NAIZ

Poliziaren bortizkeriaren aurrean justizia eta askatasunen aldeko aldarrikapena, kalean

Ezkerreko eragileek deituta, poliziaren bortizkeria eta arrazakeria sistemikoa gaitzesteko, askatasun publikoen defentsan ekimen bateratua iraganen da larunbat honetan frantses Estatuan. Baionan, hainbat alderdi eta sindikaturen babesa bildu duen justiziaren aldeko martxa Suprefeturatik abiatuko da.

«Poliziak hiltzen du» leloarekin afitxan agertu ziren Nahel gaztearen heriotzan salatzeko Nanterren antolaturiko matxa zurian.
«Poliziak hiltzen du» leloarekin afitxan agertu ziren Nahel gaztearen heriotzan salatzeko Nanterren antolaturiko matxa zurian. (Bertrand GUAY | AFP)

Frantziar Estatu osoan 118 bat ekimen antolatu dira larunbat honetarako, hilak 23, poliziaren bortizkeriaren eta arrazakeria sistemikoaren aurkako ekimen bateratuan.

Ez da deialdi zentralizatu da. Hala, tokian toki ekimenak eginen dituzte.

Baionan, 10.30ean abiatuko da ibilaldia Suprefeturak Lapurdiko hiriburuan duen egoitzatik.

Poliziaren bortizkeria eta arrazakeria sistemikoa salatzearekin batera, aldarrikapen sozialen kriminalizazioa gelditu behar dela adierazi dute deialdi bateratua babestu duten eragileek.

Iragan ekainaren 27an Nanterreko hirian Poliziak kontrol batean tiroz hil zuen Nahel gaztearen kasuak mahai gainean jarri zituela «Macronen politika markatzen duten arrazakeria sistemikoa, bortizkeria poliziala eta ezberdintasun sozialak» adierazi dute martxa bateratuaren bultzatzaileek sareratu duten manifestuan.

Elikagaien eta energiaren prezioen garestitzea, alokaituen igoera, langabezia sariaren erreforma... Emmanuel Macrionen Gobernuak garatzen duen politikak «gero eta larriagoa den prekarietate soziala» duela oinarri deitoratu dute manifestuaren sinatzaileek.

«Politika atzerakoi horrek bidea zabaltzen dio eskuin-muturrari finean gure askatasun publikoak, gure eredu soziala eta hondamendi ekologikoaren aurrean gure etorkizuna bera auzian ematen dituelako» gaineratu dute Hexagonoan zehar antolaturiko martxa horietara batu diren eragileek.

Manifestatzeko eta elkartzeko eskubideak, auzian

Errepresioaren logika hedatzen ari dela, eta bere eskutik baita poliziaren bortizkeria ere, salatu dute martxa bateratuaren bultzatzaileek.

Aldarrikapen sozialak eta ekologistak baina baita erretreten erreformaren aurka bezalako mugimendu zabalakgalerazteko asmoa salatu dute izenpetzaileek manifestatzeko eskubidea bera lanjeran dagoela ohartarazi dutela.

Bestalde, Sainte-Solinen eraiki nahi duten ur-biltegiaren aurka egin zuten manifestariek pairatu zuten jazarpena izan dute aipagai, elkartzeko eskubidea auzian emateko urratsa eman duela Gerald Darmanin Barne ministroak agerian jarriz.

Oroitzearren frantziar Estatu Kontseiluak atzera bota zuen Les Soulevements de la Terre plataforma ekologista legetik ar uzteko Gobernuan abian eman zuen prozedura.

Sindikatuak, alderdiak, elkarteak, herri auzoetako biztanleak, bortizkeria poliziala jasan duten sektoreak eta giza banakoak... eragile horiei guztiei dinamika iraunkorra abian emateko proposamena helarazi diete irailaren 23ko deialdiaren sustatzaileek.

Politika antisozialak eta zapaltzaileak amaitzeari begira arrazakeriaren kontrako justizia, baina baita eskubide sozialak, erronka ekologikoa eta agenda feminista aintzat hartuko duen justiziaren aldeko dinamika bateratua sustatzeko premia defendatuko dute.

Egungo egoera gainditzeko neurriak

Macronen politikak auzian emanen dituzten sektoreek pairatzen duten jazarpena salatzearekin batera hainbat neurri hartzeko beharra azpimarratzen dute.

Hala, ezinbestekotzat jotzen dute egun indarrean dagoen polizia eredua gainditzea ahalbidetuko lukeen erreforma plantan ematea.

Era berean, herri auzoetako gazteengan eragina duten diskriminazioak alde batera uzteko xedez zerbitzu berezi bat sortzea eskatzen dute.

Horrekin batera, deitzaileen arabera premiazkoa da zerbitzu publikoak indartzea. Hala elkarte eta gizarte  sarearen funtzionamendua bermatze aldera inbertsio publikoa areagotzea galdetu dute.

Ipar Eskal Herrian CGT, FSU, Solidaires eta LAB sindikatuek babestu dute larunbat honetan justiziaren aldeko aldarrikapena kalera eramateko deia, baita EH Bai, Europe Ecologie-Berdeak, Frantzia Intsumisoa, NPA eta Générations bezalako mugimendu politikoek ere.

Finean, Attac erakunde altermundialistak ere bat egin du Lapurdiko hiriburuan antolaturiko justiziaren aldeko martxa horrekin.