Asier Villalibre ostiral gaueko derbiko protagonista nagusienetako bat izango da partidaren atarian. Joan den ekainean, Alaves Lehen Mailara itzultzeko erabakigarria izan zen penaltia sartu zuen eta, hiru hilabete beranduago, Mendizorrotzara itzuliko da Athleticekin. Gernikako aurrelariak une gogoangarriak utzi zituen bere tronpetarekin Andra Mari Zuriaren plazan egindako ospakizunetan eta toki bat bereganatu zuen talde gasteiztarraren historian.
Alavesera iritsi zen lehen unetik, zaleek esku zabalik hartu zuten eta egindako sei golekin garrantzitsua izan zen igoera lortzeko. Aldi berean, oso tipo maitakorra eta umila da eta bere bizarrarekin taldearen ikurretako bat bilakatu zen harmailetan eta zelaitik kanpo. Gasteizen bizitakoa «bihotzean» eramango duela beti onartu zuen jokalariak eta, horregatik, partida «berezia» izango dela berarentzat.
Athleticek utzita bidali zuen eta kontratua luzatu zion 2025erarte irten aurretik. Udan zehar, Alavesen kirol arduraduna den Sergio Fernandezek hainbat aldiz aipatu izan du Villalibre fitxatzeko interesa zutela. Athleticetik, aldiz, Mikel Gonzalez kirol zuzendariak ziurtatu zuenez, klubaren eta jokalariaren asmoa Bilbon geratzea izan da hamaikakoetan toki bat bereganatzeko helburuarekin.
‘Bufalo’-ak ez zuen eztabaida ezta zalapartarik sortu nahi izan Cadizen aurkako partidaren ostean egindako adierazpenetan. Iraganean gertatutakoak ez duela axola eta gehiago jokatu nahi duela nabarmendu zuen. Ligako lehen bost jardunaldietan 37 minututan bakarrik parte hartu du. Aulkitik atera zen bigarren zatian Betisen eta Cadizen kontrako norgehiagoketan. Sevillako taldearen aurka gola sartzeko zorian izan zen, atezaina aurreratu zitzaion errematea egiterakoan eta Unai Gomezek sareetara bidali zuen aldaratzea.
Cadizen aurkakoan zortea alde izan zuen, baina bertan egon eta asmatu beharra dago. Zelairatu bezain laster, ukitu zuen lehen baloia barrura bidali zuen buruarekin. Escalantek gaizki aldendu zuen eta Villalibrek bigarren zutoinean harrapatu zuen baloia. Indarra eman zion golak eta partidaren hondarrean buruz eman zion azken pasea Iñaki Williamsek gola sartzeko. San Mamesen aspaldi ikusi gabeko jokaldia izan zen. Unai Simonek luze atera zuen eta Gernikako aurrelariak goitik irabazi zuen baloia.
Guruzetarekin lehia eta Raul Garciarekin besarkada
Adurizek erretiroa hartu zuenetik ordezkoa aurkitu ezinik egon da Athletic azken denboraldietan. Raul Garciak hartu zuen donostiarraren lekukoa eta 15 golekin amaitu zuen 2020ean Liga. Villalibrek, Adurizek eta Urzaizek bere garaian eramandako 20 zenbakia hartu zuen aldagelan, baina ezin izan du hamaikakoetan egonkortu.
2016an egin zuen debuta lehen taldearekin harrobiko taldeetan gol mordoa egin ostean. Irailaren 30ean, 26 urte egingo ditu eta bere ibilbidean hainbat gorabehera izandakoa da. Numantzia, Lorca eta Valladolidera utzita joan zen, baina ez zuen jokatu eta etxean berrasmatu behar izan zuen. 23 gol egin zituen Bilbao Athleticekin eta Garitanorekin lehen taldeko ateak ireki zitzaizkion. Marcelinoren lehen denboraldian pausu bat aurrera eman behar zuela zirudien 6 gol egin ondoren, baina bigarren sasoian lesio ugari jasan zituen.
Valverderekin denboraldi aurreko golegile nagusia izan zen. Hala ere, minuturik gabe geratu zen eta Alavesen konfiantza berreskuratzera joan zen. Aurrelariak golak egiteaz bizi direla aipatu zuen azken jardunaldian eta agerian utzi zuen bere poztasuna. Aldi berean, minutu gehiago jokatu nahi duela aldarrikatu zuen.
Iñaki Williamsek erdiko aurrelari bezala hasi zuen denboraldia Real Madrilen aurka. Hurrengo jardunaldietan Guruzeta zelairatu du Valverdek Williams eskuin hegalera mugituz. Donostiarrak hiru gol egin ditu eta aurre hartu die postu berean jokatu dezaketen taldekideei.
Villalibrek erronka onartu eta Guruzetarekin lehiatzeko prest dagoela komentatu zuen. Raul Garciak ere goian jokatu dezake. 37 urterekin kontratua berriztu zuen, baina inoiz baino gutxiago jokatzen ari da. ‘Bufalo’-arekin harreman bikaina dauka eta asko lagundu dio azken denboraldietan. Horregatik, Cadizen aurkako gola sartu eta Raul Garcia besarkatzera joan zen Villalibre. Horrelako keinuek ere ezberdina eta berezia egiten dute aurrelari gernikarra.