NAIZ

Pixoihal berrerabilgarriak alokatzeko bonua plantan emanen du Bil ta Garbi sindikatuak

0 eta 2 urte arteko haur batek, batez beste, 5.000 xatar edo pixoihal behar ditu garbia izan arte. Tona bat hondakin sortzen du botatzeko diren xatarren erabilpen horrek. Bil ta Garbi sindikatuak 50 euroko bonua eskainiko du berriro erabili daitekeen xatarren alokatze sistema aitzinatzeko.

Amaia Lissalde eta Maitena Curutchet Bil ta Garbi sindikatuko ordezkariek Arrangoitzen aurkeztu dute programa berria.
Amaia Lissalde eta Maitena Curutchet Bil ta Garbi sindikatuko ordezkariek Arrangoitzen aurkeztu dute programa berria. (Bil ta Garbi)

‘Zero hondakin ninia’ izeneko kanpainia sustatuko du hondakinen murrizketa, baloratzea eta bereizketa bere gain hartzen dituen Bil ta Garbi sindikatuak.

Arrangoitzen aurkeztu dute Maitena Curitchet eta Amaia Lissalde sindikatuko ordezkariek erabili ondoren botatzen diren xatarren kopurua murriztea xede duen programa.

Azaldu dutenez, 0 eta 2 urte arteko haur batek, batez beste. 5.000 xatar edo pixoihak behar ditu garbia izan arte.

Behin erabilita zakarretara botatzen den xatar kopuru horrek tona bat hondakin sortzen dituela gainetu dute.

Bil ta Garbi sindikatuak 50 euroko murrizte bonua proposatuko du pixoihal berrerabilgarriak baliatzeko urratsa emango duten gurasoak sostengatzeko.

Gaur egun xatar berrebilgarriak alokatzen dituzten elkarte bi daude Ipar Euskal Herrian: Les Petits Popotins eta Nini garbi. Aipaturiko eragileekin partaidetzan plantan emanen du sindikatuak aipaturiko programa.

Izan ere, aurrera begira, tokian toki, beste hainbat talde ekimenean parte hartzeko prest azalduko balira aukera legoke beste akordioak aitzinatzeko.

Momentukoz, programan parte hartzeko prest diren gurasoek Bil ta Garbiren webgunera jo eta ‘Zure zerbitzuko’ atalean beharko dute izena eman eta eskaturiko dokumentuak igorri, hala nola familia liburuxka eta bizileku agiriaren kopia emanez.

Aipaturiko agiriak baieztatu ondotik, Bil ta Garbik posta zerbitzuaren bidez bidaliko du zuzenki 50 euroko bonua.

Bonu hori eskutan, sindikatuarekin partaide hitzarmena izenpetu duen elkarte batengana zuzendu ahalko dira haurraren gurasoak ondoren laguntza horrekin xatarren alokairuaren parte bat ordainduz.

Bonuaren ordainketa elkarte partaide horrek zuzenean eginen dio Bil ta Garbi sindikatuari.

Zer da xatar berrerabilgarria?

Erabili ostean garbitu daitekeen pixoihal berrerabilgarriak hainbat parte ditu.

Gehienetan iragazgaitza den kulota bat du kanpoaldean eta barnean, berriz, parte xurgatzaile bat eta erdian botatzen den oihaltxo bat. Botoiekin edo scratc sistemaren bidez ixten da xatarra.

Egun merkatuak xatar berrerabilgarri mota ezberdin daude. Batzuk osoki garbitzen dira eta beste batzuen kasuan parte bat baizik ezin da garbitu berriro ere erabiltzeko.