NAIZ

Luhusoko ekimenean parte hartu zuten bi bakegile azaroan epaitu ditzakete Parisen

Parisko Auzitegi Korrekzionalak Jean-Noel Etxeberri ‘Txetx’ eta Beatrice Molle bakegileen aurkako auzia heldu den azaroaren erdian finkatu dezakeela aurreratu du ostegun iluntze honetan ‘France Bleu Pays Basque’ irratiak.

Jean-Noel Etxeberri 'Txetx' libre gelditu ondoraen harrera beroa jaso zuen 2016ko abenduaren 21an Baionako tren geltokian.
Jean-Noel Etxeberri 'Txetx' libre gelditu ondoraen harrera beroa jaso zuen 2016ko abenduaren 21an Baionako tren geltokian. (Bob EDME)

ETAren armategia deuseztatzeko Luhuson eginiko ekimenetik sei urte eta erdi igaro direnean, Jean-Noel Etxeberri ‘Txetx’ eta Beatrice Molle bakegileen aurkako auzia heldu den azaroaren erdian finkatu dezakeela Parisko Auzitegi Korrekzionalak aurreratu du ostegun iluntze honetan ‘France Bleu Pays Basque’ irratiak.

Terrorismoaren Aurkako Fiskaltzak auzia heldu den azaroaren 14an eta 15ean egitea proposatu duela zehaztu du aipatu hedabideak. Iturri beraren arabera, epaile instruktorearen erabakia baizik ez da falta auziari bide emateko.

Euskal Herriko bake prozesuan mugarri izan zen Luhusoko ekimenetik auzipeturiko hiru lagunei dagozkien eskaerak jakinarazi zituen Parisko Terrorismoaren Aurkako Fiskaltzak iragan otsailean.

Bake Bidea elkarteak eta Bakegileek jakitera eman zutenez, Jean-Noel Etxeberri ‘Txetx’ eta Beatrice Molle-Haran Pariseko Auzitegi Korrekzionalean epaitzeko eskatu zuen fiskalak.

Aldiz, afera horretan ordura arte hirugarren auzipetua zena, Stephane Etxegarai ‘Etxe’, errugabetzeko galdegin zuen Fiskaltzak.

Bakearen aldeko eragileen salaketa

‘Txetx’ Etxeberri eta Beatrice Molle-Haranen aurka egindako eskaerak «onartezinak» direla salatu zuten Bake Bideak eta Bakegileek Fiskaltzaren erabakiari buruz plazaratu zuten oharrean, eta 2016ko abenduaren 16an ETAren armagabetzea laguntzeko eginiko ekimenaren karietara auzibidean diren pertsona guztiak errugabe jotzeko eskatu zuten aipaturiko eragileek.

2022ko azaro eta abendu artean amaitutzat eman zuen epaileak auziaren instrukzioa.

Prokuradoreak hiru hilabeteko epea zuen bere errekisizioak aurkezteko, eta, epe hori agortu gabe, bere eskaera bideratu zuen.

Hiru aukera zituen. Batetik, Luhuson jardun zuten bost herritarrak atentatu bat prestatzen ari zirelako akusaziopean, bizirik diren hiru ekintzaileak –Mixel Bergouignan eta Mixel Berhokoirigoin zendu ziren– Pariseko auzitegi berezian epaitu ditzatela galdegitea.

Bigarren aukera auzitegi korrekzionalean epaitzea eskatzea zen.

Azkenik, auzia artxibatzea galdegitea posible zuen fiskalak.

Finean, bigarren eta hirugarren aukerak bere egin zituen, auzia epaitegi berezian egiteko hautua baztertu ondoren.