NAIZ

Ehun urtean lehen aldiz hauteskundeak galdu dituzte laboristek Norvegian

Kontserbadoreek udal hauteskundeak irabazi dituzte Norvegian, mende batean laboristen lehen porrota eraginez.

Lehen ministro laborista, Jonas Gahr Støre.
Lehen ministro laborista, Jonas Gahr Støre. (Terje PEDERSEN | AFP)

Oposizioko Alderdi Kontserbadoreak udal eta eskualde hauteskundeak irabazi ditu Norvegian, eta Alderdi Laboristak ia egun urtez lehen porrota jaso du herrialde eskandinaviar horretako boz batzuetan, Hauteskunde Agintaritzak astearte honetan kaleratu duen azken zenbaketaren arabera.

Kontserbadoreek botoen %25,9 lortu dituzte (ia sei puntu gehiago), Jonas Gahr Støre lehen ministroaren laboristen %21,7ren aurrean.

1924ko Legebiltzarrerako hauteskundeetatik ez zuten hauteskunderik galtzen Norvegiako sozialdemokratek.

Alderdi ultraeskuindarrak %11,4 lortu du, Zentroko Alderdiaren (%8,2) eta Ezkerreko Alderdi Sozialistaren (%6,8) aurretik.

Oslon ere

Eskuineko oposizioak, gainera, Osloko alkatetza berreskuratu du, baita Bergenekoa ere, herrialdeko bigarren hiri populatuena.

«Kanpaina ona egin dugu eta errekuperatu gara, baina ez nahikoa. Emaitza baxuegia da eta anbizio handiagoak ditugu», onartu du Størek. Hala ere, kargua uzteko asmorik ez duela ziurtatu du.

Støre Zentroko Alderdiarekin gutxiengo gobernu baten buru da 2021etik, eta gehiengoa du sozialisten kanpoko babesarekin.

Eredu nordikoa kolokan

Norvegia eskuinera egiten duen Europako Iparraldeko azken herrialdea da. Finlandian ere gauza bera gertatu da eta Suedian ere gero eta arazo handiagoak dituzte sozialdemokratek botereari eusteko.

Gainera, errefuxiatuen eta etorkinen auzia dela eta, beti hor egon den ultraeskuina gero eta indar gehiago lortzen ari da.

Eskandinaviako herrialdeek historikoki sozialdemokratek gidatutako gobernuak izan dituzte eta ongizatean oinarritutako sistema oso sendoak eratu dituzte, Europako ezkerreko hainbat sektoreentzako eredu bilakatuz.