Urtea amaitu baino lehen «Gipuzkoako Foru Aldundiak batzarkide talde guztiekin egutegi bat adostu beharko du zerga sistema erreformatzeko». Hori da Batzar Nagusiek talde guztien oniritziarekin (EH Bildu, EAJ, PSE, Elkarrekin Gipuzkoa eta PP) gaur onartu duten ebazpenan azaltzen dena.
EH Bilduk «fiskalitate justu eta progresiboago batera jauzia emateko» ponentzia martxan jartzea proposatu zuen eta azkenean beste taldeekin adosturiko ebazpena onartu da.
«Gure fiskalitatearen izaera bidezkoa, progresiboa, ekitatiboa eta solidarioa ziurtatzeko egokitzat jotzen diren aldaketak ezarriko dira, zerbitzu publikoak indartzeko eta ekintzailetza, ETEak eta kalitatezko enplegua sortzen duen ekonomia bultzatzeko, betiere Europarekiko konbergentzia fiskala bilatuz, desberdintasun sozialak eta aztarna ekologikoa murrizteko beharrezkoak diren baldintzak sortzeko eta inor atzean ez uzteko», jasotzen du bost taldeek onarturiko ebazpenak.
Honekin batera, 2014an eta 2018an egindako erreforma fiskalei buruzko ebaluazioa amaitzearen alde egiten da, «kontuan hartuta erreforma horiek zerga bilketan eta zerbitzu publikoetan izan dituzten ondorioak, enpleguaren eta haren kalitatearen bilakaera, enpresen eta produkzio sarearen lehiakortasuna, eta 2008ko finantza krisiaren ondorioekiko susperraldia eragin duten gizarte desberdintasuneko faktoreak, Covid-19aren krisi globala, Ukrainako inbasioak eragindako krisi energetikoa eta ondorengo inflazio krisia».
EH Bildu, «lidergoa baliatuz»
«Lurraldeak dituen erronka handiei erantzuteko eta etorkizunean ere Gipuzkoak aberastasuna sortzen jarraitu dezan, gaurdanik sortzen dugun aberastasuna hobeto banatzea garrantzitsua» dela uste du EH Bilduk.
Horretarako, fiskalitate ereduaren inguruko eztabaida irekitzeko adostasuna txalotu du eta eztabaida gidatzeko eskua luzatu die beste taldeei Maddalen Iriartek, «herritarrek maiatzaren 28an emandako lidergoa jarraituz».
«Aurrez-aurre ditugun erronka handiei, krisi klimatikoari, energia dependentziari, elikagaien dependentziari, gure lurraldean izango diren zaintza beharrei, zerbitzu publikoetatik erantzuteko, lurralde honek, herri honek, egin beharreko eraldaketei erantzuteko fiskalitateaz hitz egitea ezinbestekoa da», gaineratu du Iriartek.
«Berandu ere bagabiltza», gehitu du Iriartek eta Lakuako Gobernuak egindako azken aldaketa fiskalak PPren eskutik egin zuela gogoratu du.
«Aberastasuna hobeto banatu behar dugu, etorkizunean ere lurralde honek aberastuna sortzen jarraitu dezan. Gehiago duenak, ekarpen handiagoa egin diezaiola, komunitate guztiaren ongizaterako, lehiakortasunerako eta gure lurraldeak ezinbesteko dituen aldaketak gauzatzeko», gaineratu du Iriartek.
Gauzak horrela, ponentzia bat martxan jartzea proposatu die Iriartek beste taldeei. Bertan, herrialdeko eragile politiko, sozial, enpresarial, sindikal eta abarrekin «eztabaida publiko» bat egitea planteatu du.
«Urteetan metatutako esperientzia elkarbanatzea, gobernatzeko modu kooperatibo bat gauzatzeko bidean urrats bat ematea», adierazi du.
«Eztabaida konplexua da hau eta, beraz, lurraldearen inteligentzia kolektiboa baliatzeko» deia egin du.
EAJ: «Ona, baina eraginak neurtu behar dira»
«Pozgarria da, ez ohikoa baita», nabarmendu du EAJren eledun Maria Eugenia Arrizabalagak erreforma fiskalari buruzko akordioari buruz. Dena dena, ohartarazi du ezinbestekoa dela «fiskalitatean, oreka eta begirada luzea izatea, hori ahazten duen politika fiskalak biharko diru gehiago lortuko duelako agina, baina etzikoa eta etzidamukoa arriskuan jarriz».
«Fiskalitateak oso kontutan hartu behar du gure ekonomia erreala eta, beraz, batzar nagusietako hormetatik kanpo dauden autonomo, lehen sektore, industria eta enpresen jarduerarako zerga sistemak sortzen duen giroari ere begiratu behar zaio», azpimarratu du EAJko batzarkideak, horiei eragingo duelako «Gipuzkoako enpresen lehiakortasuna eta gipuzkoarrek era duinean bizitzeko behar dituzten kalitatezko lanpostuak, hortik aberastasuna sortzeko eta, desberdinkeria sozialei aurre eginez, gero banatzeko».
«Horrela bakarrik bermatuko direlako herritarrek eskatzen dituzten zerbitzu publiko eta gizarte prestazio onak ordaintzeko dirutzak. Horren erantzukizuna, denona da», gaineratu du Arrizabalagak.
EAJ-ren bozeramailearen arabera «ez dago errealitateari ezikusiarena egiterik». «Erreformari ekiteko ezinbestekoa izango dugu informazioa eta soberan, dogmatismoa; ezinbestekoa, lurralde historikoen arteko harmonizazioa eta soberan, kornerra, txokokeria; ezinbestekoa fiskalitate bidezko, progresibo eta solidarioa markatzen digun iparrorratza –beti aktibatuta eduki duguna–, orain eta datozen urteetan Gipuzkoari eta gipuzkoarrei ongizatea ekarriko dien fiskalitate egoki bat lortzeko», nabarmendu du.