NAIZ

IKA euskaltegiak eta Eraman Koopek euskara eta garraio jasangarria sustatuko dute Gasteizen

IKA euskaltegiak eta Eraman Koop garraio kooperatibak akordioa sinatu dute, elkarlanean euskara eta garraio jasangarria sustatzeko. Euskaltegiak euskara eguneroko jardunean zabaltzen lagunduko dio garraio kooperatibari, eta honek laguntza logistikoa eta ikusgarritasuna emango dizkio bueltan.

Gasteizko IKA euskaltegiak eta Eraman Koopek hitzarmena sinatu dute.
Gasteizko IKA euskaltegiak eta Eraman Koopek hitzarmena sinatu dute. (IKA)

Gasteizko IKA euskaltegiak eta Eraman Koop garraio kooperatibak akordio egonkorra sinatu berri dute, eta elkarlanean arituko dira aurrerantzean Arabako hiriburuan euskararen erabilera eta garraio jasangarria sustatzeko asmoz.

Horrela, bi elkarteek zerbitzuak emango dizkiote elkarri: euskaltegiak euskara eguneroko jardunean zabaltzen lagunduko dio garraio kooperatibari, eta Eraman Koopek, berriz, laguntza logistikoa eskaintzeaz gain, IKAren irudia txertatuko du bere bizikleta eta garraio kutxetan, ikusgarritasuna emanez.

IKA eta Eraman kooperatibaren arduradunen hitzetan, elkarlanerako aukera hau «balio asko elkarbanatzen» zituztela ikusita sortu zen: «Iruditzen zaigu garraiobide jasangarriak sustatzea eta bertako hizkuntza sustatzea elkarrekin lotuta daudela. Azkenean, gauzak egiteko modu hegemonikoen aurrean, aldarrikatzen dugu badagoela beste bide bat, bertakoa babesten duena, zailagoa akaso, baina guretzat ederragoa eta, denborak erakusten duenez, baliagarriagoa».

Elkarlanean oinarritutako akordioari esker, Eramanek, zerbitzu logistikoak eskaintzeaz gain, IKAren irudia zabalduko du Gasteiz osora, eta, trukean, euskaltegiak euskara eskolak eskainiko dizkie kooperatibako kideei.