NAIZ

Marokoarrentzat arropa, janaria eta bestelakoak biltzeko hainbat ekimen antolatu dituzte

Marokoarrak laguntzeko janaria, arropa, higiene-produktuak, botikak eta bestelakoak biltzeko hainbat iniziatiba martxan jarri dituzte Euskal Herriko zenbait tokitan, joan den irailaren 8an ia 3.000 hildako utzi zituen lurrikararen ostean.

Medikamentuak dira Marokoko jendea laguntzeko eskatzen duten produktuetako bat.
Medikamentuak dira Marokoko jendea laguntzeko eskatzen duten produktuetako bat. (Fethi BELAID | AFP)

Marokoko erdialdea suntsitu duen lurrikaratik astebetera, hango jendea laguntzeko hainbat ekimen abiatu dituzte, esate baterako, Bilbon, Urretxun, Legazpin, Ermuan, Errenterian eta Gasteizen. Janaria, neguko arropa, higiene-produktuak eta botikak bilduko dituzte.

Urretxun eta Zumarragan, lau gaztek janaria eta arropa jasotzeko ekimen bat jarri dute abian. Datoren asteazkenean, hilak 20, egingo dute bilketa 16.00etatik aurrera Urretxuko Matxinporta kaleko 26. zenbakian. Neguko arropaz gain, kanpadendak, lo-zakuak, higiene pertsonaleko produktuak, pardelak, sorospen produktuak, zapatak, eta arroza, pasta eta kontserbak bezalako janaria jasoko dute.

Alaitz Mujika antolatzaileetako bat da eta NAIZi azaldu dionez, beraiek eramango dute bildutakoa Marokora kamioi batekin eta furgoneta batekin datorren ostiralean. Hori dela eta, garraioaren gastuei aurre egiteko diru-biketa bat ere abiatu dute. Dagoeneko 1.450 euro biltzea lortu dute eta helburua 3000 eurora iristea da.

«Etxean daukatena ematera animatu nahi dugu jendea, konprometitu daitezen, eta diru nahikoa biltzen ez badugu ere, gu hara joan behar gara», adierazi du Mujikak.

Bestalde, Errenterian ostiral arratsalde honetan egongo dira arropa eta dirua jasotzen, Iztietako meskitan, Oiartzun kaleko 12. zenbakian. Arratsaldeko seiretatik 21.00ak arte egongo dira materiala hartzen.

Legazpin, han bizi den Mustapha marokoarraren ekimenez, igandeko azokan egingo dute bilketa, 10.00etatik 14.00ak arte. Soilik egoera onean dagoen adin guztietarako neguko arropa eta zapatak jasoko direla jakinarazi du udalak. Gainera, barruko arropa berria izan behar dela ohartarazi du.

Bilbon Fika kaleko 44. zenbakian, Karmela espazioan, ari dira materiala jasotzen, hala nola, botikak, umeentzako pixohialak, konpresak, biberoiak, esne hautsa, barruko arropa, berokiak, kanpadendak, lo-zakuak, eskuoihalak, izarak, mantak, linternak eta ontziratutako elikagaiak. Datorren astera arte lagundu ahalko da.

Ermuan atzo zabaldu zuten jasotzeko puntu bat, azokako plazan. Ostiral honetan ere irekita egongo da 18.00etatik 20.00etara eta larunbatean 11.00etatik 13.00etara bitartean.

Gasteizen Kubo kalean dagoen Al Indmay elkartean ari dira premiazko produktuak jasotzen. Goizetan 11.00etatik 13.00etara eta arratsaldetan 18.00etatik 20.00 etara arte. Gainera, Arabako hiriburuko meskitek kaltetutako familientzako dirua biltzen ari da, ES51 3035 5011 54 1150010888 banku-kontuan.