NAIZ

Bharat Indiaren ordez? Izen hori erabili du Modik ofizialki, G20a baliatuz

Azken boladan aipatzen ari zena gauzatu du Narendra Modi lehen ministroak bere herrialdean hartzen duen G20a baliatuz: Bharat-eko lehen ministro gisa ageri da. Honekin Estatuaren izenaren inguruko eztabaida hauspotu eta nazioartera atera du.

Narendra Modi lehen ministroa, goi-bileran.
Narendra Modi lehen ministroa, goi-bileran. (Ludovic Marin | AFP)

Narendra Modi Indiako lehen ministroak larunbatean hasi zuen G20ko goi-bilera baliatu du, nazioartean Bharat-en ordezkari gisa agertzeko. Honela identifikatu du bere burua idazkin batekin eta hitzaldi batean.

Lehen aldia da agintari indiarrak ekitaldi ofizial batean Bharat terminoa erabiltzen duela, bere herrialdea izendatzeko. Panhindu mugimenduaren aurrerapauso bat adierazten du honekin.

«Hemendik kilometro gutxira, 2 500 urteko antzinatasuna duen zutabe bat dago, eta bertan idatzita dago beti bermatzen dela gizateriaren ongizatea eta zoriona. Bharateko lurrak mezu hau eman zion munduari. Has dezagun G20ko goi-bilera mezu hau gogoratuz», esan du Modik.

Bharat hitzaren erabilera eztabaidagai izan da aste honetan Indian, Droupadi Murmu Asiako herrialdeko presidentearen G20ko afari ofizialerako gonbidapenek Estatuburua «Bharateko presidente» gisa aurkeztu ondoren.

Gonbidapen horren ondoren, Sambit Patra BJPko bozeramaileak partekatutako beste dokumentu ofizial bat etorri zen. Bertan, Modik aste honetan Indonesian izan zen ASEAN-India goi-bilerara joan zela baieztatu zuen, eta agintaria «Bharateko lehen ministro» izendatu zuen.

Bi dokumentu horiek espekulazioak sustatu dituzte oposizioko alderdien artean, Modik Estatuari izena aldatzeko asmoei buruz.