Bizkaia-Durango taldearen desagerpena iragarri du Eukene Larrarte txirrindulariak. Azken bi urteak talde bizkaitarrean eman ditu eta hurrengo urterako, errepideko diziplinan, talderik ez duela aurreratu du tolosarrak, Euskadi Irratiko ‘Faktoria’ saioan emandako elkarrizketan.
Bestalde, NAIZek jakin ahal izan duenez, desagerpena ez da guztiz ziurra baina etorkizuna kolokan egon daiteke. Bai eta Sopela taldearena ere. Biak ala biak UCI Kontinental mailakoak dira.
Zenbait faktore batzen dira egoera kezkagarri honetan eta indar gehien UCI (Nazioarteko Txirrindularitzako Batzordeak, ingelesezko siglen arabera) ezarritako araudi berria betetzearen zailtasunak dira. Hala ere, Sopela taldeko zuzendari Emilio Ramosek NAIZi argitu dionez, honen ezarpena 2025erako zegoen aurreikusita baina Espainiako Federazioak aurreratzea erabaki du.
Hala, gutxieneko baliabide batzuk exijitzen ditu –soldata minimoa, esaterako, 26.849 euro izatea– eta zifra horiek bermatzeak sekulako zailtasuna suposatzen du Bizkaia Durango edo Sopela bezalako taldeentzat, beren inbertsioa hirukoiztea suposatzen baitu. «Ezinezkoa zaigu 600.000 euroko aurrekontua», adierazi du Ramosek
Hala, Sopelatik hartu duten erabakia da 2024. denboraldia hutsean utzi eta itzaleko lanean segitzea, baliabide eta baldintzak dituztenean taldea osatu asmoz. Alegia, gaztelua teilatutik eraiki baino lehenesten dutela behetik hastea, klubaren etorkizuna ez baldintzatzeko.
Bestalde, aurreratu du Espainiako Federazioak kasik ordezkaririk gabe geratuko dela UCI Kontinental mailan, Katalunia, Kantabria eta beste lurralde batzuetako taldeentzat ere ezinezko baldintzak direla. Eneicat –Eneritze Iturriaga abadiñoarraren taldea– eta Laboral Kutxa izan daitezke bakarrak, alegia.
Hain zuzen ere, Laboral Kutxak denboraldiko azken bi lasterketak lehiatuko ditu egun hauetan. Giro dell'Emilia (1.Pro), irailaren 30ean, larunbatean, eta Tre Valli Varesine (1.1), urriaren 3an, asteartean. Usoa Ostolaza, Nadia Quagliotto, Marta Romeu, Debora Silvestri, Mireia Trías eta Eneritz Vadillo dira bi lasterketak lehiatuko diren sei txirrindulariak, Ion Lazkanoren zuzendaritzapean.
«Taldeak Italiako maila handiko bi klasiko entzutetsurekin itxiko du denboraldia, World Tour hainbat taldekin. Gure helburua azken lasterketetako bera da, UCI puntuak batzen jarraitzea, sailkapenean ahalik eta gorenen amaitzeko. Taldea gogotsu da, urtea ahalik eta ondoen amaitzeko gogoarekin, eta 2023. urtea aho-zapore onarekin agurtzen saiatzeko», adierazi du Lazkanok.