NAIZ

Salbuespen politikaren aurkako aldarrikapena ikusarazi du Sarek San Fermin Txikin

Preso, iheslari eta deportatuak etxeratzea «oztopatzen» duen salbuespenezko politika indargabetzea aldarrikatu du Sarek ostiral honetan Iruñeko San Fermin Txiki jaietan zabaldutako pankarta erraldoi batekin. Etxerako bidea errazteko mobilizatzera deitu dute.

Sareren aldarria, tamaina handian Iruñean, Madriletik ere ikusarazteko asmoz.
Sareren aldarria, tamaina handian Iruñean, Madriletik ere ikusarazteko asmoz. (Idoia Zabaleta | Foku)

«Ekainean esan genuen urrunketaren amaierak ez duela berarekin ekarri euskal presoen eskubide urraketaren amaiera», adierazi du Sarek ostiral honetan San Fermin Txiki jaietan egindako elkarretaratze batean. Udal Plazan bildurik, pankarta erraldoia zabaldu dute, ia alde batetik besterik heltzen zena.

Euskal Herriko preso, iheslari eta deportatuen etxeratze prozesua «oztopatzeko oraindik orain mantentzen den salbuespenezko politika» salatzeko mobilizatu dira, Auzitegi Nazional eta Fiskaltza espainolek «mendekuan eta gorrotoan gotorturik jarraitzeko hautua» egin dutela gogora ekarriz.

«Inongo pribilegiorik» ez dutela eskatzen gogoratu dute, lege arrunta aplikatzea baizik, «herri honetan etorkizunari eta elkarbizitzari ateak irekitzeko aukera paregabea». Izan ere, «ez dugu urruntzeari amaiera emateko ibilbide guztia egin espetxeetan jarrai dezaten, nahiz eta horiek Euskal Herrian kokatuta egon», argitu dute.

«Praktikan ETAren jarduera amaitu zenetik hamabi urte igaro direnean, eta desegin zenetik bost urte baino gehiago igaro direnena, politikaren, justiziaren eta komunikabideen sektoreek hemen ez dela ezer aldatu konbentzitu nahi dute», zehaztu dute.

Horren aurrean, euskal gizarteak, alderdi politikoek, sindikatuek, gizarte-erakundeek eta herritarren «hainbesteko arbitrariotasuni amaiera emateko giltza» dutela uste dute. Hortaz, eta aldaketa bat egoteko, mobilizaziora eta aktibaziora dei egin dute.