NAIZ

Missouriko bi senatari errepublikarrek 300 bat liburu erre dituzte

Estatu Batuetako bi senatari errepublikarrek liburuak erre dituzte Missourin, non 300 bat lan debekatu diren azken urtean. William Eigelek eta Nick Schroerrek, su-jaurtigailuak eskuan, liburu pila bat erretzen agertzen diren bideo bat argitaratu dute.

Su-jaurtigailuekin erre dituzte liburuak Missourin.
Su-jaurtigailuekin erre dituzte liburuak Missourin. (@@realjakejacks)

Azken urtean 300 liburu baino gehiago debekatu dira gutxienez Missouriko 11 eskola-barrutitan, PEN Americaren arabera. 2022ko abuztuan, ikasleei «sexu-material esplizitua» banatzeko lege bat onartu zen, urtebeteko espetxe zigorra edo 2.000 dolarreko isuna ezartzen duena, eta hau baliatuz lan ugariren aurkako sorgin-ehiza abiatu zen.

Zerrenda horretan agertzen diren liburuak lirateke Eigel eta Schoerrek erretakoak. Ulertzera eman dutenez, ez lirateke benetako aleak, baizik eta erreprodukzioak.

«Su-jaurtigailuek legezkoak izan beharko luketela uste dute, baina historia liburuak suntsitu egin beharko liratekeela», adierazi du Jonathan Riley erabiltzaileak.

Legeak salbuespen bat duen arren sexu-hezkuntzako klaseetan erabiltzen diren edo esanahi antropologikoa edo artistikoa duten liburuentzat, dozenaka liburu eskolako apaletatik ezabatu dira. Eskola liburutegietako apaletatik kendu diren liburuetako batzuk ‘Haurrentzako Biblia’, Shakespeare eta Mark Twainen klasikoen eleberri grafikoen egokitzapenak eta Margaret Atwooden lana dira, baita Holokaustoari buruzko liburu historiko ugari ere.

Erabiltzaile askok senatari errepublikarren ekintza erregimen naziak 1933an egindakoarekin lotu dute. Alemaniako Alderdi Nazionalsozialistako ikasle, irakasle eta kideek berariaz egindako ekintza izan zen, «arriskutsuak» zirelakoan ostrazismora kondenatuak izan ziren egileen liburuak jendaurrean sutara bota zituztenean. Eigelek, aldiz, «agenda liberalaren aurkako ekintza» gisa definitu du.