«Futbolaz bakarrik hitz egiteko irrikan gaude»

Realeko jokalariak eta agintariak pozik agertu dira greba bertan behera utzi eta denboraldiari ekitea ahalbidetuko duen akordioagatik. Jokin Aperribayk Reala ematen ari den urratsak azpimarratu ditu sponsor berriaren aurkezpenean. Amaiur Sarriegik ez du Federazioaren deirik jaso.

Leti, Eizagirre, Amaiur eta Franssi aurten jantziko dituzten kamisetekin.
Leti, Eizagirre, Amaiur eta Franssi aurten jantziko dituzten kamisetekin. (Real Sociedad)

Irribarreak nagusi izan dira Realak Donostian antolatutako ekitaldian. Alde batetik, «Viajes Halcon»-ekin emakumezkoen taldea babesteko sinatu duen akordioa aurkeztu delako eta, Natalia Arroyok azpimarratu duen bezala, beti eskertu behar delako emakumezkoen kirolaren aldeko apostua. Eta bestetik, eta batez ere, oso ordu gutxi lehenago sinatu delako kluben eta jokalarien arteko akordioa, futbolarien baldintzak hobetuko dituena eta denboraldiari asteburu honetan bertan ekitea ahalbidetuko duena.

«Futbolaz bakarrik hitz egiteko irrikan gaude. Partidaz, estrategiaz, taktikaz… Azken finean, gehien gustatzen eta hoberen egiten dugunaz, futbolean jokatzeaz», esan du Amaiur Sarriegik.

«Aste konplikatuak izan dira emakumezkoen futbolarentzat –onartu du Nerea Eizagirrek–. Denok nahi dugu jokatzea, horretan denok geunden ados. Baldintza duinak lortu ditugu, denok gaude pozik eta garrantzitsuena igandean jokatuko dugula da, gainera hain oroitzapen onak sortzen dizkigun Granadan».

Mezu berari eutsi dio Garbiñe Etxeberriak, aurreko asteak bulegoetan gorabeheratsuak izan direla onartu ondoren. Baina lortutako akordioarekin pozik agertu da, batez ere jokalariek kluben ikuspuntua ulertu dutela uste duelako, Realak beren futbolariena ulertzen duen bezala. «Guk ulertzen dugu jokalarien egoera, guk ere nahi dugu jokalariak gustura egotea eta baldintza onenetan egotea. Hori beraiek badakite, guk lan hori egiten dugula. Baina orokortasun batetik ikusita, perspektiba irekiagoan konturatu behar dira honek ibilbidea luzea duela eta ezin dela izan “nik nahi dudana orain lortu”. Goazen lan hori egitera, beraiek nahi duten hori, ibilbide luzeago batekin lortzeko. Greba egiteko eskubidea dute eta klubak errespetatu egin du. Baina uste dut une bat heldu dela, non lehiaketari bideragarritasuna eman behar zaiola konturatu diren, bakarrik soldatei buruz hitz egin barik. Ikuspuntua zabaldu dugu eta konturatu direla uste dut. Une garrantzitsua izan da eta hemendik aurrera horrela ulertzen jarraitzea espero dut, euren eskubideen alde borrokatu dezatela baina ikuspegi zabal batekin».

Realeko kirol zuzendariak, jokalari zuri-urdinek bezala, gai hori itxitzat eman eta futbolaz hitz egin nahi du hemendik aurrera. Ilusioz itxaroten duen denboraldi berriaz. «Denboraldiaurre polita egin dugu eta taldea hasteko irrikitan dago. Buruan daukaguna, azken urteotako ibilbidearekin jarraitzea da. Iazko denboraldia ez zen hain polita izan, pixka bat konplikatua izan zen oso goian egotetik gentozelako. Iazkoa hobetu behar dugu bai ala bai. Teoria da hori eta haztea ez da erraza, baina lortzeko moduko taldea daukagu». Ildo honetan, taldea «oso luzea ez dela» onartu du «baina jokalari onak ditugu. Egia esateko, zaila izaten da honi buruz hitz egitea. Azken urteotan ikusi da, ustez galera handiak eduki ditugunean, emaitzak oso onak izan dira. Eta iaz ustez talde hobeagoa genuenean, ez ziren emaitzak etorri. Baina gustura gaude, Nataliak eskatutako jokalariekin osatu dugu taldea. Motzagoa da baina filiala ere hortxe dugu eta jokalari horiek ere maila onean daude».

Etxeberria ez da ausartzen helburu finkoak ezartzen, «baina denok ditugu gauza horiek buruan. Ez dugu esaten baina gauza politak jokatu nahi ditugu. Hirugarrena izateak saria du, Kopa final batera iristea zein polita den… Horiek dira gure aukerak. Ez naiz ausartzen zer edo zer zehatza esaten, baina gauza handiak lortu nahi ditut. Erronka goian egotea da, talde onenetatik gertu ibiltzea, iazkoa hobetu eta, batez ere, gure afizioa pozik ikustea, Zubietara gerturatzen direnei garaipenak eskaintzea».

Federazioaren deirik ez

Zoritxarrez, hitzarmen kolektiboarena ez da kiroletik kanpoko arloan gori-gorian dagoen gai bakarra. Espainiako Federazioaren auziak, izan ere, sustrai sakonagoak ditu eta, agian horregatik, irtenbidea konplexuagoa dirudi.

Baldintzak hobetzeko eskatzeagatik Espainiako selekziotik kanpo geratu ziren jokalarien artean daude Amaiur Sarriegi eta Nerea Eizagirre. Baita beren jarrerari eutsi ziotenen artean, nahiz eta horrek Munduko txapelketa jokatzeko aukerarik gabe utzi zituen. Telebistatik jarraitu behar izan zuten lagunen arrakasta baina garaipen mota asko daude. Amaiurren ustetan, denborak arrazoia eman die Espainiako Federazioaren jarduteko moduaren aurrean planto egin zuten futbolariei. «Baietz esango nuke. Baina bakoitzak bere iritzia du. Jende adina ikuspegi dago. Bai nere ustetan bai, azkenean zerbait publiko egin delako, gizartea ere inplikatu egin delako, sare sozialetan izan duen bultzada guztia ikusi dugulako…».

«Publikoki eta mediatikoki babes handia jaso dugu –gaineratu du–. Ikusi da pixka bat dagoen egoera, behar diren aldaketak, egon diren aldaketak eta etorriko diren aldaketak. Modu batera edo bestera hau dena azaleraztea garrantzitsua zela uste dut eta nahi genuena lortzen ari garela uste dut».

Bidea, hala ere, luzea omen da. Azken egunotan hainbat komunikabidek zabaldu dutenez, Espainiako Federazioak itzultzeko atea zabaldu die «damutze-eskutitza» bidali ez zuten jokalariei, Amaiur eta Eizagirre barne, selekzio ori-gorriari urrats hori eman barik itzuli daitezkela esateko. Baina aurrelari donostiarrak erabat gezurtatu du. «Niri behintzat, Amaiurri, ez dio inork deitu eta ez dio inork ezer esan». Horrelako keinuren bat espero baduen galdetuta, «ez dakit» erantzun du. «Ez dakit zer espero, egia esan ez dakit zer esan», gaineratu du.

Urratsak eta hazkundea

Jokin Aperribayk, bere aldetik, «emakumezkoen kirola une garrantzitsu eta estrategikoan» dagoela azpimarratu du, Realak izan duen eta izango duen hazkundea gogoratuz. Honen adibidea, «urrian hasiko diren Zubietan emakumezkoen futbolaren eraikin esklusiboaren obrak eta Z7a handitzeko lanak».

Emakume futbolariak «merezi duten bezala sentitu behar» direla Realean uste du presidenteak, «Europako tokirik onenen parean», denek eskua emanda «etorkizunari begiratzeko. Urrats bakoitza ordenaz baina exijentziaz emanez».

Natalia Arroyok, azkenik, «emakumezkoen kirolarentzat egun errazak izaten ari ez» direla onartu du. «Eta horregatik pozgarriagoa da horrelako une hauetan, apostu sendoei buruz hitzegitea», klubarena eta sponsor berriarena, alegia. «Asko eskertzen dut, urte asko daramatzadalako borroka honetan eta badakidalako zein garrantzitsua den marka handiak gurekin lotzea eta azpiegitura onetan inbertitzea», gaineratu du. «Emakumeen kirolarekin bat egitea, emakume ausartekin bat egitea da», amaitu du.