NAIZ

EAEko ekonomia Lakuak aurreikusitakoa baino hamarren bat gehiago haziko da aurten, %1,7

Lakuako Gobernuak gorantz berrikusi du Araba, Bizkaia te Gipuzkoako ekonomiaren 2023rako hazkundea, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun Sailburuak jakinarazi duenez. Horrela, %1,7 haziko da, ekainean %1,6ko igoera aurreikusi arren.

Eraikuntzaren jarduerak oso igoera handia izan du 2023an.
Eraikuntzaren jarduerak oso igoera handia izan du 2023an. (Gorka RUBIO | FOKU)

2023ko bigarren hiruhilekoa «uste baino dinamikoagoa izateak» gorako berrikuspena eragin du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ekonomian, Lakuako Gobernuak jakinarazi duenez. Ekainean %1,6ko igoera aurreikusten zuten arren, orain %1,7koa izango dela zehaztu du Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak. Gainera, eutsi zaio 2024rako aurreikusi den %2,1eko hazkundeari.

Eustat euskal estatistika erakundearen hiruhileko kontuei buruzko datuak ezagutu eta inguruneko hipotesia -Estatuko hazkundea, Euroguneko hazkundea, inflazioaren eta interes tasen bilakaera eta abar- eguneratu ondoren egin da berrikuspen hori.

Azpiazu sailburuak astelehen honetan azaldu duenez, enplegua izango da bi urte hauetarako hazkundearen ardatzetako bat. Horrela, 2023an 13.000 lanpostu inguru sortuko dira, eta beste 16.000 datorren urtean. Horri esker, 2023rako %7,7ko langabezia tasa aurreikusi da, eta %7koa 2024rako.

Bi urte hauetan inflazioa motelduko dela adierazi du sailburuak, batez ere 2024an, tasa %2,0 ingurura itzul baitaiteke. Barne produktu gordin nominala aurten %5,4 haziko da, eta datorren urtean %5.

Edonola ere, ohartarazi du ekonomiak egoera «sendoa» izanik ere, aintzat hartu behar dela ez dela Europako ekonomietan gertatzen ari den dezelerazio prozesua kanpo geratzen. Izatez, Eustatek argitaratutako datuek berretsi dute 2023ko bigarren hiruhilekoan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ekonomiaren hazkunde erritmoa %1,5era arte moteldu dela, aurreko datua baino zortzi hamarren gutxiago eta 2022ko hiruhileko berean baino bost puntu gutxiago.

Era berean, duela gutxi Eustatek egindako 2022ko kontu ekonomikoen eguneratzeak adierazi du dezelerazio hori hasieran uste baino nabarmenagoa dela. Ekonomiak pandemia hasi aurreko Barne Produktu Gordinaren maila berreskuratu zuen iazko bigarren hiruhilekoan, eta orain bi puntu gorago dago.

Sektoreak

Sektoreka aztertuta, industriak azkar galdu du intentsitatea, eta zertxobait murriztu behar izan du urtetik urterako tasan duen balio erantsia (-%0,5), hazkunde handiko ondoz ondoko zortzi hiruhilekoren ondoren.

Aitzitik, eraikuntzak hazkunde sendoko erritmoari eutsi dio eta %4,2ko hazkundea izan du. Azkenik, zerbitzuen hazkundea mantsotu bada ere, ekonomiaren batez bestekoaren gainetik jarraitzen du.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako industria jardueraren moteltzea bat dator Europako ekonomietan gertatzen denarekin. Moteltze hori eragin duten alderdien artean daude, besteak beste, helmuga merkatuen ahultasuna, eskaera berririk ez izatea, energiaren kostu handiak eta interes tasen igoera azkarra.

Eraikuntzak areagotu du balio erantsiaren aldakuntza tasa, eta urtetik urterakoa %4,2an kokatu du, aurreko hiruhilekoko datuaren oso gainetik (0,9). Sektoreko bi osagaietatik obra zibilak du une honetan dinamismo handiagoa.

Eraikuntzaren jarduerak ere oso igoera handia izan du. Dena dela, interes tasen igoera handia eragina izaten ari da etxebizitzen salmentan, hala erabilienean nola berrikoenean; izatez, bigarren hiruhilekoan salmentak %18 inguru jaitsi ziren, pandemia hasi zenetik izan de emaitzarik okerrena izanik.

Zerbitzuen hazkundea zertxobait moteldu da, %2,1eraino, azken bederatzi hiruhilekoetan izan den tasarik apalena. Pandemiaren ondoren jarduerak irekitzearekin, zerbitzuen eskariak ezohiko igoera handia izan du, eta pixkanaka ohiko mailetara itzultzen ari da, ekonomiaren osotasunaren hazkundera gehiago hurbilduz.

Barne Produktu gordinak urteko bigarren hiruhilekoan izandako moderazioa ez da lan merkatuan islatu, nabarmen egin baitu aurrera. Horrela, lanaldi osoko lanpostuetan neurtutako enplegua %1,5 hazi da aldi horretan -aurreko hiruhilekoan izandako tasa bera-.

Kontsumoa

Eskariari dagokionez, familiek kontsumoari eutsiko diotela aurrekusten dute, sortutako enplegu garbiak eta soldaten igoera nabarmenak erosteko ahalmenari eusten lagunduko baitute. Enpresak, zerbitzukoak zein industriakoak, plantillak handitzen ari dira, eskariek gora egingo duten konfiantzaren seinale.

Eskaintzaren ikuspegitik, Lakuak aurreikusi du industria ekoizpenaren ahultasun unea iragankorra izango dela eta aurtengo azken hilabeteetan berraktibatuko dela. Eraikuntzak hedatze-joerari eutsiko dio, eta zerbitzuek, azkenaldiko hazkundearen ondoren, ekonomiaren batez bestekorantz joko dute pixkanaka.