NAIZ
Zeanuri

Zeanuri UEMAko 102. kidea izango da abendutik aurrera

UEMAren ohiko batzar nagusia abenduan egingo da eta batzar horretan Zeanuriren eskaera onartzean, 306.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuko dute UEMAko kide diren udalerrien artean.

Zeanuri UEMAko 102. kidea izango da abendutik aurrera
Zeanuri UEMAko 102. kidea izango da abendutik aurrera (Juanan RUIZ | FOKU)

Zeanuriko Udalak UEMAko kide izatea erabaki du iraileko osoko bilkuran, aho batez, EH Bilduko bost ordezkarien eta EAJko lau ordezkarien aldeko botoekin, eta horrela, abendutik aurrera, mankomunitateko 102. udalerria bihurtuko da.

Nahia Urrutxuak, Zeanuriko alkateak, modu honetan laburbildu du albistea: «Gure borondatea adostasunak bilatzea eta aurrera  begiratzea da, Zeanurik euskararen arnasgune izateari ez diezaion utzi».

Bizkai hegoaldeko herria da Zeanuri. Arratia eskualdean dago, Ibaizabal haranaren eta Gorbeiako mendizerraren artean. 1.271 biztanle ditu, eta euskaldunen indizea %87,3 da. UEMAra sartzeko erabakiarekin, udalean zein udalerrian hizkuntza normalizazioan eragiteko asmoa du Zeanuriko Udalak, urrats berriak eginez herritarrekin zein udal langileekin, UEMAk jakinarazi duenez.

UEMAk larunbatean du egitekoa agintaldiari hasiera emateko ezohiko batzar nagusia, Ataunen. Lehendakari berria eta hurrengo lau urteotan zuzendaritza batzordea osatuko duten gainerako hamar ordezkariak hautatuko dituzte batzarkideek. UEMAren ohiko batzar nagusia, aldiz, abenduan egingo du, eta orduan aztertuko dira mankomunitatera sartzeko herriek egindako eskaera berriak. Batzar horretan Zeanuriren eskaera onartzean, UEMAko kide den 102. udalerria izango da Arratiakoa.

UEMAk joan den martxoan gainditu zuen 100 udalen langa, eta orain arteko ibilbidea gogoratzeko eta bidelagunei eskerrak emateko egindako ekitaldian gogoratu zuten bezala, hasieran zenbait udalek sortutako mankomunitatea «inoiz baino sendoago dago gaur egun». Zeanuri batzean, 306.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuko dute UEMAko kide diren udalerrien artean.