saria eta Javier Bardemek 2024an jasoko du bere garaikurra. Ez bata ez bestea ez dira Gipuzkoako hiriburuan izango aurten. Zuzendari japoniarrak Madrilgo aktorearen ordez irailaren 22an Inaugurazio Galan birtualki –Tokiotik– jasoko du saria eta Bardemek datorren urteko Irekiera Ekitaldira atzeratu du garaikurra jasotzea.

Victor Erice zuzendari karrantzarra izango da beraz 71. edizioan presentzialki Donostia Saria jasoko duen bakarra.

«Hollywoodeko grebaren eraginez bi aldeok horrela adostu dugu», azaldu du Jose Luis Rebordinos Zinemaldiaren zuzendariak. «Festa handia egitea merezi du Bardemek», gaineratu du.

Pozarren azaldu da Miyazakiri hirugarren Donostia Saria eman izanaz. «Zuzendari bezala daramatzadan hamabi urteotan sari ederrak eman ditugu baina benetan poztasun handia ematen dit sarietako bat aurten berak jasotzeak. Ametsa da bere film berriaren premier-a izatea eta orain, gainera, saria jasotzea, pentsa!», aitortu du.

Izan ere, ‘Kimitachi wa Do Ikiruka / The Boy and the Heron’ Miyazakiren lanak irekiko du aurten zinema jaialdia lehiaz kanpo. Irailaren 7an Torontoko zinema jaialdian izan berri da ‘Chihiroren bidaia’ bezalako filma ederren zuzendaria eta Donostiakoa Europako estreinaldia izango da.

«Munduko animazioak bere historia osoan eman duen pertsonarik garrantzitsuena da» Rebordinosen iritzian. «Eta badakit nor zen Walt Disney», gaineratu du.

Zuzendari japoniarrak erakusten dituen istorioen humanismoa nabarmendu du, «bere garaira aurreratutako filmak eta edertasun apartekoak» egin baititu.

‘Kimitachi wa Do Ikiruka / The Boy and the Heron’ zuzendariak idatzitako istorio originala da. Soinu-banda Joe Hisaishik egin du, Miyazakiren filmetako ohiko konpositoreak, hain zuzen. Udan Japonian estreinatu zen eta arrakasta ikaragarria lortu ere.

Manuel Perez Estremera Zinemaldiaren zuzendaria izana eta zendu berria gogoan izan du Zinemaldiaren arduradun nagusiak. «Lagun handia nuen. Gizon ederra zen. Lan isila egin zuen eta zaratarik gabe joan zen gauzak itsusitu zirenean. Publiko egitea esan nion nik. ‘Horrek min egingo lioke Zinemaldiari, eta banoa», erantzun zidan.

«Polemika artifiziala eta interesatua»

Josu Urrutikoetxeari Jordi Evole kazetariak eginiko elkarrizketak sortutako ‘polemika’z galdetu dio kazetari batek Rebordinosi. Polemika artifizialtzat jo du zuzendariak. «Ulertzen dut biktimek ondo ez hartzea baina polemikak artifizialak eta interesatuak dira. Alegia, gutunez dokumentala erretiratzeko eskatu zutenek berehala filtratu zuten prentsara. Oso pertsona gutxi dira filma ikusi dutenak. Eta zinema lanak ikusi egin behar dira lehenengo eta iritzia ondoren eman», adierazi du.

Zinema jaialdi batek eztabaida eta dialektika gune izan behar duela nabarmendu du Rebordinosek. «Hausnarketari bide egin behar dio eta gisa honetako dokumentalek debatea pizten dute», gaineratu du.

«Filma biktima baten adierazpenekin hasi eta bukatzen da, beraz horrekin dena esana dago» bere hitzetan. «Erakunde faxista eta hiltzailea izan zen ETA, hori esateko ez dut inoiz arazorik izan. Ez dago ETAren jarduna justifika dezakeen ezer, baina badira hainbat kontu azal daitezkeenak. Hori bai, Zinemaldiko buru naizen bitartean eta nire taldea nirekin ados dagoen bitartean, ez dugu inoiz ETA zurituko», esan du.

Epaimahaia

Claire Denis zinemagilea izango da Epaimahai Ofizialeko epaimahaiburua, eta ondoan izango ditu Fan Bingbing aktore txinatarra, Cristina Gallego ekoizle, errealizadore eta idazle kolonbiarra, Brigitte Lacombe argazkilari frantziarra, Robert Lantos ekoizle hungariarra, Vicky Luengo aktore espainiarra eta Christian Petzold zuzendari alemaniarra.

Zinemaldiko zuzendariak azaldu duenez, Estatu Batuetako Aktoreen Sindikatuak (SAG-AFTRA) deitutako grebak ez du eraginik izango Zinemaldiaren programazioan, aukeratutako film guztiak proiektatuko baititu, baina bai alfonbra gorria, batez ere «oso iparramerikarra» izango zen edizio batean.

Aurten Zinemaldira gerturatuko diren hainbat izen ere aurreratu zituzten: Juliette Binoche, Gabriel Byrne, François Cluzet, Emmanuelle Devos, Griffin Dunne, Aidan Gillen, Mads Mikkelsen, James Norton eta Dominic West, besteak beste.

Aurten Zinemaldira gerturatuko direnen izenak ere aurreratu dituzte: Juliette Binoche, Gabriel Byrne, François Cluzet, Emmanuelle Devos, Griffin Dunne, Aidan Gillen, Mads Mikkelsen, James Norton eta Dominic West, besteak beste.

Donostian izango dira Noah Pritzker, J.A. Bayona, Isabel Coixet, Michel Franco, Craig Gillespie, Jonathan Glazer, Kitty Green edo Todd Haynes. Baita Tran Anh Hung, Tatiana Huezo, Ladj Ly, James Marsh, Cristi Puiu, Valeria Sarmiento, Justine Triet, Fernando Trueba eta Javier Mariscal ere.

Sail Ofizialean, Joaquim Lafosse, ‘Un silence’ filmarekin parte hartzen duena, Daniel Auteuil eta Emmanuelle Devosekin etorriko da; François Cluzet eta Vincent Lacoste, berriz, Thomas Lilti ‘Un métier serieux’ filmaren zuzendariarekin bidaiatuko dute. Xavier Legrandek ‘The Successor’ defendatuko du eta Robin Campillok, ‘L' île rouge’ filmaren zuzendariak, Quim Gutierrez eta Nadia Tereszkiewicz aktoreekin batera.

Halaber, Jonathan Glazer, Christian Petzold, Matteo Garrone, Michel Franco, Nicolaj Arcel eta Mads Mikkelsen 'Io Capitano' filmeko protagonistak, eta Warwick Thornton (The New Boy) eta Craig Gillespie (Dumb Money) zinemagile australiarrak izango dira jaialdian.

Sarrerak

Programazioa Zinemaldiaren webgunean eta komunikabideetan argitaratuko da astelehenean, hilaren 11n. Irailaren 13tik aurrera, Film guztien gidak salduko dira Zinemaldiaren bulegoan (Tabakalera eraikineko bigarren solairuan, 10.00etatik 14.00etara eta 15.30etik 19.00etara, 2,20 euroren truke). Irailaren 16tik (larunbata) Zinemaldiak Kursaalen gaitzen duen informazio-puntuan egongo da eskuragarri (16tik 21era 9.00etatik 20.00etara eta 22tik 30era 8.30etik 22.00etara irekita).

Sarreren salmenta orokorra hilaren 17an hasiko da, 9.00etan. Egun horretan, Zinemaldiaren lehen hiru egunetarako sarrerak erosi ahalko dira (ostirala 22, larunbata 23 eta igandea 24); hilaren 18an (astelehena) hilaren 25ekoak (astelehena), 26koak (asteartea) eta 27koak (asteazkena) erosi ahalko dira, aurreko egunetako sarrera eskuragarriez gain; azkenik, hilaren 19an (asteartea) 28koak (osteguna), 29koak (ostirala) eta 30ekoak (larunbata), baita hurrengo saioetarakoak ere.