«Azken sei hilabeteak ez dira errazak izan niretzat, lesioen erruz ia jokatu gabe nengoelako. Baina taldekide berriekin entrenatzaen hasi eta, ño!, elkarrekin denbora luzean ari garela lanean dirudi!». Lara Gonzalez eta Gracia Alonso de Armiño –‘Grace’, Lara Gonzalezen hitzetan– aurkeztu ditu ostegun honetan IDK Euskotrenek. Ostiralean VI. Olarizu Trofeoa jokatuko du talde donostiarrak Gasteizen, baina Endesa Ligako hurrengo neurketa ez zaie urriaren 7ra arte iritsiko. Beraz, ohi baino lasaitasun handiagoz, iaz Zaragozan Kopa irabazi eta aurten Donostiara etorri den jokalari bikoteak bere testuinguru berria azaldu du.
«Apirilean talde gehienak ixten ari ziren 2023/24 denboraldiari begira eta Zaragozan zernolako lekua izango nuen ez neukan batere argi. Hala, nire agenteak IDK Euskotrenek nigan interesik bazuela esan zidan. Handik gutxira taldearen eskaintza zehatza azaldu zidan eta ez nuen zalantzarik egin. Egia da aurrez etxekoekin hitzegin nuela Donostiara itzultzeko balizko aukera honi buruz, eta noski, etxekoak pozarren zeuden ideia horrekin, baina haiek ere ez ninduten behar baino gehiago estutu nahi. Dena den, IDKren eskaintza ikusi eta gero, agenteari garbi esan nion gehiago ez bilatzeko eta etxera itzuliko nintzela», azaldu du Lara Gonzalezek.
Dagoeneko 29 urte ditu antolatzaile donostiarrak eta Azu Muguruzaren esanetara bigarren aro bat egingo du azken bi denboraldietan Zaragozan maila oso duina eman eta gero.
«Ez naiz lehengo bera; hala behar du gainera. Heldutasuna izan liteke, ez dakit, baina bai Azurekin –Muguruzarekin– zein beste kideren batekin zerbait komentatzeko, lehen izango ez nukeen ausardia eta batez ere naturaltasuna sentitzen dut orain. Bi urte hauetan aurrez pentsatu ere egingo ez nituen bizipenak izan ditut eta eskarmentu horrek heldutasun puntu bat eman dit orain taldearekin lan egiteko. Hargatik, erabat berria den talde baten lanean hasi arren, badirudi elkarrekin betidanik gabiltzala, eta hori gauza handia da», azaldu du Lara Gonzalezek.
Baita, azaltzen hasita, aurrez hain ezaguna ez zitzaion nolabaiteko handinahia ere. «Kopa irabazi berritan nator etxera. Nahitaez, anbizio handia daukat eta oso lehiakor sentitzen naiz. Kopa jokatzea eta play-offetara sailkatzea izan behar da gure helburua», azpimarratu du jokalari gipuzkoarrak.
Bi saskietan eraginkor
Zaragozako izaera berezia edo «rasmia» delakoaren ikur bihurtu zen pasa den Kopan Gracia Alonso de Armiño bilbotarra. Aurrez «Defentsa Ministro» ezizena jarri zioten hegaleko bizkaitarrari zale aragoitarrek, baina Kopako finalean ere argi geratu zen erasoan ere badakiela jokatzen, batik bat Vega Gimeno taldekidea –hegalekoa bera ere– epaileek egotzi eta gero kiroltasunaren kontrako falta bat eta falta tekniko bat pilatu ostean. Gimenoren lekua bikain bete zuen bilbotarrak eta atzetik aurrera egin ahal izan zuen Zaragozako taldeak.
«Badakit nire betebehar ohikoena aurkari ahalik eta puntu gutxien sartuta uztea dela», onartu du bizkaitarrak, «baina horrekin ez nago konforme. Alegia, jokalari osoa izateko saski bietan izan behar duzu eraginkorra, eta ideia horrekin etorri naiz hona, nahiz eta jakin beste taldekide batzuek nik baino erraztasun handiagoa dutela puntuak sartzeko», gaineratu du.
«Aukera ezberdinak nituen esku artean, baina Azu Muguruzarekin hitzegin nuenean, konfiantza handia transmititu zidan, eta nire gaitasunak nola egokitu buruan zerabilkion ideia aipatu zidanean, horren alde egitea erabaki nuen», laburbildu du Gracia Alonsok bere fitxaketaren nondik norakoak azaltzeko orduan.
Zaragozan eta Estudiantesen ez ezik, Gernikan eta Kutxabank Araskin ere jokatzea zer den badaki jokalari bilbotarrak. «Ezberdintasuna beste klubekiko honek familia bat dirudiela da», azpimarratu du. «Taldeko zati zarela sentiarazten dizute, batez ere taldeko zeinahirekin komunikatzeko jartzen dituzten erraztasunak eta gardentasunari esker», gaineratu du.
Liga txapelketaren berdintasuna azpimarratu dute biek ala biek aurkezpenaren amaieran. «Europako liga onenetako bat da hau eta azpitik datozen zenbait klubetan dirua sartu dela ikusteak lehiaketa biziberritu eta interesgarriago bihurtzen du», adierazi dute jokalari biek aho batez. «Harro egoteko modukoa da Europan ere puntan dabiltzan aurkarien kontra lehiakor izan gaitezkeela ikustea», gaineratu du Gracia Alonsok.