Iraitz Mateo

C.Tanganaren fokuen itzalpeko Anton Alvarez ikusi da Belodromoan

‘El Madrileño’ birarekin jo zuen goia C.Tanganak, bira guztian zehar grabatutako momentuekin osatutako dokumentala aurkeztu du ostegun iluntze honetan Belodromoan, bere abesti baten letrari erreferentzia eginez:  ‘Una ambición desmedida’.

C.Tangana, Belodromoko oholtzara igotzen
C.Tangana, Belodromoko oholtzara igotzen (Jagoba Manterola | FOKU)

Belodromoko pantailak 400 metro karratu ditu, Zinemaldiko handiena da, eta halakoa zen ostegun iluntze honetan bertara sartzeko ilara ere, ez zuen alferrik barruko dokumentalak ‘Una ambición desmedida’ izenburua; C.Tangana abeslariaren lau urteko ibilbidea jasotzen duen dokumentala. Movistar+en laguntzarekin ekoitzi dute, eta aurreratu dute hasiera batean hiru ataletako telesail bat izango bazen ere, azkenean guztia dokumental bakarrean batzea erabaki dute.

Barruan zein kanpoan urduritasuna zen nagusi, adin guztietako ikusleak egin dute topo ilaran, eta barrura sartzerakoen guztiak elkartu dira txalo eta oihu artean. C.Tangana deitzen diote gehienek, gertukoek ‘Pucho’ eta Anton Alvarez da abeslariaren berezko izena. Guztiak batzen ditu dokumentalak; zenbait momentutan ikuslea kantari jartzeraino.

Urduri agurtu ditu abeslariak Belodromoko ikusleak eta helburu partekatu bat proposatu die: «Dokumentalaren amaieran, orain artean nitaz duzuen irudiari eusten badiozue, hori jada arrakasta da niretzat». Proiekzioaren aurreko agurrean aitortu du badirela gustuko ez dituen eszenak, «egoera konplikatzen denean, haserretzen naizenean... baina gustatzen zait filmean dauden beste hainbat gauza ere: nola egiten dugun lan taldean batez ere». Berarekin batera igo dira oholtzara Cristina Trenas, Santos Bacana eta Rogelio Gonzalez Little Spain ekoiztetxeko kide eta lagunak.

Lauen arteko besarkadak erakutsi du duten konplizitate sakona, eta baita ilusioa ere, kontatu dute lan handia egin behar izan dutela, jende asko egon dela dokumentalaren atzean ikus-entzunezkoak aurrera egin zezan, eta pozik agertu dira Donostiako Zinemaldian aurkeztu ahal izateaz. «Gu bideoklip eta publizitatetik gatoz, eta garrantzitsua izan da guretzat Zinemaldiak guregan konfiantza izan eta horrelakoak ere egin ditzakegula erakustea», zehaztu du Bacanak.

«Erokeria», «amets bat betetzea» eta «elkarrekin maiteminduta egotea» horiek izan dira ekoiztetxeko kideen hitzak, guztiek bat egin dute momentu askotan iritsiko ez zirela pentsatu eta ostegun iluntzez Belodromoan aurkeztea «ohore bat» dela esaterakoan.

«Benetakoa» izan zedin

Bacanak kontatu du ‘El Madrileño’ grabatzera estudiora joaterakoan hasi zela guztia dokumentatzeko ideia, «zerbait interesgarria zegoela sumatu genuen, zer zen ez genekien arren». Eta artistak hain berea duen intuizioari jarraiki, kamerak bat zuen eskuan etengabean Trenasek: «Nik kamera eramaten duen eta grabatu egiten nuen, iruditzen zitzaidan horrela benetako zerbait aterako zitzaigula». Eta asmatu zuten, lau urteko ibilbidea jasotzen duen dokumentala ondu baitute.

Gatazka nagusi bat du protagonistak dokumentalean, eta zuzenean aitortzen du: «Badakit ez dakidala kantatzen». Ostegun arratsaldean egindako adierazpenetan gatazka horretan berretsi da, baina begirada positibo bat gailendu zaio: «Nire zaleentzat nire ahots korden interpretazioa ez da garrantzitsuena, jendea ez dator nire ahotsa entzutera, konposizio horiekin egiten dudan performancea ikustera dator; eta nik sinesten dut nire dohain artistikoetan eta norbaiti nik egiten dudanaren atzeko ideia interesatzen zaionean, kontzertuetan hunkitzera iritsi daiteke».

Little Spain ekoiztetxeko kideak.
Little Spain ekoiztetxeko kideak.


Protagonistak berak aitortu du prozesu guztian zehar ez duela jakin zein puntura arte ari zen «irekitzen». «Nik utzi egin behar izan diet nire bizitzan sartzen, dokumentalean ikusten diren nire bizitzako zati batzuk oso gogorrak izan dira», azaltzen du. Baina aldi berean, bere burua kanpotik ikusteko modu bat izan dela kontatu du, «zoritxarrez ikusten den bezalako naiz, kontrolaren obsesio bat garatu dut alor sortzailean. Nitaz hobetu nahi ditudan gauza asko ere ikusi ditut, gustuko dut utzi didan arrastoa».

Kolaborazioak egitera ohituta dago C.Tangana musikaria, eta zinemaren bidean ere taldelana lehenetsi izan du, Bacana, Trenas eta Gonzalezekin batera osatutako Litlle Spain ekoiztetxearekin ere. Aurkeztu berri den dokumentala ere taldean egin dute, «Power rangerrak» direla esan izan omen du maiz, «lagun talde bat gara, bakoitzak bere zera partikularrak ditu, baina elkarren osagarriak gara».

Alor ekonomikoa ere izan zen hedabideen aurrean egindako aurkezpenean mintzagai, dokumentalaren hasieran ere arazo horrek hartzen du protagonismoa, Trenasen arabera «anbizio sortzaile handia, baina hori gauzatzeko ezinezkotasun finantzieroa» zuten. C.Tangana argia izan da diruaz hitz egiterakoan: «Ekonomikoki ez gara hondoratu, baina bi urteko lana izan da, eta tarte horretan pisu bat erosi nezakeen. Artistek badakite hiru hilabetean egindako showetik jasotzen duzula dirua konposatzen jarraitzeko, hau ere horrelako zerbait izan da».

«Zinea egiteko anbizioa»

Dokumental honekin etapa bat amaitzen duteneko sentsazio partekatua dute taldekideek, Bacanak hala adierazi du: «Etapa bat bukatzen da guretzat, gure ekoiztetxea El Madrileñori lotuta sortu zen, gero kontzertu bira egin genuen, eta orain hau. Etapa bat ixten da, baina aldi berean, zerbaiten hasiera dela sumatzen dut asko ikasi dugu eta askatasun moduko bat izan da, energia asko eman dit niri behintzat».

Bere azken biraren inguruko dokumentala estreinatu berritan, hurrengo erronka azaldu du, ezin baitu geldirik egon: «Orain, zinea egiteko anbizioa dut, egiten saiatuko naiz eta bukaeran ikusiko da zer den». Baina kazetarien galderei tiraka, ezin izan zion aurrerapena botatzeari eutsi: «Non scripted den zerbait egiten ari naiz nire artista gustukoenaz, Yerai Cortesetaz alegia, bera nor den artista bezala, bere konposatzeko modua...erakutsi nahi ditut». Bere etorkizun musikalaz galdetuta ordea, ez du erantzun argirik: «Jarraituko dut musika egiten natural ateratzen zerbait delako, baina ez dut ideiarik; hori bai, hurrengo egingo dudanak aurrez egin dudanak bezainbeste edo gehiago apasionatu behar dit».