Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Euskal irudigileak: atzerrian ezagunak, anonimoak etxean

2003. urtean, Euskal Irudigileak elkarteari alta emateko paperak egitera joan zirenean, Erregistroan ez zekiten non sartu: toreroak, saltinbankiak... Bi hamarkada hauetan sektore honek –gaztea, feminizatua, eta estiloz anitza denak– nazioartean duen presentziaz etxekook ez gara jabetu.

Maria Altuna eta Asier Iturralde, Gaston, erakusketan.
Maria Altuna eta Asier Iturralde, Gaston, erakusketan. (Oskar MATXIN | FOKU)

«Ilustrazioa oso presente dago gure bizitzetan. Ezinezkoa da irudirik gabeko errealitate bat imajinatzea. Gure gizartean presente egon arren, egileen lana ezezaguna izan ohi da», irakur daiteke ‘Euskal Irudigileak, 20 urte’ erakusketaren katalogoan. Ados, baina non aurki ditzakegu zehazki ilustrazioak? Bururatzen zaizkigunak betiko ‘klasikoak’ dira: haurrei zuzendutako liburuak eta komikiak.

Maria Altunak (Zizurkil, 1988) zerrenda luzatu digu: «Toki askotan gaude, euskarri asko daudelako: ez da soilik umeen liburuetan, banketxeetako karteletan, prentsan, jaialdien iragarkietan, autobusetako diseinu grafikoan... gaude, eta ez zara konturatzen hor atzean pertsona bat dagoela!».

Bizkaiko Batzar Nagusietako erakusketa aretoan gaude, Hurtado de Amezaga kalean, Bilboko erdigunean. Irailaren 28ra arte dago ikusgai bertan Euskal Irudigileak elkarteak bere sormenaren 20. urteurrenaren karietara prestatu duen erakusketa ibiltaria. Hemendik, Donostiako Literaktum jaialdira joango da, euskal hiriburuetan zehar egingo duen biran, eta gero, Latinoamerikako jaialdirik ospetsuena den Mexikoko Guadalajarako FIL azokara. Nazioarteko azoketan euskal irudigileek izan duten presentzia ez da txantxetakoa.

Erakusketa Bilbon egongo da ikusgai irailaren bukaera arte, gero Donostiara joango da eta, ondoren, Guadalajarako FIL jaialdira. Hego Euskal Herriko hiriburuetatik bira egingo du ere.

Bilboko  aretoan bertan egin dugu hitzordua Maria Altunarekin, elkarteko lehendakaria, eta Asier Iturralde, Gaston-ekin (Donostia, 1972), lehendakariordea. Maria Altuna ilustratzailea da; emakumeon memoria landu du, esaterako, Placida Otaño lehen bertsolari emakumearen inguruan egin duen proiektuan. Artisaua ere bada, zeramikaz sortzen dituen objektu bereziak interneten duen web orrialdean aurki daitezke.

Asier Iturralde, Gaston, diseinatzaile grafikoa da lanbidez eta komikigilea bihotzez. Hainbat erakusketa eta sari lortu ditu. Aurki beste komiki bat aterako duela aurrera daiteke.

Biak ere, sektoreak eta, zehatzago, elkarte honek duen aniztasunaren adibidetzat jo daitezke: elkarteak 173 kide ditu –aurpegia jarri diegu, bakoitzak erakusketako kartelerako egin duen karikaturari esker–, kide bakoitza bere estilo propiorekin, bere unibertso propioarekin eta erabili ohi duen euskarriarekin. «Azken urteetan sektorea pila bat hazi da. Orain dela hogei urte jendeak ez zekien ilustrazioaren arloa zer zen: fanzineak edo umeen liburuak ziren, eta ez zen hortik ateratzen. Gaur egun, gainera, emakume asko dago, feminizitatuta dago sektorea erabat; ez dakit zergatik, baina horrela da», aipatzen du Iturraldek. «Lehen, ateratzen zinen Arte Ederretatik eta autodidakta behar zenuen izan, baina egoera erabat aldatu da. Orain ilustrazioa ikasteko akademiak daude, karrera bat eta masterrak...», gehitu du.

Bilbon egunotan ikusgai dauden irudi batzuk. (Oskar MATXIN /foku)

 

Animazioaren munduak ere bultzada handia izan du gurean. «Euskadi mailan apustu handia egin da horren alde», egiaztatu du Altunak. «Bideojokoak egiten dituztenak daude elkartean –gehitu du lehendakariordeak–, beste batzuek publizitate iragarkiak egiten dituzte, beste batzuek antzerkirako lan egiten dute, beste batzuek ilustrazio zientifikoa... Orain master bat dago Arte Ederretan, honi buruzkoa, adibidez». Halere, gauzak ez dira arrosa kolorekoak: «Sektorea berez, orokorrean, nahiko prekarizatuta dago –gehitu du komikigileak–. Gero eta gehiago ikusten da ilustrazioa, baina halere, gertaera edo mugarri zehatz batzuei lotuta dago; hau da, sariak lortu dituzunean, salduenen artean egoten zarenean edo data zehatz batzuetan. Ez da kontsumo masiboko zerbait; kalean gaude, baina jendea ez da ohartzen».

Izena lortzea, maratoia

Izena lortzea, maratoia Ezaguna egitea, izen bat lortzea, ez da erraza sektore honetan. Pazientziaz egin beharreko bide bat omen da; maite egin behar duzu, bestela, jai.

Halere, harrigarria da bi hamarkada hauetan egin den bidea: komikiaren munduan, lehen mailako Astiberri argitaletxea hemen dago, euskal argitaletxeak ilustrazioa eta komikia bultzatzen ari dira espresuki, eta ez bakarrik haurrei zuzendutako lanekin: hor daude ‘Black is Beltza’ proiektu multidiziplinarra edo Joseba Larratxe Joseviskyren ‘Ni ez naiz Mikel Laboa’ bezalako nobela ilustratuak. «Hemen, gainera, euskarazko argitalpenak ditugu, guri indarra ematen digutenak –gehitu du Asierrek–. Argitaletxeekin (Elkar, Erein, Ibaizabal...) testuliburu asko egiten ditugu, eta horrek lan pila ematen du. Gainera, hemengo testuliburuak hemen egiten dira».

Betiko izen handiak daude sektorean, baita azken urteetan atera diren berriak ere, sari ugari jaso dituztenak eta prestigiodunak direnak nazioartean. Eta Irudigileen Elkarteak antzeko bidea egin duela pentsa daiteke, pazientziaz eta, batez ere, inurri lana eginez. 2003an sortu zenean, Kataluniako elkartea zuten eredu; gaur egun, ordea, Estatuan bost elkartek osatzen duten FADIP-en barnean (Federacion de Asociaciones de Ilustradores/as Profesionales), euskaldunak dira lehendakariak eta Europarako ordezkariak. Katalunia, teorian, indartsuena den arren –ilustrazioaren industria han egonik, ilustratzaile ugari han errotu dira–, euskal elkarteak indar handia hartu du sektorean. Hogei urtetan asko egin baita zubi lana eginez: dirulaguntzak, ikusgarritasuna eta lanbidearen duintasunaren aldeko lana.


Tourretik Zinemaldira

Tourretik Zinemaldira Nork pentsatuko zukeen, orain urte batzuk, aurki hasiko den Donostiako Zinemaldia manga batekin inauguratuko zenik –Hayao Miyazakiren ‘The Boy and the Heron’– edo Urrezko Maskorraren lehian euskal zinemagile baten animazio film bat egongo zenik, Isabel Herguera donostiarraren ‘Sultanaren ametsa’ legez? Eta uztailean pasa den Tour-aren kartela euskal ilustratzaile batek, Raisa Alavak, egingo zuenik? Berdin, Itzuliarekin: «Lortu zen, eta erabaki zen Euskadi saria irabazten zuenak Itzuliko kartela egingo zuela. Erakusketan duzu aurtengoa, Maite Mutuberriak egin duena», argitu du Maria Altunak.  

Zer aldatu da? Lehen, mota horretako argitalpenak frikien kontuak ziren... «Nik uste dut prestigioa irabazi duela –dio Iturraldek–. Lehen umeentzako gauza bat edo bazterretan zegoen zerbait zen, frikia, eta orain, prestigioa irabazi du. Ez du lotsarik ematen komiki bat erosteak [barreak] edo animazio pelikula bat ikustera joateak, orain ‘jakintsuen’ kontu bat delako. Gainera, orain arte argazkigintzak izan du sekulako indarra gauzak iragartzeko, eta sumatzen dut horrek asko galdu duela; guk, ordea, irabazi egin dugu eremu hori. Eta horregatik sartu gara toki askotan».