NAIZ

Eskola-garraio arazoa Hezkuntzaren «kudeaketa txarraren» zati bat baino ez dela salatu dute

Ehigek, ikasleen gurasoek, eskola-garraioa berma dezan exijitu dio Lakuako Hezkuntza Sailari eta garraio enpresei Steilasek bere «kudeaketa txarraren izozmendiaren tontorra» baino ez den gatazka baten aurrean. Sindikatuak irakasle falta ere salatu du, «ikasturte hasierako ohikoa».

Asteartean Aiarako Etxaurren ikastolan egindako mobilizazioaren irudia.
Asteartean Aiarako Etxaurren ikastolan egindako mobilizazioaren irudia. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Steilas sindikatuak salatu duenez, Hezkuntza Sailaren «kudeaketa txarraren, planifikazio faltaren eta ikastetxe publikoekiko utzikeria politikoaren izozmendiaren tontorra» baino ez da eskola-garraioan bizi den gatazka eta Ehigek zerbitzu hau berma dezan eskatu dio Bildarratzen sailari.

Ehigetik, Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederaziotik, ohar baten bidez adierazi dutenez, arazo hau «ez da berria», joan den ikasturtean «antzeko egoera bat bizi izan baitzen, azken unean konpondu zena».

Steilas sindikatuaren arabera, hiru urte igaro dira Jokin Bildarratz sailburu berriak eta bere lantaldeak «Hezkuntza Sailaren lema hartu zutenetik, eta, beraz, 100 egun igaro dira soberan, eta hasiera batean onargarriak izan zitezkeen akatsak zuzendu beharko lirateke».

«Hezkuntza eskubidea ukatzen ari den» gatazka «berehala» konpontzeko eskatu die Gurasoen Konfedereazioak sail honi nahiz garraio enpresei. «Ikasturtea hasita, Arabako eta Bizkaiko ikastetxe publikoetako milaka ikaslek ezin dute hezkuntzarako eskubidea erabili, garraioa ez zaielako bermatzen ari», deitoratu dute.

«Ukitzen duen guztia hondatzen du»

Sindikatuak ohartarazi duenez, «ikastetxeetan irakasleak falta dira, baina hau ez da berririk, zoritxarrez ikasturte hasierako ohikoa bihurtu da». Ildo horretan, gaur egun «800 ikastetxe eta 160.000 ikasleren ikasketak arautzen dituzten Ikasturte Hasierako Ebazpenak argitaratzeke» daudela adierazi du.

Jarraibide horiek ebazpen bidez argitaratzen dira, eta «ikasturte bat hasteko ezinbesteko tresnak dira, hezkuntza-antolaketari eta -plangintzari buruzko alderdiak jorratzen baitira», azpimarratu du.

«Gaur egun daukagun Hezkuntza Sailak ukitzen duen guztia hondatzen du, familiak eta langileak haserreraziz, eta, bitartean, sailburuak gezurra esaten du kudeaketa txarraren errua besteei botatzen».