Victoria Eugenian egin den euskal zinemagintzaren galan jaso du Paco Sagarzazu donostiarrak Zinemaldiaren 71. edizioaren baitan eman den Zinemira saria, azken lau hamarkadetan zineman zein antzerkian egin duen lana aitortzeko.
Ane Gabarainen eskutik jaso du Sagarzazuk oroigarria eta, hitzartze labur batean, aktore ofizioa ohoratu du eta gurasoei eskaini die saria.
«Dagoeneko gurasoak baino zaharragoa izanik, aitak 49 –goizegi [joan zen]– eta amak 81 –goizegi–, beren aita putatibo izendatzen dut neure burua, haien oroimena babestu eta sari maitagarri hau eskaintzeko; izan ere, inspirazio nahikoa eman zidaten, ez bigarren mailako, ez hirugarren mailako, ez leheneko, baizik eta, besterik gabe, aktore izateko, komediante izateko, hori izan bainaiz urte hauetan guztietan, argi eta itzalekin, gizaki oro bezala», esan du Sagarzazuk.
Zinemira saria Zinemaldiak eta EPE eta IBAIA ekoizle-elkarteek ematen dute ohorezko saria da eta euskal zinemagintzaren alorreko pertsona ospetsu baten ibilbidea aitortzen du. Aurrez Imanol Uribek (2009), Alex Angulok (2010), Elias Querejetak (2011), Michel Gaztambidek (2012), Juanba Berasategik (2013), Pedro Oleak (2014), Karmele Solerrek (2015), Ramon Bareak (2016), Julia Juanizek (2017), Ramon Agirrek (2018), ‘Txepe’ Larak (2019), Sara Bilbatuak (2019), Kimuak programak (2021) eta Txema Areizagak (2022) jaso dute.
Beste bi sari
Olatz eta Iñaki Salvadorren musikarekin hasi eta Aitziber Garmendiak eta Jon Plazaolak gidatu duten galaren baitan, beste bi sari ere eman dituzte.
Alde batetik, Euskal Gidoia saria Isabel Herguera y Gianmarco Serrarentzat izan da, ‘El sueño de la sultana’ filmarengatik.
Bestetik, aurten aurreneko aldiz eman duten Egile Berriak saria ‘20.000 especies de abejas’ filmaren zuzendari Estibaliz Urresolak jaso du.