Nerea Lauzirika
Bilbo

El Vivero adingabeentzako zentroko langileek greba mugagabea hasi dute haren itxieraren aurrean

Galdakaoko El Vivero adingabeentzako zentroko langileek greba mugagabea hasi dute, LAB eta ELA sindikatuek deitua, azpiegitura hori itxi behar dutela eta kaleratu nahi dituztelako. Salatu dute Landalan elkarteak ez duela subrogazio legea bete eta Bizkaiko Aldundiari inplikazioa eskatu diote.

Elkarretaratzea egin dute Bizkaiko Foru Jauregiaren aurrean.
Elkarretaratzea egin dute Bizkaiko Foru Jauregiaren aurrean. (Oskar MATXIN | FOKU)

El Vivero adingabeentzako zentroko langileek, LAB eta ELA sindikatuek deituta, greba mugagabea hasi dute elkarretaratze batekin. Bizkaiko Foru Jauregiaren aurrean salatu dute Landalan elkarteak ez duela subrogazio legea bete eta Galdakaoko zentroko langileak kaleratuko dituztela. Halaber, aldarrikatu dute horrelako zerbitzuek publikoak izan beharko luketela, langileen zein zerbitzuaren erabiltzaile diren adingabeen mesedetan.

«Gure haserrea adierazi nahi dugu azken urteotan administrazio publikoak, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailak, hain zuzen ere, tratatu gaituen moduagatik», hasi dute hitzartzea langileek. Izan ere, azaldu dute sailaren arduraduna zen Sergio Murillok zein orain buru den Amaia Antxustegik ez dutela bermatu hitzarmen kolektiboa betez gero gauzatu beharko litzatekeen subrogazioa.

Horrez gain, adingabeen ardura duen eta langileak kontratatu izan dituen Landalan elkartearen «utzikeria» ere salatu dute: «Aldundiak zein Landalanek mespretxatu egin ditu bi hamarkadatan zehar egindako sakrifizio guztiak, eta EEE Enplegu Erregulazioko Espediente batekin erantzun digute, 19 lagun kalean utziz».

Orain kaleratu nahi dituzten langileek Zornotzako Lehen Harrerako Zentroan egiten zuten lan, 2021eko abenduan hura eraberritzeko lanak hasi eta El Viverora behin-behinean aldatu zituzten arte. Aipatutako zentroa erabat masifikatuta zegoen eta instalazioak nahiko egoera txarrean. Eraberritze lanak bukatuta izena aldatu diote eta baita hura kudeatzeaz arduratuko den erakundea ere. Langileek haien postua mantendu beharko lukete kudeatzailea aldatuta ere, hori dio hitzarmen kolektiboak. Ordea, azaldu dute Landalanek ez dizkiola zentroa kudeatzeaz arduratuko den Adaka-Agintzari kooperatibari subrogazioa gauzatzeko datuak pasatu eta, ondorioz, kaleratu egingo dituzte.

Zentroen masifikazioa

Bizkaiko Aldundiak Galdakaoko El Vivero zentroa ixteko asmoa dauka eta elkarretaratzean langileek hura zabalik mantentzeko beharra azpimarratu dute. Izan ere, azaldu dute funtzionatzen duen zentro bat ixteak gainontzekoen masifikazioa dakarrela, dagoeneko beteta baitaude.

Gogora ekarri dute inoren ardurapean dauden adingabeak direla artatzen dituztenak, bereziki zaurgarriak direnak, hain zuzen ere. Adierazi dute behar bezalako gizarteratze prozesu bat gauzatu dadin baliabide egokiak behar dituztela eta daudenak kentzea kontrako bidetik joatea dela.

Halaber, zerbitzuaren publifikatzea galdegin dute: «Beste behin ere argi geratu da publikoak izan beharko luketen eta aldundiaren mende dauden zerbitzuen pribatizazioak langileen miseria dakarrela». Horregatik, langileek mobilizazio-ziklo bat hastea erabaki dute gaurko elkarretaratzearekin, «langileen eta egoiliarren lan- eta bizitza-baldintza duinen alde, lanpostuen alde eta kaleratzeen aurka».