NAIZ

Olatu handiengatik alerta indarrean delarik 73 gizonezko bat hil da itota Angelun

Mareen koefizienta altuak neurtzen dira egun hauetan Kantauriko kostan. Olatu handiengatik alerta piztua bada ere, jende anitz bertaratzen da, eguraldiak lagun, hondartzetara. 73 adineko estatubatuar bat ito zen ostegun arratsaldean Urrezko Hondartzan, Angelun.

Itsas mareen koefiente altua dela-eta abixua pizturik da Lapurdiko kosta osoan.
Itsas mareen koefiente altua dela-eta abixua pizturik da Lapurdiko kosta osoan. (Guillaume FAUVEAU)

Gaur eta bihar alerta piztua da Lapurdiko kostan. Mareen koefiziente altua izanik, itsasoan jarduten diren surfista eta bereziki bainuzaleei zuzenduriko oharra zabaldu dute berdin Pirino Atlantiko Prefeturak zein herriko etxeek.

Hilabete hasieratik sorospen zerbitzuak ez daude Lapurdiko hondartzetan. Alta, azken egunetako tenperatu altuek bisitari anitz erakarri dituzte areatzeetara.

Sare sozialetan bideoak bolo-bolo dabiltza jendeak, arriskuari muzin eginez, hala nola Biarritzeko portuaren hondartza txikian itsas-gora ikusgarri horietaz gozatzen.

Izan ere, itsasoak indarra handia duenez ezbeharrak gertatzeko arriskuak neurrian hartzeko deia egin dute erakundeek.

Maleruski, istripu larriaren berri eman du irailak 29 honetan France Bleu irratiak. Ostegun arratsaldean, 73 urteko gizonezko bat ito zen Urrezko Hondartzan (Sables d'Or) Angelun.

Hondartzan sorosleek ez bazegoen ere gizona itsasoan sartu zen arrats hondarrean igeri egiteko, hain zuzen olatu handiak ziren unean, 18.30ak pasatxo.

Alta, berehala itsasoaren erresaka handiak urertzera berriz itzultzeko galerazi zuen.

Hondartzan ziren beste bi lagunek saikera bat egin zuten Californiatik heldutako gizona salbuan jartzeko.

Kostata bada ere itsasotik ateratzea lortu zuten Hura suspertzeko sorospen ariketak egin zizkioten, baita alferrik izan zen.

18.51ean jaso zuten sorospen zerbitzuek deia, baina hondartzara heldu zirenerako, gizonezkoaren heriotza baizik ezin izan zuten baieztatu.

Istripuuaren berri izan bezain pronto Angeluko auzapeza Claude Olive Amodio Ganbara auzoan kokatzen den Urrezko Hondantzara bertaratu zen.

Oharra gaurko itsas-gorari begira

Gaur eta bihar oraindik ere mareen koefiziente altuak izanen dira Lapurdiko kostan soilik ez baita Errobi, Aturri edo Uhabia ibaietan ere.

Hartara ibaiak gainezka egiteko arriskuagatik alerta piztua da 16.00etatik 19.00tara.

Ibai horien ertzeetan bizi diren laguneei ohiko zuhurtziarekin jokatzeko deia egin diete. Hala nola, komertzio lokaletatik eta beheko solairuetatik altzariak eta orohar balio dituzten gauzak atera ditzaten, ahal den neurrian kalteak ekiditeko.