NAIZ

Dernako uholdeen osteko ikerketaren baitan zortzi atxiloketa agindu ditu Libiako Fiskaltzak

Euri-jasek eta bi presaren hausturak Dernan eragin zituzten uholde larrien ondotik irekitako ikerketaren baitan, zortzi goi funtzionario atxilotzeko agindua eman du Libiako Fiskaltzak. 3.800 pertsona baino gehiago hil dira herrialdearen ipar-ekialdean.

Gutxienez 3.800 hildako utzi ditu uholdeak Libian.
Gutxienez 3.800 hildako utzi ditu uholdeak Libian. (Ozan KOSE | AFP)

Libiako fiskal nagusiak herrialde horretako zortzi arduradun behin-behinean atxilotzeko agindua eman du, irailaren 10ean Dernako uholde ikaragarriak bi presaren kolapsoagatik egindako ikerketa baten baitan.

Zazpik baliabide hidraulikoen sailean edo Libiako presak kudeatzeko sailean erantzukizun handiko postuak betetzen dituzte edo bete zituzten. Susmagarriak dira, besteak beste, «kudeaketa txarra» eta «zabarkeria» karguengatik, fiskalaren bulegoak ohar batean zehaztu duenez.

Behin-behineko atxiloketaren aginduaren parte da Dernako alkatea ere, Abdulmonem Al Ghaithi. Bere funtzioetatik kendu zuten gainerako udal-kontseiluarekin batera ezbeharraren ondoren.

Daniel ekaitzak eragindako uholdeek 3.800 hildako baino gehiago eragin zituzten Libiako ekialdean. Osasun Ministerioak lurperatutako eta erregistratutako gorpuak bakarrik sartzen dira kopuru horretan. Ez dira zenbatu gertatu eta gutxira biztanleek beraiek hobiratu zituztenak. Nazioarteko agintariek eta erakunde humanitarioek 10.000 desagertu baino gehiago egon daitezkeela kalkulatu dute.

Al Seddik Al Sour Libiako fiskal nagusiak irailaren 15ean iragarri zuen uoldeen inguruko ikerketa abiatuko zuela. Bere ustez, Libiako presen zuzendaritzak pitzadurak seinalatu zituen bi presetan 1998tik, baina ez zen inolako neurririk hartu.

Joan den irailaren 18an egunka pertsonek manifestazioa egin zuten Al Sahabako meskitaren aurrean, Dernako erdigunean, agintarien aurka. Libia bateratzea eskatu zuten ere, mendebaldean Batasun Nazionaleko Gobernuaren eta ekialdean Gobernu paralelo baten artean banatuta baitago, Jalifa Haftar mariskalak militarki kontrolatuta.