NAIZ

EH Bilduk eta EH Baik askapenean eta politika publikoetan jauzi egitea bultzatuko dute

EH Bilduk eta EH Baik elkarrekin abiatu dute kurtso politiko berria, Hiriburun. Euskal Herriaren askapen prozesuan jauzi egin behar dela eta hori bultzatzen saiatuko direla nabarmendu dute. Lizarra-Garaziko Akordiotik 25 urtera, «susperraldi nazional» hartatik ateratako ikasgaiak baliatuko dituzte.

EH Bildu eta EH Bai, Hiriburun egindako bileran. Elkarrekin abiatu dute kurtso politiko berria.
EH Bildu eta EH Bai, Hiriburun egindako bileran. Elkarrekin abiatu dute kurtso politiko berria. (Guillaume FAUVEAU)

EH Baiko eta EH Bilduko zuzendaritza politikoek bilera egin dute larunbat goiz honetan Hiriburun, ikasturte politikoari batera hasiera emateko. Bilkuraren atsedenaldian, Nikolas Blain (EH Bai) eta Arnaldo Otegi (EH Bildu) hedabideekin mintzatu dira Euskal Herriak dituen arrisku eta aukerez. Hertsiki loturik ikusten dituzte euskal herritarren ongizatea eta Euskal Herriaren subirautza. Munduko anabasa orokorrak zutoin irmoak eskatzen dituela uste dute, gainera.

 

 

Erran dutenez, «segurtasuna da ezker subiranismoaren eskaintza. Herri gisa bizirik irauteko konbikzioa eta proiektu sendoa dugu, gero eta jende gehiagoren parte-hartzearekin hornitzen doana. Hori erakusten dute bi indar politikook azken hauteskundeetan jaso ditugun emaitzek. Euskal Herria ziklo politiko berri batean sartu da».

Aldaketa globalek eragindako askotariko krisiek bete-betean jotzen gaituztela azaldu dute. «Gure metabolismo komunitarioa arriskuan dago, eta horrek bidegurutze historiko batean kokatzen gaitu».

Gure herriak aurrera egin behar duela baieztatu dute, garaiko erronkek eskatzen duten neurrian. «Arnasberritze nazional baten beharra dugu, bulkada nazional berri batena. Jauzi bat Euskal Herriaren askapen prozesuan: jauzi bat naziogintzari lotutako hainbat arlotan, lurralde artikulazioan eta Euskal Herritik Euskal Herrira pentsatu eta garatutako politika publikoetan».

Azken hilabeteetan egin bezala, EH Bai eta EH Bilduren arteko harreman politikoak sakontzeko lanean segituko dutela hitz eman dute, luze gabe, ekimen politiko bateratuak martxan jartzeko xedearekin. «Euskal Herriaren nazio izaera indartzeko, bere etorkizuna erabakitze bidean aukera eta ate guztiak parez pare irekiak izan ditzan. Egin dezagun guztiok bultza», egin dute dei.

Burujabetzari indar berriz heldu, Lizarra-Garazi gogoan

Une politikoa ongi irakurriz, gatazka politikoaren oinarrian dagoen burujabetzaren auziari indar berriz heltzeko unea dela defendatu du Nikolas Blain EH Baiko koordinatzaile orokorrak. «Jauzi bat eman behar da nazio aitortza eta hortik eratortzen diren eskubideak egikaritu ahal izateko».

 

 

Nola ez, Lizarra-Garaziko akordioa Euskal Herriaren susperraldi nazionalean izan zen mugarria oroitu dute. Asteartean, irailaren 12an, 25 urte beteko dira ekimen gogoangarri horretatik.

Otegi: «Ez dago alderdi bezala jokatzerik»

Ikuspuntu abertzale batetik ezin dugula gure herria zazpi lurraldez osatutako nazio bat dela ahantzi erran du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak.

 

 

Lizarra-Garazi martxan jarri zutela oroitzea ez dela «ariketa nostalgiko bat» argitu du. «Handik hona gauza asko aldatu dira, baina orduko egiturazko arazo asko hemen dauzkagu oraindik ere. Esperientzia historiko hartatik bi ikasgai aterako nituzke, momentu honetan ere baliagarriak izan daitezkeenak: lehenengoa, Euskal Herria nazio ikuspuntutik eraikitzen dela, eta bigarrena, Euskal Herria eraikitzeko nazio bezala jokatu behar dugula. Ez dago alderdi bezala jokatzerik, herri gisa jokatu behar dugu».